Aritz Galarraga.
Hasier Etxeberria hil da. IRITZIA

Letren lurraldera

2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hasier Etxeberria joan da, diote. Inoiz etorri izan zen gurera, ordea. Zer eta mahai-inguru batean parte hartzera. Periodikoan telebistari buruz-edo idazten genuelako jarri gintuzten haren ondoan. Esan baino entzun egin genuen gehiago, ikasi. Eta ez bakarrik mahaiaren bueltan: egun osoko master class bat izan zen hura. Nola egiten den literaturari buruzko saio bat euskaraz. Nola irauten duen hainbeste urtean zehar pantailan. Nola batzuetan lagungarriak diren irudimena, malezia, zolitasuna halako tarte bat aurrera eramateko. Jakingarria izan zen entzutea, adibidez, nola gobernatu zuten Paul Austerren bestondoa, nola salbatu zuten Claude Lanzmannen zakur aldartea. Baina, besteren gainetik, egun hartan ikusi genuen badela Euskal Telebista maite duen jendea, Euskal Telebistako langiletzat daukana bere burua, eta jende horrek tira egiten badio, bada, agian ez dagoela den-dena galdua. Aterako dela agian ETB aurrera. Ez agian orain ezagutzen dizkiogun ezaugarriekin; bai agian ekarrita neurri arrazoizkoagoetara. Ez agian audientziak eta portzentajeak eta numeroak pilatzearekin obsesionatuta; bai agian bueltatuz hasieretako asmoetara.

Literaturaren bitartez izan nuen Hasier Etxeberriarekin lehen harremana. Haren liburuak, haren irakurketak, haren kontaktuak. Telebista etorri zen gero. Eta hor ere asko ibili arren —Zopa haundi, Arkupe, Farenheit, Beti eskamak kentzen, Babel, Ez dago larrosarik—, Sautrela-rekin lotuta gogoratuko dut beti, noski. Berriz ere literaturara buelta —bakoitza bere bizioak bizi du, zer nahi duzue—. Ikustea Marie Darrieussecq, Quim Monzó, ikustea Antonio Tabucchi, Enrique Vila-Matas, euskal autoreak ikustea. Eta ikustea aurkezle bat horien guztien tamainan, egonarriz, savoir-faire miresgarri batez, gure Bernard Pivot partikularra. 2016ko ekainaren 25ean aurkeztu zuen azken aldiz Sautrela. Ikus-entzuleari eskerrak emanez agurtu zuen ekinaldia: «gaur dugu azkena; baina irailean, dena ondo bidean badoa, hementxe egongo gara, osasunak laguntzen badigu, bederen». Osasunak ez zion lagundu. Baina Sautrela-k jarraitu du aurrera, jarraituko du, jarraituko duten bezala Hasierrek utzitako lan guztiek. Guk gure partetik, eta hark gaztigatu bezala, jarraituko dugu zintzo ibiltzen. Ala ez. Hasier Etxeberria joan da, diote. Zalantzarik ez daukat, literaturaren eta letren lurraldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.