Semaforoek gidatuko dute elikadura

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Nutriscore etiketa sistema ezarri asmo duela elikagaietan; Frantziakoak iaz egin zuen. Produktuen kalitatea neurtzen du, eta koloretako grafiko baten bitartez erakusten: bost maila daude, berdetik gorrira, nutrizio kalitatearen arabera.

Andoni Imaz -

2018ko abenduak 18
Berdea bada, aurrera. Gorriarekin, ez jarraitzea onena. Semaforoak iritsiko dira Euskal Herriko saltoki guztietara. Elikagaien etiketetako informazio konplexua kolore batera ekarriko dute, eta agerian egongo da produktuen aurrealdean: kalitate nutrizionalik handiena dutenek kolore berdea eramango dute, eta txikiena dutenek, berriz, gorria.

Frantziako Gobernuak iaz erabaki zuten Nutriscore izeneko sistema erabiltzea elikagaiei etiketak jartzeko, eta, duela hilabete, bide hori bera hartu zuen Espainiakoak. Oraindik borondatezkoa da produktuei semaforoa jartzea; beraz, pentsatzekoa da kolore gorri gutxi ikusiko dela saltokietan.

Bost kolore eta bost letra ditu semaforoak: berde iluna, berde argia, horia, laranja eta gorria, eta A-tik E-rako letrak, argiago gera dadin. Algoritmo batek erabakitzen du produktu bakoitza non jarri. Batetik hamarrera neurtzen ditu elikagaiek dituzten osagai negatiboak —energia, azukreak, gantzak eta sodioa— eta positiboak —fruta eta barazkien ehunekoak, zuntza eta proteinak—. Bigarrenen emaitzari lehenengoena kentzean geratzen den zenbakiak erabakitzen du emaitza orokorra: zenbat eta altuago, orduan eta gorriago.

100 gramorekin egindako puntuazio partzial horrek «ez du produktu bat bere orokortasunean zehazten», Garazi Lizarraga dietista eta nutrizionistaren hitzetan. Horrelako etiketa sistema bat ezartzeak «lanketa osoago bat» eskatzen du, haren ustean, argi izanda zein den guztiaren helburua: kontsumitzaileari laguntzea egiten dituen erosketa hautuak ahalik eta osasuntsuenak izan daitezen.

Saltokiko produktuak modu horretan markatuta ikusita, haien artean zerikusirik ez duten elikagaiak konparatzearen tentaldian erortzeko aukera dago. Aurrez prestatutako arraina zerealekin alderatzeak ez du zentzurik, Manuel Moñinoren ustean. Dietista-nutrizionisten Eskola Ofizialetako Kontseiluko ordezkaria da Europako Dietista Elkarteen Federazioan. «Hori eginez gero, alderatuko genituzke berez oso ezberdinak diren eta dietan leku ezberdinak izan behar dituzten elikagaiak». Nutriscorek balio dezake produktu beraren eskaintza guztien artean dauden aldeak nabaritzeko, ez besterik.

Guztiek argi dute produktu berdeek ezin dituztela inola ere freskoak ordezkatu: «Honekin guztiarekin, gure elikaduraren oinarria elikagai freskoek izan behar dutela ahantz daiteke», beldur da Lizarraga. Berdez markatutako produktuak erostea ez da dieta osasuntsua izatearen baliokidea, ondorioz.

Obesitatearen aurkako prebentzio estrategiaren barruan jarri du neurria Espainiako Gobernuak, eta, Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan izandako esperientziak ez ezik, OME Osasunaren Munduko Erakundeak ere babesten du Nutriscore sistema. Alternatibak ere topa daitezke, ordea. Txilen, esaterako, eskelak edo puntu beltzak erabili dituzte osasungarriak ez diren elikagaiak markatzeko. Ondoren, eskelaren bat duten produktuen iragarkiak ematea debekatu dute. Lizarraga nutrizionistari ez zaio asko gustatzen «ona eta txarra bereizketa», baina horrelako markaketa bati ikusten dizkio alde onak ere: «Agian lagunduko luke esateak: 'Zereal kaxa honek azukre kopuru hau dauka, eta hau eragingo dizu'».

Halere, produktu bakoitzari kolore bat eman baino lehen egin beharreko gauzak ere badaude, haren ustean. Gizartea osasuntsuagoa izatea izanda helburu, hainbat neurri proposatzen ditu: «Debekatzea espazio publikoetan dauden vending makina guztiak, publizitate publikoa, marrazki bizidunetako irudiak eta pertsona famatuak erabiltzea; eta erreparatzea jangelei, ospitaleetako elikadurari». Uste du horrekin guztiarekin supermerkatuko produktuak ere beste era batera ikusiko genituzkeela, baina, kontrako bidea egiten bada, kosta egiten zaio etiketak irtenbidea direla pentsatzea: «Ospitalera joan, eta meriendatzeko gailetak ematen dizkidate».

