Hormek badute zeresana

Muralek, historia jasotzeaz gain, kultura eta artea sustatzeko aukera ematen dute; Euskal Herritik nazioartera, hamaika irudi daude deskubritzeko.

Bilbo
2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
MuralismoaMexikon sortu zen, 1920ko hamarkadan. Iraultzaren ondorioz, margolari talde batek horma zuriak erabili zituen, marrazkien bidez, irakurtzen ez zekien gizartearen gehiengoari mezu politiko eta sozialak helarazteko. Egun, harago doa, eta arte mota desberdin bat da. Etxeetako fatxadek eta kaleko hormek oihal zuriaren lekua hartzen dute, eta askok irudiekiko zaletasuna ogibide bihurtzeko aukera ikusi dute bertan.

Muralekiko begirunea txikitatik sortzen dela azaldu dute Getxoko 400muralismo elkartekoek. Iciar Nietok eta Miguel Atutxak, horma irudiak egiteaz gain, umeekin tailerrak prestatzen dituzte. Nietoren arabera, «margolaritzaren teknika haurtzaroan hasi behar da sustatzen». Hala, umeei gaitasun artistikoak garatzen laguntzeko, grafiti lantegia prestatu berri dute Bilbon. «Irudimena lantzen eta margotzen ikasteko aukera eskaintzen diegu».

Getxokoak horma irudi tradizionalen irudietatik aldentzen ahalegintzen dira. Baina bezero gehienek haien saltegia ondo idenfikatzen duen lan bat nahi dute. Hori dela eta, lan abstraktuak egitea «zaila» da. «Niretzat, askoz interesgarriagoa da irudi abstraktu baten aurrean bakoitzak gauza ezberdin bat ikusteko gaitasuna izatea», gaineratu du Nietok. Sorkuntza oso garrantzitsua da lan esparru horretan. «Mural bat sortzea marrazki bat egitea baino zerbait gehiago da». Horman margotzen hasi aurretik, erabaki eta aldaketa asko egin behar izaten dira, eta «zirriborro on batera heltzeak lan handia ematen du».

Lan konplexu baten aurrean, elkarlana funtsezko lanabesa da askotan. Horrexegatik, parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dute Gasteizko Muralismo Publiko enpresan. Veronica Werckmeister da enpresaren sortzaileetako bat, eta, haren iritziz, «edonor izan daiteke margolari, garrantzitsuena elkarlana sustatzea da».

Horma irudi bat egiteko, sei aste behar izaten dira oro har. Werckmeisterrek azaldu duen moduan, lehenengo biak, diseinua egin eta parte hartze dinamikak sustatzeko erabiltzen dituzte, eta beste laurak euskarria margotzeko. Gasteizko auzoetan lan egiten dute eta, askotan, auzotarrek ere parte hartu dute lantaldean. «Guregan konfiantza osoa ipintzen dute; izan ere, hasieran ez dakigu zer margotuko dugun», dio artistak. Lan horiek ez diote gasturik eragiten komunitateari; hala ere, fatxada ondo dagoela egiaztatu behar dute. «Irudia ezarriko den ingurua oso ondo ezagutu behar da, eta auzokideak oso lagungarri izan daitezke horretarako».

AEBetan jaioa da Werckmeister; Euskal Herrira etorri baino lehen, Chicago, San Frantzisko eta Filadelfian aritu zen muralekin lanean. Haren ustez, muralismoaren kultura aspaldikoagoa da han. «Euskal Herrian indibidualagoa izan da horma irudien lana, eta aldarrikapenak egiteko erabili da». Hala ere, azken urteetanmuralak berpizten ari direla azpimarratu du. «AEBetan, ia hiri handi guztietan, sorkuntza eta parte hartze proiektuak daude egun, eta hemen ere mugimendu horien susperraldi bat sumatzen ari gara pixkanaka».

Miguel Atutxak azaldu duenez, Internetekin asko globalizatu da horma irudien arloa. «Hasieran, hiri bakoitzak bere estilo propioa zuen; gaur, ordea, beste herrialdeetako lanak ikus daitezke klik bat eginda».

