Donostiako 82. Musika Hamabostaldia

Denboraldiaren hasierako notak

Euskadiko Orkestrak Musika Hamabostaldian ekingo dio denboraldiari. Lehen kontzertua datorren larunbatean emango du, Kursaalean

Erredakzioa
Donostia
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Urtero bezala, Euskadiko Orkestrak Donostiako Musika Hamabostaldian ekingo dio denboraldi berriari. Datorren larunbatean emango dute lehen kontzertua, Kursaalean, 19:30ean, eta Victor Pablo Perezen gidaritzapean arituko dira musikariak. 1980ko hamarkadan zuzendu zuen lehen aldiz orkestra Perezek, eta ordutik 50 kontzertu baino gehiagotan egin dute bat.

Perez ez ezik, beste hainbat lagun ere izango dituzte orkestrako kideek: Donostiako Orfeoia, eta, hura zuzentzen, Jose Antonio Sainz Alfaro; Iwona Sobotka sopranoa; Airam Hernandez tenorra eta Frederic Jost baxua. Programak hiru obra eskainiko ditu: Francis Poulencen Birjina beltzaren letaniak, Gabriel Faureren Arrantzaleen meza eta Ludwig van Beethovenen Kristo olibondoen mendian.

Grabaketak eta entseguak

Azken astean, grabaketak egiten ibili da orkestra; hurrengo hilabeteetan ezagutaraziko dute lan horren emaitza. Bestalde, Musika Hamabostaldiko kontzertuaren ondoren, abonu denboraldiko lehen programa prestatzen hasiko dira, Brahms Jaialdia: irailaren 27an izango da lehen kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.