Gainbeheratik ihesi

Sozialista Demokraten Mugimendua sortu du Papandreuk, Pasok utzita.

Lehen ministro izandakoak austeritate neurrien aurka egin du orain
George Papandreu, atzo, alderdiaren aurkezpenean.
George Papandreu, atzo, alderdiaren aurkezpenean. YANNIS KOLESIDIS / EFE

Adrian Garcia -

2015eko urtarrilak 4
Aspaldi aurreikusitako banaketa ofiziala egin du Georgios Papandreuk. Pasok Mugimendu Sozialista Panhelenikoa utzi, eta Sozialista Demokratikoen Mugimendua sortu du 2009 eta 2011 bitartean Greziako lehen ministro izandakoak. Atzo bertan aurkeztu zuen alderdia Atenasko Benaki museoan. Beste bat gehiago, urtarrilaren 25eko hauteskundeetarako lehian. Dagoeneko sobera zatitutako Greziako zelaia politikoa are gehiago banandu dezake alderdi berriak.

Papandreuk 2004 eta 2012 bitartean gidatu zuen Pasok. Haren aitak sortutakoa da alderdia. Izan ere, Greziako dinastia politiko iraunkorrenetako baten kide da Papandreu. Hark baino lehen, aitak eta aitonak bete zuten lehen ministro kargua.

2009ko bozak %44ko babesarekin irabazi zituen politikariak, baina Demokrazia Berria alderdi kontserbadorearekin eginiko gobernu itunak eta austeritate neurriak onartzeak Pasok hondoratu du. Azken inkesten arabera, botoen %5 inguru besterik ez lituzte jasoko. Ikusteko dago zein neurritan eragingo dien gainontzeko alderdiei Papandreuren apustuak. Pasokeko hainbat diputatu eta arduradun haren proiektura batu dira. Evangelos Venizelos Pasokeko buruak Papandreuri leporatu dio alderdia hautsi nahi izana. Halere, gutxietsi egin du zatiketa, ziur baita Pasokek gobernuaren «giltza» izango duela bozen ondoren.

«Sozialista autonomoak»

Troikatik proposaturiko austeritate neurrien aurka egin du Papandreuk. Demokrazia Berria kritikatzeko aukerarik ere ez du galdu. «Gobernatu zuten erak babesgabe utzi gintuen merkatuen aurrean. Defizita igo zen, eta infernuan sartzeko zorian egon da herrialdea».

2010ean troikaren lehen erreskatea onartu bazuen ere, Papandreuk azaldu du alderdi berriak krisitik ateratzeko «kanpoko inork inposatutako» plan baten alde egingo duela. «Grezian egindako plan batek emango digu indarra hartzekodunei esateko austeritatearekin aski dugula».

Alderdia sortzera bultzatu duten arrazoiak azaldu ditu lehen ministro ohiak: «Sozialista demokratek era autonomoan jokatzeko beharra dute. Ezin dugu eskuinaren atzetik joan. Bada garaia herrialdeko indar aurrerakoiek hurrengo pausoa emateko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna