Euskaratik aparteegi

Hizkuntza arrotza da oraindik euskara sarritan Ertzaintzan: 8.000tik 3.000k dakite pixka bat; 147k dute maila jasoa. 2017. urterako asmoekin prestatu duten plangintzarekin hobera egingo dela dio Jaurlaritzak: «Egin behar da».

Arantxa Iraola -

2014ko abenduak 9
Teorian, eta praktikan ere bai, lehen hizkuntz eskakizunarekin gai zara harreman arrunt bat izateko euskaraz herritar batekin». Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Zerbitzu sailburuorde Iñaki Gurtubai (Basauri, Bizkaia, 1964) ertzainen lehen hizkuntz eskakizunaz ari da —administrazio orokorreko bigarren eskakizunaren pareko—, horixe baita ertzainen artean egun, bere urrian, orokorrena. Euskara maila jasoa dutenak oso gutxi dira —ertzainen bigarren hizkuntz eskakizuna—; 8.000 ertzain daude, eta, azken datuen arabera, 147k baino ez dute, esaterako, EGA.

Erabateko konfiantza du Gurtubaik berriki Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintza euskalduntzeko atondu duen planean. Urriaren 23an aurkeztu zuen Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak Eusko Legebiltzarrean: ia erdara hutsean. Hasierako hitz bakanak besterik ez zuen egin euskaraz. «Aldats gora egiten zait oraindik ere», aitortu zuen. Eta sailean ere, halaxe dabiltza beste asko eta asko. Euskalduntze prozesua motel joan dela onartu zuen sailburuak. Aldiz, plan berriarekin urrats kuantitabo handia egingo dutela dio Gurtubaik: «Gaur egun 3.000 ertzain inguruk dute egiaztatua lehen hizkuntz eskakizuna. Gure asmoa da 800 ertzain gehiagori ematea gaitasun hori datozen hiru urteotan». Horretarako baliabideak jarriko dituztela azaldu du. Orain arte, esaterako, urtero 25 ertzain liberatzen zituzten euskara ikasteko. «Datorren urtetik aurrera, ehun ertzain liberatuko ditugu». Lan orduetatik kanpo euskara ikasten dihardutenei ertzainei—«hainbat eta hainbat ari dira»—, halaber, erraztasunak ematen jarraitzeko asmoa ere dutela nabarmendu du Gurtubaik.

Gainerakoan, denboraren joanean dute jarria esperantza Eusko Jaurlaritzan. «Ertzain berriak, ahal den neurrian, euskaldun izatea nahi dugu. Eta ez da asmo bat: lortzen ari gara ja. 24. promozioa orain abenduan hastera doa akademian, eta %92k badute ja egiaztatuta lehen hizkuntz eskakizuna; hori lehen aldiz gertatu da. Salto ikaragarria da: lortu dugu ia denek gaitasuna izatea jendearekiko harreman normalizatu bat euskaraz izateko. Eta are gehiago; erdiek-edo bigarren hizkuntz eskakizuna ere badute», azaldu du Gurtubaik. Datozen hamar bat urteetan 4.000 ertzainek —euskaldundu gabeak asko— erretiroa hartuko dutela azaldu du, eta sartzen joango diren ertzain berrien soslai euskalduna giltzarri izango dela aldaketa bultzatzeko.

Urte galduak

Hala beharko du. Izan ere, urte askotan eman den itxura izan da Ertzaintzak murru bat duela gainditzeko euskararen arloan. Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da. Hizkuntz urraketen gaineko kexuak jaso eta kudeatzen ditu. Segurtasun Sailean euskalduntzea oso motel joan dela dio. «Ertzaintza bera 1982an sortu zen, eta 1998an onartu zen euskararen normalizazio prozesua arautzen zuen lehen dekretua». Hamasei urte horietan Ertzaintza asko handitu zela gogorarazi du: ia erdara hutsean. «Urte horietan guztietan kontratatu ziren 7.432 ertzainei ez zitzaien euskaraz jakitea eskatu, eta lan deialdietan meritu gisara baloratu baino ez zuten egin», deitoratu du. Halaber, 1998tik aurrera egin den ibilbidea ere herrena dela pentsatzen du. «Prozesua ez da ezarritako helburu mugatuak betetzera iritsi».

Moteltasun horren ondorioak zinetan argiak direla dio Petriatik: «Ertzaintzak bere eguneroko jardunean euskal hiztunon hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen ditu. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak urtero argitaratzen dituen txostenak irakurtzea besterik ez dago hori horrela dela ikusteko. Ertzaintza erakunderik urratzaileenen artean agertzen da». Dudatan jartzen du, gainera, ertzainei eskatzen zaien euskara mailak komunikaziorako eskaintzen duen ahalmen benetakoa. Gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak berak berriki erakundeko laugarren euskara planaz egindako ebaluazioan aitortu duela maila hori —administrazioko bigarren eskakizuna—, «zereginen arabera», apalegia dela.

Bat dator Gurtubai kritika zenbaiten muinarekin. «Oso-oso gutxi egin da orain arte euskalduntze prozesuan». Baina ulerbera izateko eskatu du. «Betebeharrak oso nabarmenak ziren: jendea zaindu egin behar zen, bereziki urterik gogorrenetan». ETAk zihardueneko garaiez ari da. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ere plana Eusko Legebiltzarrean aurkeztean nabarmendu zuen ETA eragozpen izan zela Ertzaintzaren euskalduntze prozesua bideratzeko. Eta bada motibo gehiago. «Ordezkapenak egiteko ezintasuna ere hor dago. Ezin duzu hartu pertsona bat, pistola bat eman, eta behin-behineko ertzaina denik ezin diozu esan», adierazi du.

Abiaraztera doazen planari lotuta, aldea igartzen hasiko dela dio, ordea, Jaurlaritzako ordezkariak. Lehenetsiko dute euskaldun populazio handiena duten eremuetako ertzainak euskalduntzea, eta, hartara, euskara usuago entzungo dela dio. Nabarmendu du, gainera, Ertzaintzako buruzagiak ere bete-betean sartuko direla plangintzaren alde. Ezinbesteko deritzo:«Argi dago, nagusiak ez badira euskaldunak, askoz ere zailagoa izango da polizia etxe guztiak euskalduntzea». Eta aginte mailan gora egin ahala, gainera, hizkuntza ezagutza handiagoa behar dela badaki. «Eguneroko lanean ertzain batek ez du behar lehen hizkuntz eskakizuna baino gehiago. Baina gero, Ertzaintzaren egituran gora egitean, beharrezkoa da euskaraz gaitasun handiago bat izatea».

Trebatzaileak

Plan berrian trebatzaile programak —administrazio publikoan lehendik erabiliak— hasiko dituzte. «Ertzain batek nahi badu bere eguneroko lana euskaraz egitea, guk jarriko diogu trebatzaile bat denbora tarte batez laguntzeko». Bi-hiru hilabete barru hasiko dira horretan. «Eta lortuko dugu, gainera, akademian bertan ikasgai batzuk euskaraz ematea; tiroei buruzko ikastaroak emango ditugu euskaraz... Salto ikaragarria da Ertzaintzaren historian».

Harrera ona espero dute. «Kontra iritzirik ez dugu jaso sindikatuetatik». Badakite «erresistentziak» ager daitezkeela, baina ez dute aparteko eragozpenik esperok. «Zerbitzu publiko elebidun bat eman behar dugu lehenbailehen. Deserosotasunak sortuko dira, baina egin behar da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna