Andre Mari Zuriaren jaiak

Gerizpea denekoa jaitsieraren onena

Lau lagunek bota dute aurten jaiei hasiera emateko suziria, hiriko adinekoen izenean. San Migelgo balkoian nahastu dira agintari politikoak eta bestelako gonbidatuak, Zeledon agurtzeko.
Jende andanak lagunduta egin du Zeledonek San Migelerainoko bidea.
Jende andanak lagunduta egin du Zeledonek San Migelerainoko bidea. ENDIKA PORTILLA / FOKU

Ivan Santamaria -

2018ko abuztuak 5
Irekita al dago?». Ez zen harritzekoa San Migelgo atetzarraren aurrean baten batek atzo galdetu izana, Gasteiz bete-betean jotzen zuen eguzki indartsuari ihes egiteko asmoz, eliz barruko freskotasuna amets. Deigarriagoa izan zen itauna Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainaren ahotik entzutea. Hark ez bazituen giltzak eskura, nekez beste inork. Ihesbiderik gabe, Andre Mari Zuriaren plazara ematen duen balkoian itzal eskasa bilatzea bihurtu zen obsesio bakarra, Zeledon zerutik jaisteko ordua azkar iristeko itxaropenarekin.

Azken urteotako tradizioari jarraituz, erakunde publikoetako eta talde politikoetako ordezkari eta gonbidatuei ez ezik, herritar arruntei ere ireki zaie Zeledonek hiriari agurra egiten dion balkoira igotzeko aukera, zozketa bidez. Horrek pluralagoa eta irekiagoa bihurtu du espazioa bera.

Lau herritar arruntek izan dute aurten, gainera, festari hasiera eman zion suziria pizteko ardura, txanda zegokion alderdiak, PSE-EEk, hala proposatuta. Andrea Corres, Tita Izquierdo, Juantxu Soriguren eta Daniel Uriondo goiz azaldu ziren balkoira, zegokien ardurari neurria hartzeko. Laurek eraso sexisten aurkako elastiko moreak jantzita zeramatzaten —udal gobernuak eskatuta, gonbidatu ugarik bete zuten hori—. Beste irudi bitxi bat ere utzi zuen arratsaldeak. Aurten, lehen aldiz, udalak berak edalontzi birziklagarriak banatzeari ekin dio. Balkoira igo zirenei ere eskaini zien, eta askok eskertu zuten keinua. Arazo bakarra zegoen: ez zegoen zerekin bete.

Apurka, agintari politikoek ekitaldira agertzeari ekin zioten, bero sapak ohi baino beranduago hurbiltzea eragin bazuen ere. Laster, gerizpean zegoen balkoiaren eskuineko parte txikia espazio preziatuena eta populatuena bilakatu zen. Tokioko metroa puntako orduan zirudien. Termometroa, 30 gradutik gora.

Gertutasun fisikoak eman zituen elkar agurtzeko eta solas egiteko aukerak. Hala aritu ziren hizketan Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Laura Garrido PPko legebiltzarkidea, euskaraz, ondoan Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidentea zutela. Garrido abanikoa astindu eta astindu aritu zen, giroa gozotzeko asmoz, eta inguruan zeudenek eskertu zioten. Arreta handiagoa piztu zuen Garridoren alderdikide Mari Carmen Lopez de Ocarizen abanikoak, kolore gorri eta horiekin, España hitza idatzita, eta sevillana baten irudiarekin apainduta.

Bestelako mezu batzuk ere sartu ziren balkoian. Zeledonen irudiak hartu behar zituzten kazetarien atzean, presoen aldeko bandera bat eta Gasteizko tranbia hegoaldera zabaltzearen aurkako elastikoak ikusi ziren, eta bestelako batzuk ere gonbidatuek jantzita. Esaterako, Altsasuko (Nafarroa) gazteen aldekoak. EH Bilduk gonbidatuta, balkoian egon ziren haien senide batzuk.

Zeledonen esperoan

Eusko Jaurlaritzak ere ordezkaritza zabala bidali zuen balkoira. Han izan ziren Jon Darpon Osasun sailburua, Beatriz Artolazabal Enplegukoa, edo Alfredo Retortillo Turismokoa. Pilaketaren erdian, sailburuak hizketan aritu ziren batera eta bestera, besteak beste, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearekin.

Plazan seirak jotzear zeudela, suziria piztera hurbildu ziren lau txupineroak, morez jantzitako Gorka Urtaran alkateak eta Peio Lopez de Munain lehen alkateordeak lagunduta. Suziriak gora jo eta zeruan eztanda egin zuenean benetan ozen entzun zen plazatik zetorren orroa. Balkoian, beroak apalduta edo, lasaiago zebiltzan animoak.

Ez zuen luze jo itxaronaldiak. Erabat blai agertu zen Gorka Ortiz de Urbina balkoira, matxuratutako aterki morea eskuetan, plaza abiadura bizian zeharkatuta. Segundo batzuk hartu behar izan zituen Zeledonek, ahaleginaren ondoren hatsa berriro hartzeko. Nola edo hala aurpegia eskuoihal batekin lehortu, eta, tradizioari jarraituz, festako zapi gorriak jarri zizkien alkateari, lehenbizi, eta suziria jaurti zuten lau lagunei, ondoren. Protokolo guztiak beteta, agertu zen Zeledon balkoira, plaza betetzen zuten gasteiztarren harrera beroa jasotzeko.

Zeledon pertsonaiari eskainitako abestiarekin erantzun zien Ortiz de Urbinak, mikrofonoa indarrez hartuta, lehenbizi gaztelaniazko bertsioan eta segituan euskaraz. Ari da bigarren bertsio hori ere zabaltzen.

Ohi baino luzeagoa izan zen Zeledonen hizketaldia. Eraso sexisten aurkako mezua irudikatu nahi izan du aurten udalak, eta hori azpimarratu zuen balkoitik. «Ez da ez!», oihukatu zuen, jaiak errespetuan pasatzea eskatu, eta blusei eta neskei animoak eman zizkien. Zeledonen lanak amaituta, azkenik iritsi zen itzalaren babesa atzean uzteko eta bost egunez festaren eguzkitara ateratzeko momentu desiratua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna