Milaka oinekin bat egin

Ibilbidea txukuntzeko lanean ari dira Lesakako Tantirumairu ikastolako haur eta gurasoak. Eguzkipean ospatu dute Nafarroa Oinez festa. Milaka lagun izan dira lau guneetan, eta antolatzaileek balorazio «hagitz positiboa» egin dute.

Ane Eslava.
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Milaka euskaltzale bildu ziren igandean Lesakan, 29 urteren ostean, berriro ere Nafarroa Oinez jaiaz gozatzera eta Tantirumairu ikastola babestera. Zifra zehatzik ez egon arren, prestatuak zituzten aparkalekuak bete zituztela azpimarratu dute antolatzaileek, baita ibilbideko lau guneak ere. Eguraldi bikaina izan zen, eta horrek asko lagundu zuen. Behin jaia baretuta, ibilbidea garbitzeko eta herria txukuntzeko garaia dute ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek.

Igande arratsaldean hasi ziren guneak desmuntatzen. Bost kamioi bete, eta Altsasura eraman zituzten, heldu den urtean jaia antolatzeko ardura Iñigo Aritza ikastolak hartu baitu. Atzo, irakasleak eta gurasoak ibilbidea garbitzeko auzolanean aritu ziren. Boluntario askoren laguntza izan zuten, eta ikastolako haurrek ere ahal zutena egin zuten: goizean goiz ikastola txukuntzen aritu ziren, eta, ondoren, gurasoekin elkartu ziren, ibilbidean.

Jaiaren egunean bertan lanean egon ziren boluntarioei esker aurreratutako lana azpimarratu du Aitor Iratzoki Tantirumairu ikastolako zuzendariak: «Guneetako zaborra biltzen eta gaika sailkatzen aritu ziren egun osoan; gainera, baso erabilgarriei esker, zaborra gutxitzen da. Sentsibilizazioa asko handitu da: jendea geroz eta kontzientziatuago dago».

Egunaren balorazio «hagitz positiboa» egin du ikastolako zuzendariak. Oraindik ez dute zifra zehatzik, baina jende asko joan zela ziurtatu du, eguraldia euren alde izan zutela, eta aurreikuspenak bete zituztela. Aurreko egunetatik jende asko bildu zen Lesakara, ehunka furgoneta eta autokarabana, eta jai giroa nabaria zen herrian, Joseba Lasarte Nafarroa Oinez-eko koordinatzaileak adierazi duenez. Igandean, goizean goizetik bete ziren aparkalekuak eta ibilbidea. Foruzaingoaren datuen arabera, 4.465 auto, 102 autobus eta 429 autokarabana elkartu ziren; azken horietako asko larunbatetik aparkalekuan zeuden. Iazko Nafarroa Oinez-eko zifrak baino apalagoak dira.

Irekiera ekitaldia Tantirumairu ikastolan egin zuten. Espero zuten baino jende gehiago joan zela eta babesturik sentitu zirela azpimarratu du Lasartek: «Ikastola aparte samar zegoen ibilbidetik; hala ere, jende anitz etorri zen zentroa bisitatzera. Politikariak ere izan ziren, bai Lesakakoak, baita Nafarroako Gobernukoak ere; ordezkaritza zabala izan zen». Beste batzuen artean, han izan ziren Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaeta Maria Jose Beaumont Barne kontseilaria.

Ekitaldian, Aitor Iratzoki zuzendariak eta Amaia Lasheras presidenteak «berezko hezkuntza eredua» aldarrikatu zuten: «Gure hizkuntza, gure kultura eta gure errealitatea errespetatuko dituena, eta berdintasunean, errespetuan eta jasangarritasunean oinarritua». Ekitaldia «hagitz hunkigarria» izan zela adierazi du Nafarroa Oinez-eko koordinatzaileak.

Atzerritik Lesakara etorritako hamabi familia ereomendu zituzten. Eskerrak eman zizkieten seme-alabak ikastolan matrikulatzeagatik eta euskararen alde egindako lanarengatik. Hori izan zen eguneko unerik bereziena, Lasarteren ustez.

Horrez gain, ikastolen arteko erronka «oso arrakastatsua» izan zela azpimarratu du, eta geroz eta jende gehiago erakartzen duela. Zangozako ikastolak irabazi zuen erronka. Haurrentzako gunean ere jende asko egon zela esan du: «Sarrera nagusia han zegoen, eta itzal gehien zuen gunea zen; egiten zuen beroarekin, jendeak itzala bilatzen zuen».

Gunerik jendetsuena, ordea, gazteena izan zen, bigarrena: Bertizenea. Iseo & Dodosound eta Trikidantz taldeen kontzertuetan jende mordoa bildu zen.

Lesakaren inguruaren ezaugarriak direla eta, aparkalekuekin kezkaturik zeuden antolatzaileak; horregatik, inguruko herrietan autoak uzteko tokiak egokitu zituzten. «Garraio publikoaren aldeko apustua egin genuen, jendeari pazientzia eskatu genion, eta Lesakako aparkalekuak bete zirenean inguruko herrietara bidali genituen. Horiek pazientzia behar izan zuten», adierazi du Lasartek.

Auto ilarak irteeran

Helduera eta irteera orduetan auto ilarak izan ziren. Foruzaingoaren arabera, trafikoa arina izan zen, oro har; baina goizeko azken orduak «kritikoenak» izan ziren, auto asko heldu baitziren. Irteera mailakatua izan zen, eta ez zen aparteko gorabeherarik egon, baina Sunbillako errepidean pilaketak izan ziren. Bestalde, Gurutze Gorriak hainbat lagun artatu zituen; urtero bezala, gazteak izan ziren gehienak, baina ez zen arazo larririk egon.

1.500 bat boluntariok lan egin zuten igandean Lesakan, eta aurreko egunetan ere ehunka lagun hurbildu ziren muntatzen laguntzera. «Lesakako herriak eta inguruko herriek ahalegin guztia egin zuten, eta larunbaterako jada dena egina geneukan», adierazi du Iratzokik. Aurreko hilabeteetan lanean aritu diren laguntzaile eta babesle guztiak ere gogoan izan ditu; Tantirumairu ikastola 67 familiak osatzen dute, eta jasotako laguntza «ikaragarria» izan da.

Urte osoan hainbat ekintza antolatu dituzte euskararen erabilera sustatzeko, memoria historikoa eta sormena lantzeko, eta jaiak sortzen duen kalte ekologikoa orekatzeko: Oinez Basoa, Oinez Gailurra, Artea Oinez eta Txikiak Handi. Artea Oinez erakusketa ibiltariaren arrakasta azpimarratu du Iratzokik: «Asko ikasi dugu; oso polita izan da».

Ikastolako ikasleentzat ere oso egun berezia izan zela azpimarratu du Lasartek: «Haiek ez dute Lesakan halakorik bizi; hau Nafarroa Oinez-en bigarren aldia da, baina lehena 1988an izan zen. 29 urte pasatu dira, eta belaunaldi honek ez zuen hura bizi. Hagitz pozik zeuden».

Jaiarekin ikastolak zituen helburuak erdietsi dituztela uste du ikastolako zuzendariak. Nafarroa Oinez-eko etekinekin egoitza berria eraikitzeko asmoa dute, orain dutena txiki geratu zaie eta. Horrez gain, euskarak Nafarroa osoan duen presentzia aldarrikatu nahi dute, eta ikastolak «behar-beharrezkoak» eta «euskararen gotorleku» direla gogorarazi. Auzolanaren aldeko apustua egin dute, eta belaunaldiz belaunaldi hezkuntza eredu propioa garatu nahi dute. Hori indartzeko baliatu dute Nafarroa Oinez jaia.

Lekukoa, Altsasura

Heldu den urtean, Altsasuko Iñigo Aritzak izango du jaia antolatzeko ardura. Lesakakoek igandean eman zieten lekukoa Ibai Iriarte Iñigo Aritzako zuzendariari eta Eneida Carreño lehendakariari. Une hori «hagitz polita» izan zela adierazi du Iratzokik, eta lana borobildua uzteagatik gustura geratu zirela; baina «pena pixka batekin». «Guk lekukoa utzi dugu gasolina bukatuarekin, eta haiek hartu dute depositu betearekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.