'Txanpaina, mesedez'

Mehatxupean

2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Egilea: Oier Santos. Argitaletxea: Erein.

Txanpaina, mesedez Oier Santos idazlearen bigarren eleberria da. 2012an unibertsitate-garaian kokatutako eta nagusiki nerabeei zuzendutako Ez zuten erantzun liburua argitaratu ondoren, oraingoan polizia-generoko istorio bat sortzeko erronkari heldu dio autoreak.

Obran bi argumentu-hari bereiz daitezke, narrazioan txandaka emanak. Alde batetik, Markel Aizpurua ertzain-buruari dagokion hari nagusia dago. Lehendabizi hainbat auto berdez margotuta agertzen dira, handik denbora gutxira zentral termiko batean lehergailu batek eztanda egiten du... Markel prentsarekin borrokan hasiko da, ikerketa oztopatu edo zapuztu ez dezaten saiatuz kasua argitu eta errudunak atxilotu arte. Bizitza profesionala eta pertsonala korapilatuko zaizkio ezinbestean.

Bigarren argumentu-harian, bestalde, gaztetako lagun baten ezkontzan bere ametsetako mutila ezagutzen duen neskaren komeriak kontatzen dira. Neskak berak, lehen pertsonan, berehalako maitasunaren ikuspegi ezin topikoagoa eskaintzen du. Eskertzekoa da kontaketan pasarte komiko horiek tartekatu izana, testu gehiena hartzen duen Ertzaintzaren ikerketaren kontrapuntu gisa aritzen baitira. Halere, narratzaileak ikerketa seriotasun handiz bideratu nahi duela antzematen den arren, prozesu osoari xalotasun-puntu bat dario, une jakin batzuetan frogen sendotasuna kolokan jartzeraino. Istorioak ikerketaren zama astunaz libratuko luketen arnasguneak falta ditu.

Egoerak ez ditu pertsonaiek adierazten duten larridura justifikatzen. Zenbaitetan tentsioa puztu xamar hautematen da. Askotan sen edo intuizio hutsera jotzen da ekintza bat azaltzeko, eta horrek lasterbide errazegia dirudi polizia-generoko testu batean. Diskurtsoa zehaztasunetan murgiltzen da etengabe, narrazioaren erritmoa motelduz. Tarteka, ziurrenik idazlearen lanbideak —gorputz heziketako irakaslea da— eragindako gorputzaren funtzionamenduari eta, besteak beste, nutrizioari buruzko oharrak lekuz kanpo nabari dira.

Protagonista ertzain bat izatea hasiera batean alderdi originaltzat jo badaiteke ere, Ane emaztearekiko erakusten duen aitatasunak eta gehiegizko babes-jarrerak, bere lanbideari lotutako gezur interesatuekin eta informazioaren manipulazioarekin batera, haren pertsonaiarekiko enpatia betea galarazten dute.

Amaierarako utzi dut liburuaren arazorik garrantzitsuena: akatsez beteriko testua da. Zuzenketa sakon baten behar larria du ia orrialde guztiak zikindu eta irakurketari traba egiten dioten gramatika eta, batez ere, puntuazio-mailako akats ugariak —subjektua eta predikatua banatzen dituen koma oker bezain amorragarri hura, hamaika aldiz errepikatzen den akats horietako bat baino ez aipatzearren— konpontzeko. Kasu honetan, Erein argitaletxeak euskal irakurleoi errespetu handiagoa zor zigulakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.