Osasunerako osagarri

Kontsumitzaile askorentzat ez da berria elikagaiak semaforoekin sailkatzea. Eroskik hamar urte baino gehiago daramatza neurketa sistema propioa erabiltzen bere produktuetan. Alejandro Martinez Osasun eta Jasangarritasun zuzendariaren hitzetan, «aurrerapauso handia izan zen kontsumitzaileei lehen begiratuan erakustea produktuen errazio bakoitzak zeukan kaloria, azukre, gantz eta gatz kopurua».

Eroskiren semaforoa ez da Nutriscore sistemaren bera, nahiz eta antzeko itxura daukaten. Martinezen ustean, gainera, osagarriak ere badira. Eroskirenak errazioak hartzen ditu kontuan, eta Nutriscorek, berriz, 100 gramo. Osagarrien jatorria ere azaltzen du Eroskiren sistemak, baita sor ditzaketen intolerantziak ere. «Nutrizio etiketa mistoaren aldeko apustua» egitea erabaki du kooperatibak.

Espainiako Gobernuak Nutriscore sistemaren aldeko hautua egin zuenean, dagoeneko martxan zegoen Eroskin, «nazioarteko komunitate tekniko eta zientifikoak gehien babestutako sistema» delako. Gainera, bazkide bezeroen artean parte hartzeko prozesu bat abiatu zuten haien iritzia jasotzeko, eta, 10.000 bazkideren baino gehiagoren artean, %85 agertu ziren horren alde.

Horregatik, Martinezi «positiboa» iruditzen zaio Espainiako Gobernuak hartutako neurria, «ez duelako soilik Nutriscore aplikatzen», baina argi du Eroskik ez duela berea kenduko: «Ez da behin betiko etiketa nutrizionala, baizik eta etapa berri bat haren optimizazioan».

Martinezek esan bezala, etiketa sistema berria ez da obesitatearen aurkako egunean iragarri zuten neurri bakarra. Maria Luis Carcedo Espainiako Osasun, Kontsumo eta Ongizate Sozialerako ministroak asmo irmoa azaldu zuen «osasungarriak ez diren elikagaiak» ikastetxeetatik kentzeko. Banatzaileen esleipenek, catering zerbitzuek, kantinek eta vending makinek kalitate nutrizional jakin bateko irizpideak bete beharko dituzte. «Ezinbestekoa da espazio publikoak osasunaren sustatzaile bilakatzea». Adin txikikoentzako janari zein edariaren publizitatea gehiago erregulatuko dutela ere iragarri zuen Carcedok.

Nutriscore sistema «behin betikoa» ez dela erakusten zuten erreakzio ugari izan ziren iragarpena egin berritan. Izan ere, ustez osasuntsuagoak diren elikagai batzuek puntuazio okerragoa zuten kalitate okerreko beste batzuek baino. Oliba olioarena izan zen adibiderik argiena: gantz konposizioagatik, puntuazio eskasa lortu zuen Nutriscoren, zenbait edari karbonatatuk baino eskasagoa.

Horregatik, jakinarazi eta handik gutxira, ministerioak argitu zuen «Mediterraneoko dietara egokitu» behar zuela sistema, Frantzian ezarritakoa eredu hartuta. Horregatik, berehala esan zuten osagai bat baino gehiago dituzten elikagaiak bakarrik aztertuko direla etiketak jartzeko; beraz, nahiz eta Nutriscorek txartzat hartzen dituen osagaiak izan, kolore gorria eramatearen arriskutik kanpo daude olioa, arrautzak, eztia eta esnea, besteak beste.

Frantziako Gobernuak ere egokitu du sistema. Ez soilik olioa eta halako gantzen puntuazioa moldatzeko eta zenbait edariren emaitzak mugatzeko: gazta izan zen eztabaidako gai nagusia. Egindako aldaketekin, etxeko hegaztien %47 berde argia kategoriakoak dira (B), eta gazta erdi onduen %43, berriz, laranjakoak (D).

Frantziaren onarpena

2017an ezarri zuten sistema Frantzian, han ere enpresen borondatearen esku utzita parte hartzea, eta dagoeneko 90 enpresak eman dute izena. Aurten, Osasun Publikoa agentziaren arabera, frantziarren %14k dagoeneko erosi dituzte produktu Nutriscore etiketadunak. Gainera, kontsumitzaile gehienak gustura ageri dira neurriarekin: Frantziako biztanleen %87k pentsatzen dute derrigorrezkoa behar lukeela enpresa guztiek sistema erabiltzea, Osasun Publikoaren arabera.

Nutriscore gehiago heda dadin, Osasun Publikoak berak Open Food izeneko elkartearekin bat egin du, eta Open Food Facts izeneko aplikazioa jarri dute martxan. Datu base ireki eta kooperatiboa dauka aplikazioak, 200 herrialdetako 16.000 boluntariok sartutako 700.000 produkturekin. Elikagaien inguruko informazioa gardena izatea nahi du aplikazioak, eta, horretarako, bakoitzarekin inguruko xehetasun guztiak sartu dituzte bertan, enpresak Nutriscoren parte hartzea erabaki zein ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna