Donostia eta klima aldaketa: propaganda eta konpromisoa

Martin Anso - Eguzki

2018ko ekainak 13
Donostiako Udalak Klima DSS 2050 Ekintza Plana onartu du; urrats «esanguratsua», dio Udalak berak, «ondorio menderagaitzak izango dituen klima aldaketaren arazoa saihesteko bidean».

Plana onartu dela eta, alkateak hainbat pertsona eta talde gonbidatu ditu, tartean Eguzki, ekainaren 14an Gladys Enean egingo den ekitaldi batean parte har dezaten. Ekitaldian zuhaitz bat aldatuko da, «donostiarrek klima aldaketari aurre egiteko egindako ahaleginaren oroigarri».

Gauzak horrela, geure buruari honako galdera hau egiten diogu: aldatuko den zuhaitza Eskuzaitzetan bota zituzten 18.000 haietako baten kimua izango ote da? Eskuzaitzetan, badakizue, erraustegia eraikitzen ari dira. Inoiz funtzionatzen badu, Gipuzkoan negutegi efektuko gas sortzailerik handiena edo handienetariko bat, behintzat, izango den erraustegi hori bera. Eta horrela izango da, Zabalgarbi Bizkaian gas horien sortzaile nagusietakoa den bezalaxe, «ingurumen gunez» edo beste etxeko amonaz mozorrotzen saiatzen badira ere. Baita, itxura berdeago emate aldera, aldamenean Klima Aldaketaren Zentroa jartzen badute ere.

«Donostiarrek klima aldaketari aurre egiteko egindako ahaleginari» dagokionez, berriz, ez dakigu zehatz-mehatz esaten handia edo txikia izan den. Garbi dago batzuk saiatzen direla, alor batean edo bestean, eta beste batzuk, aldiz, ez. Baina lasai asko esan dezakegu, datuak publikoak direlako eta edonoren esku daudelako, Donostia dela, alde handiarekin gainera, San Marko Mankomunitatean etxeko hondakinak nahastuta, hau da, gaika behar bezala sailkatu gabe, gehien biltzen duen udalerria. Beste modu batean esanda: Donostia da erraustegiaren «beharra» gehien elikatzen duen udalerria.

Funtzionatzen badu, arestian esan bezala, Gipuzkoan negutegi efektuko gas sortzailerik handienetarikoa eta, ondorioz, klima aldaketaren eragile nagusietakoa izango den erraustegi hori. Eta zergatik da Donostia etxeko hondakinak nahastuta gehien biltzen duen udalerria? Garbi esanda: udalak ez duelako gaikako bilketa sistema eraginkorrik ezarri nahi. Buruan sistema jakin bat ote dabilkigun? Ez bereziki.

Udalak Gipuzkoan bertan hainbat sistema ditu aukeran, aldaera desberdinekin, gainera. Eta horietako edozein ezarrita, edozein, oraingo emaitzak hobetuko lituzke. Izan ere, une honetan, Donostia azkenputz da Gipuzkoan birziklatze tasan.

Garai batean, Donostia ofizialaren eta errealaren arteko aldea nabarmentzeko, zera esan ohi zuten: «San Sebastián, mucha bandera y poco pan». Esaera haren arrastoan, Udalak ekainaren 14an klima aldaketaren inguruan antolatu duen ekitaldia dela eta, zera esaten dugu: «Propaganda gehiegi, konpromiso gutxiegi».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna