Beste kanpaina baten hasiera

Beltzak hil dituzten poliziak ez epaitzeak sumina eragin du AEBetan. Polizia gehiegikeria amaitu eta justizia eskatzeko, Washingtonen eta beste hainbat hiritan protesta egitera aterako dira gaur. 60ko hamarkadako eskubide zibilen aldeko mugimenduaren eredua hartu nahi dute.
Ehunka manifestari, New Yorkeko Times Square auzoan, Eric Garnerren hiltzailea ez epaitzeko erabakiaren aurka protestan.
Ehunka manifestari, New Yorkeko Times Square auzoan, Eric Garnerren hiltzailea ez epaitzeko erabakiaren aurka protestan. PETER FOLEY / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 13
Haserrea. Frustrazioa. Etsipena. Eta justizia egarria. AEBetan polizien esku hildako beltzen gertakariek sortutako ezinegona islatuko dute gaur Washingtongo kaleetan. «Nire senarraren heriotza ez da alferrikakoa izango. Azken hatsa eman arte borrokatuko naiz». Esaw Garnerren antzera, beste milaka lagunek protesta egingo dute AEBetako hiriburuan, Poliziaren gehiegizko indarkeriaren aurka. Eric Garnerren alarguna da Esaw. Uztailaren 17an hil zuen Daniel Pantaleo poliziak, ito arte lepoa estututa. Baina harena ez da izen bakarra: Rumain Brisbon, Tamir Rice, Akai Gurley, Kajieme Powell, Ezell Ford, Michael Brown... Luzea da zerrenda. Denek partekatzen dute ezaugarri berbera: beltzak ziren, eta arma gabe zihoazela hil zituzten polizia zuriek. Oso gutxitan izan ohi da segurtasun indarren aurkako epairik. «Justizia behar dugu. Norbaitek ordaindu behar du», esan du Esaw Garnerrek.

Gaur 10:30ean —16:30 Euskal Herrian— bilduko dira, Washingtonen, Askatasunaren Plazan, eta eguerdian hasiko dute martxa. AEBetako beste hiri handi batzuetan ere protesta egingo dute. Arazoa segurtasun indarren gehiegizko indarkeriaren erabilera baino sakonagoa dela erakusten dute datuek: gutxiengo etnietako kideak dira polizien biktimak, beltzak normalean.

Brownen eta Garnerren kasuak izan dira protestak piztu dituzten txinpartak, ez baitituzte poliziak epaitu ere egingo. Fergusonen (Missouri) eta New Yorken ez ezik —hildakoen jaioterriak, hurrenez hurren—, protestak herrialde osora zabaldu dira. Gaurko antolatutako ekintzekin kanpaina nazional bat hasi nahi dute, eta ahalik eta herritar multzorik zabalena bildu. National Action Network eskubide zibilen aldeko elkarteak deitu du protestara, beste elkarte batzuekin batera. Elkarte horretako presidente Al Sharpton apaizak eta hainbat biktimaren senideek gidatuko dute protesta.

Aldaketak nahi dituzte. Behar dituzte. Bai legeetan, baina bai kaleetan ere, polizia gehiegikeria eta haien zigorgabetasuna amaitzeko. «Arazoa azaleratu nahi dugu, argi gera dadin: epaimahai handiaren sistema hautsita dago. Ez dute gaitasunik Poliziarekin hilketa eta krimen aferak tratatzeko. Justizia Departamentuak eta gobernu federalak esku hartu behar lukete», azaldu du Sharptonek.

Izan ere, Brownen eta Garnerren kasuan epaimahai handiek erabaki dute polizien aurka kargurik ez aurkeztea. Sistema horretaz kexu da Sharpton. Soilik AEBetan erabiltzen dituzte gisa horretako aurretiko auzitegiak. Frogak aztertu, eta epaiketa bat hasteko delitu zantzu nahikorik ba ote dagoen ebatzi ohi du 23 lagunez osatutako mahai batek. Garnerren eta Brownen kasuetan, gehienak zuriak ziren.

Sharptonen iritziko, epaimahai handi horiek botere handiegia dute, benetako epaiketa bat bihurtzeraino. «Badaude Darren Wilson agenteak [Brown gaztea hil zuen, sei tiroz] modu desegokian jokatu zuela dioten lekukoak; zergatik ez epaiketa bat egin zuzenean? Epaimahaiak ebatziko du ondoren errugabea edo erruduna den», zioen ekintzaileak bere blogean, artean epaimahai handiaren erabakiaren zain zegoela. Garnerren hilketaren kasuan, lekukoak ez ezik bideo bat ere badago poliziaren jokamoldea erakusten duena. Biktimaren laguntza eskeak ere garbi entzun daitezke. «Grabazioak epaiketa bat bermatu beharko luke».

AEBetan estatu bakoitzari dagozkio Poliziaren eta Justiziaren eskuduntzak, eta ez gobernu zentralari. Baina estatuek justizia egiteko duten ezintasuna ikusirik, Washingtoni esku hartzeko eskatu dio Sharptonek. «Ezin dugu honela jarraitu. Fiskalen eta polizien arteko hartu-eman handia da, eta, hortaz, ezin dira ondoren agente eta polizia departamentu horien ikerketaz arduratu». Hilketek arrazakeriaren eta poliziaren jokamoldearen eztabaida azaleratu dute herrialde osoan. «Ondo dago hitz egitea, baina ekintzak behar ditugu».

Barack Obama presidenteak iragarri ditu hainbat neurri Poliziaren gehiegikeria amaitzeko. Lantalde bat eratuko du. Batetik, segurtasun indarrek erosten dituzten ekipamendu militarren murrizketak proposatzeko. Izan ere, Fergusonen ikus zitekeen moduan, munduko beste edozein gatazkatan armadak erabiltzen duen materiala erabili ohi du Poliziak. Bestetik, krimena gutxitzen saiatu nahi du, eta, aldi berean, erakundeekiko konfiantza sustatu. Horrez gain, 263 milioi dolarreko —212 milioi euroko— funts bat sortuko du Washingtonek, polizia departamentuei ikastaroak emateko eta uniformeetan kamera txikiak txertatzeko.

Justizia erreformatu

Baina justizia erreformatu ezean, zaila izango du Obamak gutxiengoen haserrea baretzea. Handia baita irekitako orbana. Fergusonen izandako istilu larriek erakutsi dute gutxiengoen eta erakundeen arteko amildegia sakona dela. Hands up don't shoot! (eskuak gora, ez tiro egin) lelopean eginiko protesta baketsuei bide eman zieten manifestarien eta polizien arteko borrokek.

Halere, Sharptonek gogorarazi du indarkeriarik gabeko borroka dela berena, 50eko eta 60ko eskubide zibilen aldeko mugimenduen antzera. «Gure arerioek sagar ustel gutxi batzuen ekintzak erabiliko dituzte gure mugimendua zikintzeko, baina gure borroka baketsua da, eta helburua, justua».

Justizia erreformatzeko aldarria da gaurko martxa. Orain 51 urte egin bezala, 1963an, Washingtonen eskubide zibilen alde oihukatuko dute. Orduan eman zuen Marthin Luther Kingek I have a dream (amets bat dut) hitzaldi sonatua. Mugimenduak eman zituen bere fruituak, eta bazterkeriaren aurkako legeak onartu zituzten gerora. Gaur, kongresuari eskatuko diote herritarrak defendatzeko eta babesteko. Sharptonek argi du horretarako bidea: «Ez gara isilik geratuko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna