ETA. 1958-2018

ETArekin hitz egin duten euskal politikariak.

ETAren ia 60 urteko ibilbidean, euskal politikari batzuek hitz egin dute harekin, akordioak xede. 1977an, Joseba Azkarraga izan zen Xibertan, EAJren izenean. 1998an, Lizarrako itunaren aurretik, Rafa Larreina EAkoa eta Joseba Egibar EAJkoa. 2005-2007ko prozesuan, Jesus Egiguren (PSE-EE).
Joseba Azkarraga, joan den astelehenean, Gasteizko bere etxean, Xibertako 1977ko bileretako aktak ikusten.
Joseba Azkarraga, joan den astelehenean, Gasteizko bere etxean, Xibertako 1977ko bileretako aktak ikusten. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2018ko maiatzak 4

Joseba Azkarraga.

1977: aurretik finkatutako eskemekin





Duela 41 urte, 1977ko apirilean eta maiatzean, ETAren bi adarrak, EAJ eta zenbait euskal alderdi Xibertan (Angelu, Lapurdi) bildu ziren, akordio bat lortze aldera. Han zegoen Joseba Azkarraga (Agurain, Araba, 1950), EAJren EBBko ordezkarietako modura.

Monzonen saioari esker

«1977 hasieran, Telesforo Monzonek ETAren eta EAJren arteko bilera bat proposatu zuen. Ni orduan EBB kidea izan nintzen, eta badakit idatzi bat bidali zigula. Bileraren eskemaz hitz egin zen harekin, eta lortu zuen EAJ eta ETA batzea mahai batean bueltan. Hilabete batzuk lehenago, EAJk alderditik bidali zuen Monzon. 1977ko apirilaren 23an izan zen aurreneko bilkura, Xiberta hotelean. Eragile gehiago ere izan ziren batzar haietan. Bost bilera egin ziren, beti han.

Amnistia eta bozak

»Amnistia zen gako nagusia. EAJ 1976 bukaeran-1977 hastapenean hasi zen Adolfo Suarez Espainiako gobernuburuarekin hizketan Amnistia Legeaz. 1977ko ekainean ziren frankismo osteko lehen hauteskundeak. Batzorde bat sortu zen Madrilen, eta EAJren izenean Julio Jauregi senataria egon zen. Guk informazio ona geneukan amnistia ematearen aukeraz. Aitortu behar dut EAJk ez zituela gauzak behar bezain garbi azaldu, agian. ETAk ez zuen uste amnistia ekaineko hauteskundeen aurretik emango zenik.

»Hauteskundeetara denak batera aurkeztea ere eskatu zuen ETAk. EAJk ez zuen hori nahi, berak bakarrik aurkeztu nahi baitzuen. Gainera, EAJri ez zitzaion axola besteak ez aurkeztea, hartara bera bakarrik azalduko zelako Euskadiren interesen defentsan. Juan Ajuriagerrak EBBren bileretan askotan esaten zuen 1930ean Donostiako Itunean ez egonda aukera handi bat galdu zuela EAJk, eta esperientzia txar hark eragin zuen EBBn frankismoaren ondoren. Beraz, lehen hauteskunde haietan egongo zen, bakarrik, baita artean amnistiarik ez balego ere. Gainera, Madrilek bazuen elkarrizketen berri.

»Asko eztabaidatu zen Xibertan, baina hasiera samarretik ikusten zen ez zela akordiorik lortuko. Aldez aurretik finkatutako eskema batekin joan zen EAJ, eta, nire ustez, ETA ere bai. Porrot bat izan zen, porrot kolektibo bat. Galdutako aukera bat.

Txomin Iturbek pisua

»Hotelaren behealdeko toki batean bildu ginen: garbigunean. Bileran geundela, tarteka pasatzen ziren hoteleko langileak arropekin. Mahai lauki bat zen. Gure aurrean jartzen ziren ETAkoak, edo gu haien aurrean.

