Helene Alberdi. Triatleta

«Maila handia egongo da; oso zaila izango da iazko emaitza berriz lortzea»

MIKEL TABOADA BLANCO.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Helene Alberdik (Bilbo, 1991) ondo ezagutzen du gaur lehiatuko den zirkuitua, bere entrenamendu eremua denez gero. Zumaian bizi den bilbotar honek dio «maila izugarria» egongo dela irteera marran, baina duenik onena emateko prest agertu da.

Zarauzko Triatloia iritsi da. Nola egingo diozu aurre?

Indartsu iritsi naizela uste dut. Azken triatloian, Iruñean, ez nintzen guztiz gustura geratu izan nituen sentipenekin, eta nire helburua entrenamenduetako sentipen onak lasterketan ateratzea da.

Bigarren izan zinen iaz. Hori berriz lortzea duzu helburu?

Egia esan, ez. Lasterketan lortzen den postua ez da nire araberakoa soilik; besteek ezartzen dute maila. Nire helburua nire lanarekin gustura geratzea eta nire markarik onena egitea da, eta amaieran zer postutan geratzen naizen aurkarien mailak ezarriko du. Aurten oso maila handia egongo da, eta oso zaila izango da iazkoa berriz lortzea.

Izen handi asko daude lehen postuetarako.

Hori da. Esaterako, Judith Corachan eta Anna Noguera egongo dira; Munduko Txapelketan podiumera iritsi ziren. Mundu mailako bi neska dira; beste bi profesional ere badatoz, Suitzatik eta Frantziatik. Ez ditut horrenbeste kontrolatzen, baina ziur oso onak direla. Iaz baino maila handiagoa egongo da, eta zaila ikusten dut podiumean sartzea.

Halere, Noguerarekin lehian ibili zinen orain hiru aste, Iruñean.

Bai, baina ez dut uste berak zuen guztia eman zuenik. Iruditzen zait gehiago ibili zela indarrak neurtzen. Dakien bezala aritzen bada, aurrerago ibiliko da, eta Judithekin-eta gehiago ibiliko da aurrean, gurekin baino.

Ruth Britok ere hartuko du parte. Lehia izango duzue.

Bai. Aurreko lehiarako Anna [Noguera] eta Judith [Corachan] ikusten ditut, eta kanpotik datozenak ere hor ibiliko dira. Uste dut nire lehia pixka bat atzerago egongo dela, Ruthekin [Brito]; gainera, Euskal Herriko Txapelketa ere bada, eta bion artean jokatuko da.

Ondo ezagutzen duzu ibilbidea. Zeintzuk dira gakoak?

Ez dakit. Azken urteetan, igerian ezin izan dut lehiakideengandik ihes egin, eta aurten apur bat indartsuago egiten saiatuko naiz. Ea tartea zabaltzerik dudan. Badakit gero bizikletan aurrea hartuko didatela, baina ea haiekin pixka bat irauterik dudan. Zarautzen, indarrak ondo neurtu behar dira. Bizikletako ibilbidea gogorra da, eta, korrika ondo ibili nahi bada, indarrez iritsi behar da. Korrikara indartsuen iristen denak egingo du ondoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.