Ane Santesteban.
Emakumeen Bira. SEKRETURIK GABE

Sentipen onekin ekingo diot

2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ohi moduan, ilusioz ekingo diot Emakumeen Birari. Durango-Durango eta Donostiako Klasikoarekin batera, denboraldiko nire helburu nagusiak dira. Etxekoen aurrean korritzea beti da berezia. Urtero, gero eta zale gehiago biltzen dira, eta hori oso polita da. Gainera, lehen Bira izango da nire talde berriarekin, WNTrekin. Oso gustura nago bertan. Talde oso profesionala da, eta erraztasun guztiak ematen dizkigute. Aurreko asteetan, bizkarreko minez ibili naiz, eta osatzeko baliabide guztiak jarri dizkidate.

Azken egunetan egindako entrenamenduetan, ondo sentitu naiz. Lasterketa bat, ordea, beti da desberdina. Bada, astelehenean Durangon egindako proba balekoa izan zen. Sentipen onak izan nituen, eta pozik nago. Pena izan zen matxura izan nuela, eta talderik gabe nengoela.

Oso gustuko dut Biraren ibilbidea, eta ahalegindu naiz iaz bezala aurrean egoten. Erlojupekorik ez egoteak mesede egiten dit; bai, behintzat, sailkapen nagusiari begira. Aurten, irekiago egongo da. Aldiz, zailagoa izango da ihesaldietan sartzea.

Etapei begira, hirugarrena eta laugarrena dira min egiteko aukera gehien ematen dutenak. Azken etapa osorik egin nuen duela aste batzuk, eta oso gogorra da; batez ere San Asentzioko igoera. Hor erabaki daiteke dena.

Faboritoen artean, Amanda Spratt eta Annemiek van Vleuten aipatuko nituzke, nahiz eta Ardeetako klasikoen ostean Van Vleutenek atseden hartu duen, eta sekula ez da jakiten halakoetatik nola itzuliko den. Eider Merinorentzat ere oso ibilbide aproposa da. Ezustea, dena den, Soraya Paladin izan daiteke. Oso indartsu dago, eta bikain moldatzen da estrategia kontuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.