»EAJko ordezkariak Hegoaldeko lau lurraldeetako kide bana ginen: Juan Jose Pujana, Gerardo Bujanda, Koldo Amezketa eta laurok. 26 urte nituen. 1972tik nintzen EBBko kidea. Xibertako askok nik baino esperientzia politiko handiagoa zuten, baina asmo onez joan nintzen. ETAren izenean, Txomin Iturbe, Yoyes, Argala, Peixoto edota pm-ko Trepa zeuden, eta ikusten zen Txominek pisu handia zuela. Argala oso zorrotza zen, zehatza. Pm-koak, anbiguoak.

»Goiz eta arratsalde biltzen ginen. Bazkaldu, hotelean bertan. Bileretan atsedenaldi batzuk ere egiten genituen, eta ETAkoak normalki euren inguruko alderdiekin egoten ziren hizketan, baita bazkaltzen ere. EAJkook bakarrik egoten ginen, baztertuta bezala; inoiz laguntzen ziguten Jose Luis Elkoro Bergarako alkateak eta Jose Antonio Altuna Arrasatekoak. Beste alderdi batzuetakoak, eurak batzen ziren. Inoiz egoten ginen elkarrekin, futbolaz-eta mintzatzeko. Baina eguneko azken bilera bukatu, eta beti etxera.

»Nik, behintzat, ez nuen Xibertara iristeko segurtasun neurririk hartzen. Neure Renault 5arekin joaten nintzen Gasteiztik haraino.

Borroka armatua

»ETAren su-etenaz ere hitz egiten genuen. EAJk menia eskatzen zuen. Argalak esan zuen bazutela horretarako borondatea, betiere akordioa lortzen bazen Xibertan. EAJk beti gaitzetsi du indarkeria, baina frankismo garaian ez zuen ETAren aurkako posizio gogorra eta aurrez aurrekoa. EAJren lehen mobilizazio handia Xiberta ondoren izan zen.

»Legenda batek esaten du Txominek halako batean pistola bat jarri zuela mahai gainean. Hori ez da egia. Inor beldurtzeko inolako keinurik ez zen egon han.

»41 urte pasatu dira Xibertakotik, eta galdu izan ditugu beste aukera batzuk. T4koan salbu, esango nuke prozesuak haustearen ardura ez dela bakarrik izan su-etena apurtu duenarena; beste parteek ere izan dute erantzukizunik. Xibertan, denok».

Joseba Egibar.

1998-1999: ETArekin ere bai





ETArekin 1998an biltzen hasi aurretik, EAJ 1995eko udan ere batzartu zen harekin, Joseba EgibarEBBko kideak dioenez (Andoain, Gipuzkoa, 1959). «Uztaila zen. Oso gogoan dut, EAJren mendeurren garaia zelako eta orduko idatzia eman genielako ETAko ordezkariei». Bien arteko ondorengo harremana «epistolarra» izan zen, «gutuna gora, gutuna behera».

Garai berri bat

«1998an HBren Mahai Nazionalak, Ipar Irlandako prozesua abiapuntutzat hartuz, foro bat egitea proposatu zuen, eta EAJri argi eta garbi azaldu zion garai berri bat hasteko modua zegoela, haien erabakitasuna oso sendoa zela. 1997ko urtea nolakoa izan zen ikusita —Ortega Lara, Blanco, HBkoak kartzelara...—, bestelakoa litzateke egoera. Ezker abertzalearekin 1997ko uztaila baino lehenago legebiltzarrean bilera bat egin genuen, eta oso gogorra izan zen, baina harremanak segitu zuen. HBkoek esan ziguten Mahai Nazionala espetxera bidaliko zutela, baina euren erreferentzia berriak izango genituela. Halaxe azaldu zen Arnaldo Otegi. Artean nahikoa ezezaguna zen.

»Ajuriaeneko Itunaren azken pausoak ziren. Ardanzak plan bat aurkeztu zuen 1998ko martxoan, esanez hemen erabakitakoa Madrilek errespetatu beharko duela.

