Etxerat-ek Bilbora joateko deia egin du, «ardura eta konpromisoagatik»

Urtarrilaren 10eko asteburuan espetxeko bisitari uko egingo diote senideek, Bilbon egoteko
Urtarrilaren 10eko manifestaziora joateko deia egin zuten atzo Etxerat-eko kideek, Bilbon.
Urtarrilaren 10eko manifestaziora joateko deia egin zuten atzo Etxerat-eko kideek, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Erredakzioa -

2014ko abenduak 17
Urtarrilaren 10a «konponbidea aldarrikatzeko eguna» izango da, Etxerat elkartearen esanetan. Egun horretarako, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa antolatu du Sarek, eta hara joateko deia egin du euskal presoen senideen elkarteak: «Ardura, konpromisoa eta etorkizun hobe baterako zubia eraikitzean, Bilboko ekitaldiak garrantzi handia izango du». Sarek deitutako manifestazioa isila izango da, eta 17:30ean abiatuko da, Casillatik. Horrekin bat egiteko dei egin die Etxerat-ek «giza eskubideen urraketen aurka» dauden guztiei.

Elkarteak uste du sakabanaketa politika amaitzeko «beste argi bat» jarriko dela Bilboko kaleetan, eta, horregatik, senideek espetxeko bisitari uko egingo diote egun horretan. «Itxaropenaren eta konponbidearen izenean» egingo diote uko euren senide eta hurkoak ikusteari. «Berlingo Harresia bezalakoa den espetxe politika betirako amaitzeko» urrats gisa, ez dira espetxeetara joango asteburu horretan. «Gure oxigenoari uko egingo diogu asteburu batez, Bilbon guztion artean haize bolada berriak sortzeko». Kartzelara bidean egon beharrean Bilboko kaleak beteko dituztela azaldu dute: «Mendeku politikaren aurrean konponbidea aldarrikatzeko; zubiak eraikitzeko eta espetxe politika honi betirako agur esateko».

Hori lortu bitartean, baina, senideak berriro egongo dira errepideetan 2015ean, sakabanaketa politikaren ondorioak pairatzen. Gogoratu dutenez, euskal presoen urruntzeak hamar istripu eragin ditu amaitzear den urte honetan, eta uste dute «badela garaia» giza eskubideen urraketa horri amaiera emateko. Ardura «guztiona» dela azpimarratu du elkarteak, sakabanaketak preso daudenenen eta senideen eskubideak urratzen dituelako.

Etxerat-ek jakinarazi duenez, urtarrilaren 10ean Nafarroa, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriko senideak udaletxetik aterako dira zutabeetan, eta Casillan bilduko dira Araba eta Bizkaikoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna