Nerea Mujika. Gerediaga Elkartea

«Konfiantza merezi dugu»

Azokarentzako babes bila aritu beharrean, nahiago luke azoka antolatzen aritu Nerea Mujika Gerediagako zuzendariak. Aurten, Azoka «estu» joango dela aurreratu du.

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
«Larrialdian» esanda deskribatu zuen Durangoko Azoka orain egun batzuk Nerea Mujika Gerediaga elkarteko zuzendariak Eusko Legebiltzarrean egindako agerpenean, baina egoera aldatu egin dela dio orain. Triunfalismo izpirik gabe, ordea. «Jadanik ez gaude larrialdian, baina estu ibiliko da aurtengo azoka». Hasieran pentsatutakoa baino nabarmen ekarpen handiagoa egingo dute, Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak, adibidez, eta iazko kopuruetan arituko dira gainontzekoak. Mujikak onartzen du zenbait erakundek egindako ahalegina, baina ez ditu ezkutatzen nekea eta desilusio apur bat. «Gure aurreikuspenak handiagoak ziren».

49 urteko ibilbidea du azokak, eta jendaurrean halako laguntza deia egin duen lehen aldia da. Nola heldu zarete horretara?

Agerraldi hori izan da ibilbide baten amaiera. Ez da izan beroaldi bat. Asko hitz egin dugu urrats hori egin aurretik barruan. Etxe askotako ateak jo, eta banan-banan gure proiektua azaltzen ibiliostean erabaki genuen ibilbide horri amaiera inportante bat ematea. Orduan joan ginen legebiltzarrera, alderdi guztien aurrean diskurtso bera aurkeztera. Sinetsita eman genuen pauso hori. Gure egia azaltzera joan ginen.

Orain arteko azoken balorazioak beti oso tonu baikorra izan du. Kontrastea egiten du horrek larrialdi deiarekin.

Ez da erraza izaten tonua neurtzea urte osoan hainbeste lan egin eta hainbeste tentsio bizi ostean. Eta balorazio positibo hori ez da gezurrezkoa. Bisitari kopurua neurtzen badugu, argitaletxe eta diskoetxeen inpresioak kontuan hartzen baditugu, mezua baikorra da. Momentu hori da bisitan etorri direnei eskerrak ematekoa, mahaia alokatu duten argitaletxeei eskerrak ematekoa... Iazkoa, gainera, inoizko azokarik arrakastatsuena izan zen, duda barik. Hori nabari zen herrian ere. Baina besterik da kontuak egiten direnean. Hori ezberdina da. Dena dela, iaz aurreratu genuen azoka estu eta larri zebilela.

Azokarik jendetsuenean, daturik okerrenak. Nola liteke hori?

Faktore asko elkartu ziren iaz. Diru laguntza publikoak jaitsi ziren, eta stand kopurua urriagoa izan zen, adibidez. Hezurretan utzi genuen azoka; ereduari eta egitarau bikainari eutsita gehiago ezin genuen kendu. Zelofan guztia kanpoan gelditu zen. baina gastuak jaitsi arren ere, negatiboak izan dira kontuak. Beharrezko inbertsio modura hartu genuen hori, halere. Ez gara damutzen, baina ezin dugu urtero inbertsio hori egin. Bilkuretan, ereduan sinesten duten galdetu diegu denei, eta baietz esan digute guztiek, eta beti esan diegu berdina gero: «Sinesten baduzue, lagundu egin behar diguzue».

Jendea ohartzen da Azokaren garrantziaz?

Baietz uste dut. Denek ulertzen dute gure kulturaren ekimen garrantzitsuenetariko bat dela.

Babes moralak ez dakar neurriko babes ekonomikorik, ordea.

Horixe.

Zergatik izan daiteke?

Oso zaila da azokari neurria hartzea. Kulturarako aurrekontuak murriztu egin dira, batetik. Baina hemen klabea da 2011tik aurrera aldatu egin dugula azoka eredua. Bi aukera zeuden. Bazegoen kultura formatu bakoitzeko arduradun edo elkarteak bere diru laguntza bere kaxa eskatu eta gero azokara itsastea, edo Gerediaga elkarteak diru laguntza guztien ardura hori bere gain hartu, eta azoka integratuago bat sortzea. Eta bigarren aukera da hartu duguna. Gertatzen dena da hori aurrera eroateko diru gehiago behar dela. Guk ez genukeen inolako zulorik egingo beste ereduari eutsi bagenio. Gerediagak apustu egin du aditu talde anitz bat bidelagun hartzeko, eta, noski, aniztasun horrek zailago egiten duela erabakiak hartzea, baina indar guneak ere baditu. Itzelezko ahalegina izan zen, baina uste genuen beharrezkoa zela. Gure seme-alabei begira ikusten genuen horrek beste buelta bat behar zuela.

Kontsentsua badago ereduaren inguruan?

Nik uste dut baietz. Denaz egin daiteke berba. Azokari ekarpen ezberdinak, buru ezberdinetatik, leku ezberdinetatik, horrek hobetzen badu azoka, gu prest gaude entzuteko, aztertzeko... Hemen kontua ez da bakarrik zer diru kopuru izango den, baizik eta noiz jakinarazten den. Lehenbailehen jakitea litzateke onena. Hori atzeratzea disparatzea da guretzat. Ez badakizu hamar edo sei izango ditugun. Nahi dugu jakin, eta nahi dugu jakin garaiz.

Egonkortasun premia du azokak, azaldu duzuenez.

Ordu asko eman ditugu azalpenak ematen. Aurrekontuetan garbi-garbi azaltzen badigute zenbat dagoen, azoka hobetzen emango dugu denbora hori. Denbora behar dugu lanerako! Nik uste dut konfiantza merezi dugula. Prest gaude berba egiteko, eta sinesten dut horretan, baina era berean eman behar digute egonkortasuna denbora eman ahal izateko antolaketa lanetan eta ez honetan.

Babes handiagoa balu, azoka hobea izan zitekeen?

Bai. Baina bada oso garrantzitsua den beste gauza bat ere: egiten diren urratsak oso ziurrak izan behar dira. Zelofanetan gastatzea baino gehiago, oinarriok ongi-ongi jartzea da garrantzitsuena, ze horrek mesede egingo dio denari. Denbora apur bat eta baliabide apur bat gehiago izango bagenitu, Europako ereduekin erkatu nahi genuke gurea. Hor bai eman behar genukeela pauso inportante bat. Baina hori egin liteke soilik aukera badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.