Katalunia

Euroaginduaren harira, Belgikari laguntzeko prest dago Puigdemont

Cominek adierazi du berak eta presidente ohiak diputatu izaten segitu beharko luketela

Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak, JxCko diputatuak, pare bat egun igaro ditu Finlandian, Kataluniako prozesu subiranista pairatzen ari den errepresioa nazioartekotzeko lanean. Espainiako Auzitegi Gorenak hura eta erbestean dauden beste bost ordezkari politiko atxilotzeko eta estraditatzeko euroagindua aktibatu zuen herenegun iluntzean, eta gertaerak Finlandian harrapatu zuen. Hango agintariek jaso zuten euroagindua, Puigdemont atxilotzeko prozedura abiatu zuten, baina Jaume Alonso Cuevillas presidente ohiaren abokatuak baieztatu du Belgikara itzuli dela, eta, euroaginduaren harira, ziurtatu du hango Justiziari laguntzeko prest dagoela. Belgikak ere jaso du atxilotze agindua.

Ia egun osoan ez zen argi egon Puigdemont non zegoen. Finlandiako Poliziak jakinarazi zuen ez zekiela. Arratsaldean, baina, ohar bat kaleratu zuen Puigdemont hara gonbidatu duen Finlandiako Parlamentuko diputatuak, Mikko Karnak, eta iragarri Puigdemontek herenegun gauean alde egin zuela handik. Geroago baieztatu zuen albistea abokatuak.

Joan den azaroan, Auzitegi Nazionalak ezarri zuenean Puigdemonten eta erbesteratutako kontseilari ohien aurkako euroagindua, presidente ohiak bere kabuz jo zuen Poliziarengana. Deklaratu, eta kautelazko neurriak jarri zizkion epaileak. Hango Justiziak estradizioaz erabaki aurretik, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen euroagindua.

Antoni Comin ERCko diputatua ere Belgikan dago. Erbesteko Eremu Askea «blindatzeko» helburuarekin, berak eta Puigdemontek diputatu aktari eustea defendatu zuen atzo. Gabriel Rufianek (ERC), berriz, dimititu dezala aholkatu dio Puigdemonti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.