KRITIKA. Musika

Esku emankorrak

2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun

Labeque ahizpak



Pianoak: Katia eta Marielle Labeque. Egitaraua: Claude Debussyren Six épigraphes antiques, F. Schuberten Piano duorako fantasia fa minorren eta L. Bersteinen West Side Story. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 29.

Kursaal Eszenak hasiera batean programatuta zuen denboraldi klasikotik gutxi mantendu ahal izan da, baina ia egun batetik bestera kontzertuak atzeratu, aldatu edo bertan behera uzteak sortzen duen anabasari ohitu gatzaiola dirudi. Venice Baroque Orchestra eta Cappella Andrea Barcaren saioak hutsean geratu ostean, Katia eta Marielle Labeque pianisten emanaldia bikoitza bizigai suertatu zen. Ikuspegi propioaren garapena ez ezik, azken urteotan izan duten ekoizpen jori eta arrakastatsuaren isla ere izan zen.

1914. urtea ekoizpen urrikoa izan zen Claude Debussyrentzat; uztailaren 14ko eskutitzean Robert Godeti aitortu zion bere burua galduta ikusten zuela aspaldi, begi-ilun. Lehorte garai horretan, hala ere, Six épigraphes antiques obra sortu zuen azkenik, aurretik Les Chansons de Bilitis poema sortarentzat idatzitako materiala erabiliz. Maitasunak, sentsualitateak eta erotismoak zeharkatutako obra honetan, Labeque ahizpak tarteka motz geratu ziren pianoaren erregistroaren miaketan, hala nola Pour la danseuse aux crotales finaren staccatoetan.

Ondoren, programak ia ehun urteko jauzia egin zuen musikaren historian, 1828ra, hain zuzen. Franz Schuberten Piano duorako fantasia fa minorren obrak osagai guztiak ditu pianoa ardatz duen edozein kontzerturen gailurra izateko, zeinean konpositore vienarrak kontraste tematiko, tonal eta modal sakonetan murgiltzen gaituen etenik gabeko lau mugimenduetan. Labeque ahizpen berezko ezaugarria da batera lan egiteko duten eskarmentua, gaitasuna eta gustu ona. Hala ere, emanaldi osoan antzeman zen efektismorik gabeko distirak edo intentsitate faltak Schuberten pasarte bereizgarrienak kutsatu zituen.

Leonard Bernsteinen West Side Story jatorrizko soinu bandaren abestien gainean, Irwin Kostalek bi pianoentzat egindako moldaketa benetan gustagarriek itxi zuten kontzertua. Something's coming, Maria eta America entzutetsuetan, esaterako, nabarmenak izan ziren Katia eta Mariellen zentzuzko emankortasuna eta malgutasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.