KRITIKA. Musika

Sibeliusen sutegia

2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: W.A. Mozarten 36. sinfonia (K425), Linz; eta J. Sibeliusen 4. sinfonia, op. 63. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilak 18.

Euskadiko OrkestrakW. A. Mozarten sinfonia batekin osatu du Europa iparraldeko airea ekarri behar zigun bigarren programaren lehen zatia, L. V. Beethovenen pianorako 1. kontzertua ordezkatzeko. Dakigunez, Mozartek azkar batean idatzi behar izan zuen oso-osorik gerora Linz ezizenaz ezagutu den 36. sinfonia: Salzburgotik Vienara zihoala Linz hirian geldialdia egin, eta bertako Johann Joseph Thun kondeak harrera berezia egin nahi izan zion, eta baita kontzertu bat emateko eskatu ere. Mozartek, noski, ez zeraman bertan zuzendu zezakeen ezer, eta zerbait berria idaztea otu zitzaion.

Gizaki arruntek azken momentuan entregatzen ditugun nola-halako lanetatik urrun, pieza liluragarria eraiki zuen berak. Tentsioz hasten du lehen mugimendua Adagio batekin, J. Haydn handian pentsarazten duena. Hasiera batean Euskadiko Orkestra giroan kostata sartuko zelako sentsazioa bazen ere, piezak aurrera egin ahala bizitasunez jantzi zuten, Andante con moto-an itzalekin jolasean. Bereziki dotorea oboearen eta fagotaren fraseatzea minuetaren duoan; Presto-a norabide garbiz gidatu zuten hariek.

Izaera arras desberdina dauka Jean Sibeliusen piezak. Bere egunkari pertsonalean sarritan erabiltzen zuen errementariaren analogia konpositorearen lana deskribatzeko; 4. sinfoniaren idazketan guztiz murgilduta, «metalaren lana forjatu eta zilarrezko soinuak modelatu» dituela idatziko du 1910aren maiatzaren 7an. Harmonia kromatikoez, eskala modalez eta tritonu ezagunaren erabilera sarkorraz hornitzen den musika hizkuntzaren miaketa zorrotza da emaitza.

Orkestraren trinkotasunak elegiaren itxura eman zion lehen mugimenduari, Juan Ignacio Emmeren biolontxeloaren ziztada irmoen laguntzaz. Treviñok dinamika eta ñabardura landuak erakutsi zituen Allegro molto vivace-aren ezegonkortasunean. Tronpek aipamen apartekoa merezi dute largo mugimenduan duten pedal paperagatik. Asaldatzailea den azken Allegro-an orkestra guztia fin, ingudeari azken kolperik eman gabe tonikaren etsipenean atseden hartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.