Desberdintasunek batzen gaituzte?

Alba Fatuarte, Izaskun Duque, Arantza Urkaregi Etxepare
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Datozen egunotan, berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa hizpide, Desberdintasunek batu egiten gaituzte lelopean kongresua egingo da Bilbon, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak, Bilboko Udalak eta EUDELek antolatuta. Tamalez, topaketen izenburuak eskainitakoa errealitatetik oso urrun dago. Iraganean grisak ziren Bilboko paisaiak postaletarako koloreztu dituzte; politikak, alabaina, industriaren garaian bezain grisak dira. Izan ere, euskal jendartean berdintasuna lortzeko bidean, enegarren aukera galdua dugu hau.

Azalari erreparatuta, egitarau interesgarria ageri zaigu; baditugu primerako saioak, prestigiozko izenen bat... baina, hara! Inklusioa erdigunean jarri nahi omen duen kongresu honetan izena emateko, 550 euroko matrikula ordaindu beharra dago. Hori bai, izen-emateak barnean hartuko ditu hitzaldi saio eta gizarte jarduera guztien sarrera, bazkariak, kaferako atsedenaldiak, ongi etorri-harrera, gala-koktela eta Guggenheim museorako bisita barne. Ez dadila Puppyrekin eginiko argazkirik falta!

Matrikularen salneurria jakin ostean, gogora datorkigun lehen galdera da: desberdintasunek, kasu honetan desberdintasun ekonomikoek, ez al gaituzte banatzen, elkartu ordez?

Aurreikuspenen arabera, 500 bat lagunek parte hartuko dute konferentzian. Primeran; baina nork ordaindu dezake matrikularen zenbatekoa egungo gutxieneko soldataren %75 dena bi eguneko Kongresu zoragarri honetara etortzeko?

Ondorioztatu dezakegu kargu politikoek baino ez dutela aukerarik izango bertan parte hartzeko, dagokion instituzioak matrikula ordainduta, noski. Horri gehitu behar diogu Bilbo munduaren erdigunean jarriko omen duen enegarren ekitaldia ospatzeko, gainerako instituzio edo erakundeek ordaindu duten dirutza: Bilboko Udalak 400.000 euro eta Eudelek 70.000 euro, hain zuzen ere.

Guztira, milioi erdi euro baino gehiago tokiko euskal instituzioen kontura, elite politikoek diseinatutako ekitaldi bat antolatzeko, elite horiei eta ez beste inori zuzenduta, dirutza hori gero eta handiagoa den gizarte arrakala murriztera bideratu ordez. Giza eskubideak, berdintasuna, aniztasuna, LGBT+ eskubideak, inklusioa, bazterketa intersekzionala, herritarren parte-hartzea eta abar luze hori benetan instituzioen ardura badira, Eudeleko ordezkariek Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Euskadiko Udalen Sarea berriro aktibatzera bideratu ditzakete beren ahaleginak, argazki ponposo bezain antzua bilatu ordez.

Diru publikoaren erabilera elitista hau salatu behar dugu; inklusioaren izenean, berdintasunaren izenean, giza eskubideen defentsaren izenean, 500 politikarik luxuzko bi egun pasatuko dituzte Bilbon, diru publikoaren kontura, euren marketin estrategia aurrera eramateko asmoz, Guggenheim museoan gala-koktel batean pintxoak jaten dituzten bitartean.

Aitzitik, egunero udaletxe eta mankomunitateetan lanean ari diren berdintasun teknikarien artean, zenbatek izango du kongresuan parte hartzeko aukera? Non dago berdintasunaren alde urte luzeetan zehar lanean ibili den mugimendu feminista? Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria, eta abar luze bat, desberdintasunen kontra lanean ari direnak alegia, egitarauan al daude? Euskal Herrian, egon badaude berdintasunaren alde, inklusioaren alde edota demokrazian sakontzeko ekimen ugari.

Esate baterako, Emakumeen Etxeen esperientziek zergatik ez dute lekurik kongresu horretan? Dena herriarentzat, herria kontuan izan gabe; demokrazia parte hartzailea, herri mugimenduen parte hartzerik gabe. Hori da haien eredua. Aukera galdua, beraz, berdintasun, aniztasun eta inklusioaren sektoreetan lan egiten duten tokiko ordezkariak eta udal langileak gizarte zibileko erakundeekin batera elkarlanean aritzeko; tokiko esperientziak partekatzeko, eta, programak dioen bezala, «gizarte inklusiboago eta parekideago bat lortzeko bidean» aurrera egiteko.

Euskal Herrian ditugun desberdintasunen aurkako ekimenak Europako beste herrien ordezkariei ezagutarazi ordez, Bilbo, bere gastronomia eta bere museoak erakutsiko dizkiete. Eta horretan erabiliko dute dirutza, desberdintasunak gainditzeko neurriak aurrera eramateko inbertitu ordez.

Desberdintasunek batu behar gaituzte beraien kontra jotzeko, eta jendarte justuagoaren alde lanean aritzeko, ez eliteko ekitaldiak antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.