Arraunean, berriz itsasora

Eztizen Duke Arraun Lagunak taldearen tostetara itzuli da aurten, iaz itsasoko kapitain izateko ikasketengatik utzita egon eta gero. «Behar dut itsasoa», dio.

Arraun Lagunak, neguko entrenamendu batean. Eztizen Duke ababorreko seigarrena da. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Itsasora begira Eztizen Duke (Portugalete, Bizkaia, 1999) ere bizi da. «Behar dut», esan du Arraun Lagunak taldeko arraunlariak. Eta, hain justu, behar horrek bultzatuta hartu du, batez ere, erabaki hau: itzuli egin da Lugañene traineruaren ababor aldera, aurreko denboraldian bete gabe utzi zuen horretara.

Duela bi urteko udazkenean esan zien adio taldekideei. Edo gero arte. Ikasketak zituen lehentasun. Itsasoarekin lotutakoak horiek ere: «Itsasoko kapitain ikasketak egiten nabil». Alderdi teorikoa amaitu, eta praktikoari ekiteko utzi zuen arrauna. Ezin biak bateratu: «Itsasora denbora luzerako joatea nuen asmoa praktikak egiteko, eta ezin nuen arraunean jarraitu».

Asmoak asmo, azkenean. Azaldu baitzen mundu osoa hankaz gora jarrita dabilen pandemia. Ezin praktikak egin Dukek. Ez da, baina, geldirik egotekoa, eta umetatik ezagun zuen mendizaletasunari heltzea erabaki zuen: «Mendiko lasterketei ekin nien». Oraintxe urtebete beteko da lehenengoa egin zuenetik. Zestoan (Gipuzkoa) izan zen, Kobaz Koba proba, eta «ezustea» haren hitzetan: hirugarren egin zuen. Pandemia berriz ere parean jarri, ordea. Bost lasterketa baino ez zituen egin ahal izan. Baina gustatzeko nahikoa: «Oso giro herrikoia dago hor ere, arraunean bezala». Urtea aurrera, eta erabakiak hartu behar aurtengorako. Mendian gustura, baina itsasoa falta. Arraun Lagunak buruan. Ikasketak. Eta mendia. Pandemia ere bai, nola ez: «Ziurgabetasun egoera honetan, nola ez dakidan zer bilakaera izango duen gizarteko egoerak, mendia eta arrauna uztartzea erabaki dut». Bi egutegiak uztargarriak dira.

Eta ikasketak? «Praktikak lehorrean egingo ditut, porturen batean, aukera dugulako horrela egiteko ere». Arrazoiak, arrauna eta Arraun: «Hitza eman diet denboraldia osatuko dudala, eta bete egingo dut». Itsasoarekin lotuta da berriz ere, traineruaren uberari segika.

Hasi da entrenatzen. Uretan, duela aste gutxitik. «Asteazken, larunbat eta igandetan joten naiz Donostiara, uretako entrenamendu egunetan». Joan-etorrian ibili behar. Udan ez da hala izango: «Traineru denboraldiko lehiaketa aldia Donostian igaroko dut».

Pozik itzuli da: «Iruditzen zait ez dela urtebete pasatu azkena egon nintzenetik». Taldean ikusi du aldaketa bat: «Urtetik urtera, psikologikoki indartsuagoa da Arraun, oztopo guztien gainetik. Ea emaitzetan islatzen dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.