Nafarroan erasotik estorbura

2016ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Trabatik estorbura jarri zion Lujanbiok goiburu bere asteroko iruzkinari Euskadi Irratian. EAErako oso irudi aproposa. «Euskadin», euskaldunon arazoa gehiago delako traba egitea, gure gizarte kolonizatuaren eta gure agintari asimilatuen nekea, utzikeria eta ezintasuna, (sarri) jasaten ditugun erasoak baino.

EAEko Unionista «moderatuek» nahikoa dute traba egitearekin, eraso ozenik egin gabe, muturreko unionisten itzalean. PSOE-PSEko buru Idoia Mendia Cuevak esan zuen bezala, «euskara normalizatuta dago». Bestela esanda, euskara PSOE-PSEren gustuko lekuan dago: azpiratuta, menpeko, bazterrean.Beraz, ez die merezi erasoka ibiltzea. Ustelduko da berez. Ustelduko gara, gurez. Abertzaleek ere ez baitiote euskarari hauspo gehiegi ematen.

Gertu-gertutik ikusi ahal izan genuen hori Lopezen agintaldian. Eusko Jaurlaritzan agintea hartu bezain laster, euskararen aldeko dinamika guztiak motelduarazi zituzten sail guztietan. Baina ez zen ezer gertatu, ez zen gehiegi igarri, hain ziren dinamika ahulak EAJk ezarritakoak ere. EAEko muturreko unionistak aldiz, PP eta bere kopia modernoak, etengabe ari dira erasoka.

Horra adibidez, Espainiako Gobernuaren Ordezkaria, azken udal euskaldunetako ordenantzak auzitara eraman eta eraman, euskarak inon ere ez dezan lehentasunezko estatusik lortu. Baina «berdintasunaren» aldarriaren mozorroaren babesean burutzen dituzte erasook, lotsagabe.

Bitxia da bestalde, euskalgintzatik nahiz alderdi abertzaleetatik Urquijokeriak salatzen direla, pertsonaia baten burutazioak balira lez, eta ez Espainiar Gobernuaren hizkuntz politika genozida.

Zein kostu dauka gure hizkuntzarentzat bi estatu handiren menpe egoteak?

Galdera horixe egin zuen Arnaldo Otegik Kursaaleko azken ekitaldian.

Maialen Lujanbiok enbidoa jaso, eta galdera haratago eraman zuen:

Ze kostu dauka euskararentzat espainolaren eta frantsesaren menpe egoteak?

Ze kostu dauka gure hizkuntzarentzat,espainolaren menpe egoteak?

Areago ere joan liteke. Adibidez, zein kostu dauka euskaldunontzat ordezkari politiko abertzaleek ere erdarari erabateko lehentasuna emateak?

Nafarroan are gehiago. Nafarroan muturreko unionistek harrokeriaz burutzen dituzte euskaldunon aurkako erasoak, «moderatuen» laguntzaz. Bozak biltzeko taktika gisa burutu ere. Nafarroan geratzen garen euskaldunak gutxi (%11) garelako, eta euskaldun kontzientzia urria eta zailtasun handiak dauzkagulako erantzun duin bat emateko ere. Eta badakitelako alderdi abertzaleentzat bazterreko auzia dela euskara. Badakite alderdi abertzaleek espainolez jarduten dutela egunerokoan, ez bada oso egokiera jakinetan. Eta badakite, besteak beste, nahikoa delako sare sozialetan ordezkari abertzale gehien-gehienen jarduerari erreparatzea, horretaz jabetzeko.

Eta zein kostu dauka nafar euskaldunontzat, ordezkari abertzale gehientsuenek espainolari erabateko lehentasuna emateak?

Eta zein kostu dauka euskaldunontzat, alderdi abertzaleek euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko politika zehatzik ez edukitzea?

Zeren eta egunotako unionisten eraso bortitzen aurrean, ordezkari abertzale gehienek emandako erantzunak, ez baitoaz itxurakeriatik askoz harago. Erasook mesede ere egiten dietela iruditzen zait. Gizartearen aurrean euskaltzale gisa agertzeko aitzakia ematen baitiete, bestela ezer gutxi egin arren.

Nahikoa zaie erasoen kontra agertzea hedabideetan, Herri-urratsean ikastolen ordezkariez inguratuta argazkietan agertzea, eta hurrengo batean Korrikaren paparrekoa jantzita agertzea.

PP-UPNk egina eman die kanpaina Nafarroako alderdi abertzale-erdaltzaleei euskararen auziari dagokionez. Eta euskaldunok, batzuen erasoen eta besteen arduragabekeriaren edo ezgaitasunaren artean bilatu beharko dugu bideren bat.

Maialen Lujanbiokhain egoki adierazi bezala, «horrela baitabil euskara, beti trabatik estorbura. Beti kolokan, beti azalean geratzen delako. Inork ez duelako benetan ardatzean jartzen».

Euskaldun bizi nahi dugunoi, zailtasunen aurrean hortzak estutu eta aurrera jotzea dagokigu.

Eta Maialenek esan bezala, zailtasunari helburu deitzea litzateke lehen urratsa. Horra erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.