Arrauna

Lehia bizitu egin da Eusko Label ligako sailkapenaren bi muturretan

Hamar jardunaldi igarota, postuen dantzak lehia zabaldu du. Kaikuk entrenatzailea aldatu du: Peio de Vega ariko da aurrerantzean

Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Lehia trinkoa izaten ari dira Eusko Label ligan ari diren hamabi traineruak. Orain arte emozio handiko txapelketa izan bada, joan den asteburuak are gehiago piztu du arraunaren maila goreneko sua. Bi jardunalditan bi garaile izan dira, eta bi egunetako postu dantzak eragina izan du sailkapenaren bi muturretan. Estutu egin da arrauneko liga nagusia.

Udak aurrera egin arren, lehia ez da argitzen ari. Alderantziz: pil-pilean jartzen ari da jardunaldiak igaro ahala. Sailkapenaren goialdean dauden ontzien kasua da. Urdaibai dago ondoen kokatuta; orain arte erakutsitako erregulartasunak sailkapenaren buruan jarri du, lau puntuko aldearekin. Bermeokoei gerturatzeko imintzioa egin zuen Santurtzik larunbatean, Hondarribian irabazi eta sailkapenean urdinen pare kokatuta, baina Ondarroan bederatzigarren postuan geratu zen Sotera, eta horrek bost puntura utzi du.

Tartean sartu da Orio; Jon Salsamendiren arraunlariek aurrerako urrats bat egin zuten igandean, eta bigarren postuaren jabe egin ziren bai estropadan, baita sailkapen nagusian ere. Bermeorengandik bi puntura kokatu dira, 93 punturekin; haien atzetik, berdinduta daude Santurtzi eta Donostiarra.

Antzera gertatzen da irabazleen zerrendarekin ere. Igandean lortutako garaipenaren ondotik, estropadaren bat irabazi dutenen zerrendara gehitu da Zierbena. Hala, ligako lehen sei ontzien artean banatu dituzte jokoan izandako bandera guztiak.

Zarautz, baleko

Lauso dago sailkapenaren beheko aldea ere. Jauzi egiteko aukera eman die Zarautzen egindako lan onak eta postuen dantzak, eta estutu egin da jaitsierako kanporaketak saihesteko dema. Enbata-k sailkapenean gainditu egin du Ares, eta puntu bakarrera du Ondarroa. Kaiku, berriz, gurutze bidean dago, azken aurrekotik 11 puntura, eta egoera irauli nahian, kaleratu egin du Carlos Rodriguez prestatzailea. Peio de Vega ariko da orain haren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.