Munduko hormei so

Azken urteetan, hiri askok horma irudiei bultzada handia eman diete. Quebec hiriaren 400. urteurrena ospatzeko, 1999tik 2008ra bitarte, mural handiak margotu zituzten alde zaharrean eta Parliament Hill eremuko etxeetan. Horiek ibilbide turistikoetan ikusteko aukera dago, eta hiriaren historia eta kulturari buruzko gakoak ematen dizkiete bisitariei.

Baina kalean margotzen dutenek, askotan, fatxadak hautatu beharrean, garraiobideak eta horien inguruak aukeratu ohi dituzte. Horren adibide bat New Yorkeko metroa da; izan ere, lur azpian museo bat sortu dute. 70eko hamarkadan, grafitiz josi zituzten geltoki eta bagoiak. Horiek txukundu eta artea sustatzeko xedez, 1985ean Art for Transit proiektua sortu zuten. Horren bidez, hormak berreskuratzeko ahaleginak hasi eta aurretik izandako grafiti haiek mural bihurtu zituzten. Esanguratsuenen artean, Roy Lichtensteinek Times Square enparantzako geltokian marraztutakoa dago.

Baina horma irudiak ez dira beti toki ezagunenetan ezartzen. «Batzuetan, muralak hirietako erdigunetik urrun egiten dira eta, zenbaitetan, jendea erakartzeko balio izaten dute», azaldu du Werckmeisterrek. Horren adibide Buenos Airesko Boca auzoan (Argentina) dagoen Caminito kalezuloa da. Antzina, trenbide batek zeharkatzen zuen auzogune baztertu bat izan zen. Harik eta 1950ean Benito Quintela bertan bizi zen margolariak auzolanera deitu zuen arte. Horma gris eta zaharkitu haiek kolore biziz margotu zituzten. Irudi horietan, tango dantzariak, politikariak etaDiego Armando Maradona futbolaria ageri dira, besteak beste.

Badira kalean beste pertsona batzuen irudia goraipatzen dituzten beste herrialde batzuk ere. Bruselan, komikiaren sehaskan, Tintinek komikietatik etxebizitzetako hormetara jauzia eman du. Gainera, hiria beste modu batera bisitatzeko aukera ematen dute horma irudiek. Hala, Tintinen komikietako eszena ezagun batzuen bidez, hiria ezagutzeko ibilbideak antolatzen dituzte egun.

Baina, pertsonak goraipatzeaz harago, badira historia zati handi bat gordetzen duten hormak. Esaterako, Belfast edo Berlingoharresiak bisitatu daitezke XX. mendeko gertaerak ezagutzeko. Belfasten, Falls Road kalean daude herrialdearen gatazka agertzen duten mural gehienak, 2.000 baino gehiago, eta askok eduki politikoa dute.

Tolosan jaialdia

Alemanian, 1961etik 1989ra, Berlin bitan banandu zuen harresiak: mendebaldea eta ekialdea. Gerra Hotza amaitu zenean, bertan behera botatzea erabaki zuten; hala ere, 1.316 metro zutik geratu ziren. Egun, zati hori atari zabaleko museo bihurtu eta East Side Gallery izena eman diote. Guztira, 103 horma irudi daude. Azken urteetan, marrazki ugari berreskuratzeko proiektuak lantzen ari dira.

Muralak sustatzeko egitasmo ugari daude. Adibidez, Montrealen (Quebec) Live Murals jaialdia antolatu zuten joan den astean. Hango eta nazioarteko hogei artista ibili ziren hormak apaintzen. Montrealen bezala, Poloniako Lodz hirian ere muralak sustatzeko lehiaketak egiten dituzte. Azkena, 2009an antolatu zen, eta, 21 fatxadatan, nazioarteko zenbait artistak mural erraldoiak margotu zituzten. Eremu horri Urban Forms Gallery izena eman diote, eta datozen urteetan egitasmoa zabaltzea aztertzen ari dira. Izan ere, pareta horiek artea zabaltzeko aukera ematen dute, badutelako zer kontatu.

Euskal Herrian ere egiten dira antzeko jaialdi batzuk, Tolosan (Gipuzkoa), esaterako, bihartik hilaren 25era Beantatuz kale artearen nazioarteko jaialdia egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.