»Testuinguru horretan harremanak zeuden EAJren eta HBren artean. HBren izenean Otegi, Joseba Permach eta Iñigo Iruin azaltzen ziren. Gurean, Gorka Agirre, Juan Mari Ollora eta hirurok.

ETArekin bilerak

»ETAk bilera baterako proposamena egin zigun 1998ko udaberrian, eta uztailaren 30ean bildu ginen. Gorka Agirre eta biok joan ginen. EA ere bai, bere kabuz, Rafa Larreina-eta. ETAren aldetik, Mikel Antza bazen. Guk ETAri esan genion zergatik ez zegoen han HB, eta erantzun zigun ez zegoela beharrik. Akordiorako proposamena aurkeztu zigun ETAk [Euskal Herriko instituzio bakar eta burujabea sortzea; sinatzaileen konpromisoa akordioetarako eta dinamikak eragiteko; PPrekin eta PSOErekin akordioak bertan behera uzteko EAJk eta EAk; ETAren konpromisoa su-eten mugababea emateko], eta guk genioen ea aldatzerik bazegoen. ETAk, bere proposamena zela, eta guk, aztertuko eta erantzungo genuela.

»ETAk idatzian behealdean zioen su-etena lau hilabetekoa izango zela [meniaren lehen epetzat jo zuen, EAren eta EAJren konpromisoak egiaztatzeko]. Esan genien hori ere Otegiri-eta gero.

»Orrialde batekoa zen haien proposamena, eta EAk eta guk, abuztuaren 13an, atzean orri bat erantsi genion, akordioaren garapenerako zehaztasun batzuekin. Erantzunari buruzko bilera ETArekin EAJkoon autoan egin genuen. Atzean genituen inprimagailua eta ordenagailua, eta zigiluak ere bai, akordioa ixteko. ETAko ordezkaria ez zegoen ados edukiekin: idatzia hartu zuen eta martxa. Gero, eskutitz bat bidali zigun ETAk, kritikoa.

Garaziko gutuna

»Dena dela, irailaren 12an Lizarrako akordioa aurkeztu zen. Su-etena iragarri zuen ETAk, lau egunera. Urriaren 2an, ETAk gutun bat helarazi zuen Donibane Garaziko bilerara, eta eskatu nuen ez irakurtzeko. Izan ere, beste eragileok ginen akordioaren egileak. Ez zen leitu karta, eta ETAk gero kexa agertu zuen. Hala hasi zen Lizarra-Garazikoa; egoera perfektuak ez dira behin ere izaten.

ETA EAJ 'finantzatzen'

»ETArekin egindako lehen bileran, Gorka aurkeztu nuen, neure burua ere bai, 'eta, inporta ez bazaizue, zuek nortzuk zareten jakin nahiko nuke'. Gorkak, albotik, ukalondokoarekin kolpetxoa, ez al nituen bada ezagutzen. ETAko batek: 'Hire arreba ondo al dabil?'. Lizeoan elkarrekin aritu ziren, nonbait, eta jakin nuen bera Mikel Antza zela.

»Halako tokira geure autoan joaten ginen; handik beste toki batera eramaten gintuzten, begiak estaliak genituela, gure autoan gidari haietako bat zela. Agirrek esaten zien betaurrekoak kenduta nahikoa zela, ez zuela ia batere ikusten. Behin bidaia luzea izan zen —agian, bueltaka ibili ginen—; ni gidariaren ondoan nindoan, Gorka atzean, eta lo hartu zuen.

»Beste behin, gosea, eta ETAkoei galdetu nien ea al zuten bazkaltzen. Haiek: afaldu egiten zutela. Chiquilin gaileta bat atera nuen, Gorkak gazta puska bat, eta hantxe bukatu genuen. Zorrotzak ziren ETAkoak. Pixa egitera joateko ere atzetik genituen...

»Bilera baten ondoren Paue inguru horretan utzi gintuzten, baina handik gure autora iristeko bazegoen tarte bat, eta guk ez genuen dirurik. Diru pixka bat uzteko eskatu genien ETAkoei, bueltatuko geniela. Eman ziguten, eta artean zioten ETAk EAJ finantzatzeko keinu bat zela...

