Arrauna. Eusko Label liga

Zazpigarrenak zazpigarrena

Urdaibaik irabazi du Moañan Eusko Label ligako bere zazpigarren bandera, eta hamalau puntura du Hondarribia orain. Jaitsieran, bi puntutan dira San Juan eta Tiran, eta gaur dute azken lehia

Zazpigarrenak zazpigarrena.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Kirol emaitza txar batek kolpea eman, lurrera bota, eta handik sei egunera aurreko oker guztiak irauliz zorutik jaikitzea gauza handia da. Hori egin du Urdaibaik. Moañan (Galizia), azkar asko gozatu zituen atzo, gaur zortzi Zarautzen itsasoko lehiak eragindako zauri gaziak. Gainera, atzoko banderak bestelako esanahi handi bat ere ekarri dio, Eusko Label liga ia erabakita utzi duelako. Izan ere, hiru estropada falta direla, hamalau punturen koska handia ateratzen dio Hondarribiari, seigarren egin zuelako atzo ligako bigarrenak.

Zazpigarren bandera du Urdaibaik aurtengo ligan, eta asko gerturatu du atzokoak zazpigarren ligara. Zazpigarrenak zazpigarrena. Hiru estropada baino ez zaizkie geratzen lehiaketa amaitzeko, eta kirolean komeni ez bada ere zerbait saltzea aldez aurretik erosi baino lehen, oker handiren bat tartean ez bada, Urdaibairentzat behar luke izan aurtengo Eusko Label ligak.

Ariko dira Hondarribiakoak erantzunik ez duen galdera batekin bueltaka, atzokoa buruan: zergatik ez ote zitzaion egokitu Urdaibairi laugarren kalea, eta beraiei bigarrena? Zozketak zozketa dira, ordea, eta Hondarribiari egokitu zitzaion kalerik txarrena, laugarrengo hori. Aldiz, Urdaibairi bigarrena eman zion zorteak, aurrenekoarekin batera atzoko onena. Ondo baliatu zuen aukera, kale ona tokatzeari erantzun egokia eman behar izaten zaiolako, lan ona eginez.

Haizetsuak izaten dira Galiziako eremuak, eta, gainera, ilargi betea izanik, ur-lasterren indarra ere handia ari da izaten egunotan. Haizeak, lehenaz gain, ufada indartsuak ere jo zizkien tarteka traineruei eta arraunlariei, eta baldintza horiek guztiak batuta, lan zailak egitea tokatu zitzaien atzo arraunlariei eta patroiei.

Kanporako luzeetan, hala ere, ez hainbeste, haizeak aldeko laguntza ematen zielako, eta baita ur-lasterrek ere. Horregatik egin zituzten azkarrago lehen eta hirugarren luzeak bigarrena eta laugarrena baino. Urdaibaik hasi orduko hartu zuen aldea txanda nagusiko Zierbena, Orio eta Hondarribiarekiko. Ziabogan, segundo batera zeukan Zierbena, eta hiruna sartu zizkien beste biei. Ziabogetan, atzo lan aparta egin zuen Joseba Fernandezen taldeak, trainerua oso trabestuta sartuz eguraldiaren baldintzetara moldatzeko. Bigarren luzean, handitu egin zuen tartea, eta Oriori lau segundo sartuak zizkion, zortzi Zierbenari, eta hamar Hondarribiari. Oriok bandera irabazteko aukera izan zezan, ezinbestekoa zuen hirugarren luzean denbora gehiago ez galtzea, azken luzean lehen kalearen babesa baliatuz Urdaibai estu hartzeko. Baina bermeotarrek zazpira igo zuten aldea luze horretan oriotarrekiko. Hori gutxi ez Orioren kalterako, eta Zierbena segundo batera joan zitzaion gainera. Hondarribiaren sufrikarioak ez zuen etenik, bien bitartean, eta hamasei segundo atzetik eman zuen hirugarren buelta.

Azken luzean, Urdaibaik indarra erakutsi zuen, baldintza guztien kontra, eta azken metroetan txanpa bizitu gabe irabazi zuen. Zierbenak aurrea hartu zion Oriori, eta baita Hondarribiari ere bigarren txandako lehen biek: Santurtzik eta Ondarroak.

Tiran, San Juan... eta Cabo

Aurreneko txandan, jaitsiera erabakitzeko lehian, Tiranek puntu bat jan zion San Juani buruz buruko lehian, pasaitarrak laugarren kaletik zirela, baina gero, bigarrenean aritu zen Cabok berdindu egin zuen Tiranen denbora: 20.33,18. Horregatik, bi galiziarrek egin zuten hamargarren. San Juan azkena izan zenez, bi puntura dauka Tiran, eta gaur dute azken estropada: Boiron (12:00, ETB1), eremu zailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.