Suizidioa. Hildakoaren ingurukoak

Ahotsa ozenduta

Abian dira suizidioren bat gertuan izan duten senitartekoek eraturiko elkarteak, sorburuko helburua gogoan: abarorik gabeko desertuan ibili behar ez izatea laguntza behar duten familiek.

arantxa iraola
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Abaroa, sostengua, babesa, elkar ulertzea...». Semeak bere buruaz beste egin ostean, oro mortu zen egun eta hilabete haietan, etxekoek zeren premia izan zuten ondo gogoan du Agustin Erkiziak, eta, hain justu, barrua husteko eta maite den norbaiten suizidioak eragindako doluaren lanketa behar bezala egiteko tokirik ez zegoela sentituta, Biziraun elkartea sortu zuten. Helburu nagusi bat dute: «Elkarri laguntza emateko taldeak sortzea». Talde bat martxan jarri zuten iaz Bizkaian; bigarrena eratzear dute. Badaki halakorik gabe ere gaiari aurre egiteko ahala baduela usu jendeak: «Oso gai pertsonala da». Baina premia ere ikusi dute. «Esaterako, bada jendea guregana etortzen dena gertuko baten suizidioa gertatu eta hogei urtera: plazaratzeko behar hori dute, baina ez dute momentu eta toki egokirik aurkitu». Antzeko sorburua du, Nafarroan, Besarkada elkarteak. Elena Aisa izan zen sustatzailea, semearen heriotzak eragindako minaren ordurik ilunenetatik irten berritan. «Izan ere, ezer ez zegoen: ezer ere ez». Eta dolu zailak dira: «Suizidioen ondoriozko doluak leherketa bat izaten dira sarri familietan: mugarri bat».

Min beretik pasatu direnen solaskidetza sendagarria dela uste dute biek, eta oinaze horrentzat ukendua aurkitzea zaila dela bestela sarri. Osasun sisteman, esaterako, doluaren berezitasunak lantzeko espaziorik ez dute aurkitu. «Gehienez ere, buruko arazoren bat den heinean aztertuko dute», azaldu du Erkiziak. Inguruan ohiko dituzten giroetan, gehiegitan, isiltasun murruak antzeman dituzte. «Pertsona bat istripuz hiltzen bada, edo minbiziaren ondorioz, aipatu egiten da; baina suizidioz hildako pertsona bat, nolabait ere, desagertu egiten da. Ez da hari buruz hitz egiten: ez da existitzen. Berriz hil egiten du jendeak: aipatzerik ere ez dute nahi. Dena da esatea lehenbailehen bizitzaren gurdira igo behar duzula berriro, ausarta izan behar duzula...», gogora ekarri du Aisak.

Prebentziorako ere beren aletxoa utzi nahi dute elkarteok. «Geure esperientziatik asko ikasi dugu. Gure etxekoen heriotza saihestu zitekeen ez dugu inoiz jakingo, baina dakigunari esker, aurrera egin daiteke», aletu du Aisak. Esate baterako, argi du Erkiziak gaia eskoletara-eta ere eraman behar dela. «Adierazi behar da atzera-bueltarik ez duela, eta inguruan uzten duela sarraski bat, ikaragarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.