1999n berriro

»ETArekin 1999ko udan bildu ginen berriro. Giroa tentsoagoa zen jada. Proposamen bat aurkeztu zigun [Euskal Herri osoko hauteskundeak, eta legebiltzarraren eratzea]; irakurri genuen hantxe, eta iragarri genion ez genuela zuzendaritzara eraman beharrik, ezezkoa zela erantzuna, proposamena Euskal Herriaren errealitatetik kanpo baitzegoen. ETAk azaldu zuen su-etena teknikoki hautsita zegoela. Kale borrokako ekintza ugari zegoen orduan. EH saiatu zen eginahal guztiak egiten egoera bideratzeko, baina...

»Dena dela, 1999ko irailean Udalbiltza sortu zuten hautetsiek. Baina ETAk su-etena hautsi zuen abendu hasieran. Nik uste egoera ez zuela politikoki kontrolatzen.

Rafa Larreina.

1998-1999: kontzeptu antimilitarista





Lizarra-Garazi akordioa (1998ko iraila) heldu aurretik, ETArekin hizketan jardun zuten EAJk eta EAk, eta Rafa Larreina zen (Gasteiz, 1956) EAren ordezkarietako bat.

Enfrentamendu zibila

«1997an, enfretamendu zibil baterantz gindoazen euskal gizartean. Hori saihestu behar genuen. EAn oso kontzepzio antimilitarista izan dugu beti, eta giza eskubideen aldekoa. Neu asko markatu ninduen Jose Maria Portellen hilketak, 1978an. Hoja del Lunes -eko zuzendaria zen, eta harekin hitzordu bat egina nuen, unibertsitateko gehigarri baten proiektu bat zela-eta, baina bezperan hil egin zuen ETAk. Geroztik, indarkeria bukatzeko obsesio bat izan dut. Arazo politikoak konpontzeko bide politikoa erabili behar dela aldarrikatu dugu EAn betidanik. ETAren aldetik hizketarako gonbita jaso genuen 1998an, eta baiezkoa eman genuen, aipatutako helburuak izanik.

Idatziari eranskina

»Zeharkako kontaktuen ondoren, aurrez aurre bildu ginen ETArekin. 1998ko uztaila zen. Tentsioa zegoen bileretan. Haiek akordioa proposatu ziguten; orrialde batekoa zen testua. EAJri kolore bateko orria eman zion, EAri beste batekoa, eta ETArentzako orria beste kolore batekoa zen. ETAren zigilua zuen idatziak, gero besteok geurea jartzeko. Bi alderdiok handik bi astera hainbat zehaztasun erantsi genituen: esaten genuen burujabetza prozesuan denon artean aztertu behar zirela estrategiak-eta; instituzioen gobernabidea eta egonkortasuna izatearren, genioen EAJk, EAk eta HBren munduak ez bazuten nahikoa gehiengorik beste akordio batzuk egin ahal zirela, inor ez zela baztertu behar; eta, idatziak su-etenaren partean zekarren 'hornitze zereginak' zehaztearren, genioen meniak giza eskubideak errespetatzea eskatzen zuela. Ez zen akordiorik egon. Hala ere, irailean Lizarrako akordioa aurkeztu zen zenbait eragileren artean.

Madrilen presioa

»Jaime Major Orejak esaten zuen arazoa ez zela ETA, baizik eta ondorengo eguna, proiektu independentista. Madrilek HBren aurkako kriminalizazioari ekin zion, eta konponbidea hamar urte atzeratu zuen. Orain gauza berean ari da Kataluniarekin. Baita hemen ere. 1998an eta 1999an bildu ginen ETArekin, eta uste dut bazeudela Madrilen presioak. Baina baita ondoren ere. 2000ko uztailean Pirinio aldean ibili nintzen, eta behin, Aran ibarrean nengoela, kontrol batean gelditu ninduten. Ez nuen arazorik izan, baina gero batek ohartarazi zidan Guardia Zibilak zaintzan izaten zuela nire autoa. Eta abuztuan Abc-k deitu zidan, esanez su-etenera itzultzeko EA ETArekin harremanetan zela, eta Barne Ministeriokoak zirela euren iturriak. Erantzun nion gezurra zela. Ez zuten argitaratu, baina bistan da zein zen Madrilen jarrera.

Haustura jakiteko era

»1999ko azaroan Lizarra-Garaziko ordezkari batzuk Loiun ginela Venezuelara joateko, diasporari prozesua azaltzeko, jakin genuen ETAk su-etena hautsi zuela. Gara-n jakinarazi zuen hori, eta geuk hegazkinean leitu genuen».

Jesus Egiguren.

2005-2007: giza faktorearen garrantzia





J esus Egiguren (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1954) izan zen 2005-2007 prozesuko protagonista nagusietako bat, Batasunarekin eta ETArekin negoziatu zuelako. PSE-EEko presidentea zen.

Lehen hitzordua

«Arnaldo Otegik eta biok Txillarren gauzak nahikoa aurreratuta geneuzkala, ikusi zen ETA Espainiako Gobernuarekin kontaktuan jartzea. Egin genituen saio batzuk Vatikanoarekin-eta, baina azkenerako Otegiri esan nion zergatik ez zuen lortzen berak ETAren gutun bat eta nik gobernuarena. ETArenak niri François Maitiak ematen zizkidan, eta nik hari gobernuarenak. Kartak autoan aurrealdeko aulki ondoan uzten nituen, eta behin Espainiako Poliziak geratu ninduen kontrolean. Ezagutu egin ninduten, eta ez zuten begiratu auto barrukoa. Hala, behintzat, ETA-gobernua lehen bilera finkatu zen, 2005eko ekainaren 21erako: Genevan, Wilson hotelean. Pello Rubio Txillarrekoarekin joan nintzen, haren autoan. Hotelean sartu, eta sarreran lo hartu nuen. ETAkoak ez ziren orduan azaldu, eta Henri Dunant zentrokoek arratsalderako jarri zuten bilera. Ordubetekoa izan zen, nik hurrengo egunean Eusko Legebiltzarrean egon behar nuelako, inbestidura saioan. Autoa hartu, eta hona. Gero bakarrik joaten hasi nintzen, lagun bati autoa eskatuta. Josu Urrutikoetxeak esaten zidan trena seguruagoa dela.

Hoteletako oroigarriak

»Henri Dunantekoek Suitzan hoteletik hotelera eramaten gintuzten bilerak egiteko, eta normalki parkingetik sartzen ginen, misterio handiz eta une desberdinetan. Ez zuten esaten zer hotel zen, jakin ez genezan non geunden, baina nik beti hartzen nuen bertako oroigarri bat: poxpolo kaxa, boligrafoa… Beraz, badakit zein hoteletan egon ginen. Gero, Oslon beti hotel berean egon ginen, eta normal sartzen ginen barrura.

Josu Urrutikoetxearekin

»Josu Urrutikoetxearekin hasi nintzen biltzen, Genevan. Hura beti Jon Iurrebasorekin azaltzen zen; hark ordenagailua zeraman, eta oharrak hartzen zituen. Josuk eta biok lehen aldiz ikustean, bostekoa eman genion elkarri. Miguel moduan aurkeztu ninduten, eta Josu, George moduan; ez zen zentzuzkoa hori, ezagunak ginelako.

»Oslon Norvegiako Atzerri ministroa agertu zen behin, eta, aparte batean, esan zidan horrelako bilera askotan egon zela eta lehen aldiz ikusi zuela gobernuaren ordezkaria —alegia, ni— arropa plantxatu gabe, eta bestea, berriz, galtzak dena plantxatuta, jakarekin…

»Behin, Norvegiaren zerbitzu sekretuetako hegazkinean eraman gintuzten biok Genevatik Oslora.

»Josuk asko zaintzen zuen elikadura, eta kirola egiten zuen, lasterka. Madrilen esaten zuten gaixorik zegoela, nekatu egiten zela negoziazioetan eta horrelako istorioak, baina nik Rubalcabari esaten nion ondo ikusten nuela.

Negoziatu ez, kolaboratu

»Bileretako giroa oso ona zen. Josuk eta biok negoziatu baino gehiago kolaboratu egiten genuen, eta Henri Dunantekoak, harrituta. Giza faktorea tartean zegoen, haien ustez. Adin bertsukoak gara, aspalditik gaude kontu hauetan, euskaldunak gara… Norvegian elkarrekin bazkaltzen genuen, eta familiako kontuak-eta ateratzen ziren solasaldietan.

»Behin bakarrik haserretu ginen, Norvegian: egun batez oso berandu bukatu genuen afaria, hitzartutakoa ospatu baikenuen, eta neure gelara joan nintzenean, Rubalcabari deitu nion, eta esan zidan testuan zerbait aldatzeko; Josuk nirearen goiko solairuan zeukan gela, igo nintzen, jo nion atea eta azaldu nion aldaketa, eta haserretu egin zitzaidan, uste zuelako negoziazio teknika bat zela. Hurrengo egunerako bilera eskatu zion Henri Dunanti; elkarri esan genizkion gauzak orduan. Baina lortu genuen akordioa ixtea. 2005ean uztailaren 14an bukatu genuen aurreneko bilera saila. Frantziako festa delako daukat gogoan eguna.

»Bide orri bat osatzea zen helburua: Zapateroren adierazpena Euskadiko erabakiak errespetatzeaz; mahai politikoa eta teknikoa; ETAren su-etena; negoziazioan behatzaileak ere egotea...

Genevan gusturago

»Goizez biltzen ginen Genevan. Negoziatu orduan, eta arratsaldea, libre. Onak ziren baldintzak, beraz. Negoziatzen hasi ginenerako, dena buruan neukan; saiatu nintzen ETAk proposatuko zuena aurreikusten. Gainera, Suitzara joan aurretik, gatazken teoriak asko irakurrita nengoen. Arratsaldean oharrak-eta koaderno batean apuntatzen nituen. Zinemara ere joaten nintzen; hiruzpalau aldiz ikusi nuen El mercader de Venecia, negoziazio tipo bat delako.

»Neu Genevan lehen egonda nengoen, 19 bat urterekin, jatetxe batean laguntzaile. Henri Dunant egoitza jatetxe horretatik ehunen bat metrora dago. Oso ondo pasatu nuen han. Ez hain ondo gero Norvegian, bainuetxe batean egon ginelako eta herria oso inpertsonala zelako, eta, gainera, giroa ez zen txarra baina dagoeneko azaldu ziren arazoak, eta nahikoa deseroso egon nintzen.

Rubalcabari mezuak

»Nik, gobernutik, Rubalcabarekin hitz egiten nuen. Baina ahal zen gutxien deitzen nion, eta ez nion dena kontatzen, beti nahi izaten zuelako gauza batzuk murriztea. T4koa [2006-12-30] baino lehenago abisatu nion zerbait gerta zitekeela, ETAko ordezkaritza berriak esan zidalako erantzuteko asmoa zutela. Zapaterok T4koaren bezperan adierazi zuen urtebete geroago hobeto egongo ginela… Gaizki informatuta zegoen.

Bukaera, eta hasiera

»ETAk 2006ko martxoan eman zuen su-etena; kostatu zitzaion. Gero ordezkaritza aldatu zuen, eta ikusten hasi ginen hura ez zihoala aurrera. Elkarri leporatzen genion akordioa bete ez izana.

»Nire ustez, T4koan bukatu zen prozesua, 2007an berriro Genevan bildu ginen arren. T4an hasi zen sortzen bakea. Ezker abertzalean eztabaida bat hasi zuten ETAri eskatzeko buka zezala. Poliziak ere egin zuen bere lana. 2011ko urrian bukatu zen ETA.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna