Eibar 2. Osasuna 3

Zerutik eroriak: euria eta golak

Osasunak irabazi dio Eibarri Ipuruako derbia, eta liga honetako lehen garaipena lortu du. Partida itsusia izan da, oso fisikoa, eta askoz hobeto moldatu dira iruindarrak horretan
Sergio Leon eta Roberto Torres, aurrenekoak atzo sarturiko bi goletako bat ospatzen.
Sergio Leon eta Roberto Torres, aurrenekoak atzo sarturiko bi goletako bat ospatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2016ko urriak 18
Golak. 1-0: Escalantek (1. min.). 1-1: Sergio Leonek (29. min). 1-2: Sergio Leonek (32. min.). 2-2: Sergi Enrichek (46. min.). 2-3: R. Torresek (58. min.). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Eibarreko Capari; eta Osasunako Digardi eta Sergio Leoni. Bestelakoak. 5.250 ikusle inguru Ipuruan. Osasunako zaleak ere izan ziren.

Golak, behintzat, ikusi zituzten atzo gauean Ipuruan bildutako Eibarreko eta Osasunako zaleek. Alde horretatik, ikusgarria izan zen derbia. Bost sartu zituzten bi taldeen artean: bi Eibarrek, hiru Osasunak. Golak omen dira futbolari ikusgarritasuna ematen diotenak. Baina ez beti. Atzo ez, adibidez. Ulertzen ere lanak ematen ditu nola sartu zituzten bost gol atzo. Baina futbolak badu misteriotik, eta atzokoa hor sartu behar da.

Borroka, grina, baloia goian, bigarren jokaldiak... ezaugarri horiez gainezka egon zen atzoko partida. Eta biek ezin, bada, ondo moldatu horretan. Osasuna erosoago ibili zen, ohituago balego bezala horretara jokatzera. Eibarrek beste jokatzeko era bat dauka, baloia zelaiaren gainetik ibiltzeko joera du, baina atzo ezin izan zuen horrelakorik egin. Futbol fisikoa esaten zaion horretara jokatu zuten, eta euriak ere izango zuen eragina partidaren bilakaera horretan.

Golak, joko fisikoa eta euria. Osasunaren aurreneko garaipena liga honetan, eta Eibarrek etxean galtzen duen aurreneko partida. Horra ondorioak. Horietara heltzeko aldez aurretik gertatu ziren gauzak, ondorengo hauek: hasi orduko sartu zuen gola etxeko taldeak. Hogeigarren segundorako. Sakea atera, baloia Osasunaren arean jarri, eta area ertzetik Escalantek sekulako gola sartu zuen; oinarekin kanpoaldearekin eman zion, eta langa jo ondoren, sarean gozo geratu zen baloia.

Gehiago ari zen izaten Eibar, hori zen partidaren itxura, baina aparteko nagusitasunik ez zuen. Ezta Osasunak ere inolako presentziarik jokoan, deseroso bezala ari baitzen, erasoan eta defentsan. Baina bi opari handi eta larri egin zizkion Eibarrek. 29. minutuan, aurrenekoa. Gola Sergi Leonek, geldikako jokaldi baten bigarren erdiratzean. Lekuz kanpo harrapatu zuen Luna, eta bakarrik, erraz sartu zion Riesgori. Handik hiru minutura, Lejeunek eta Riesgok egin zuten huts galanta, baloi luze batean, eta Leonek berriz, ez zuen hutsik egin. Lehen zatiko azkeneko jokaldian berdindu zuen Sergi Enrichek, buruz jo eta gero Bebek hegaletik jarri zion baloiari.

R. Torresen gol bikaina

Bi aurrelari jarri zituen Jose Luis Mendilibarrek bigarren zatia hasterako, Escalante erdilaria kenduz. Osasunak bereari eutsi zion: bost atzelari, hiru erdilari eta bi aurrelari. Berea egin zuen bestea Roberto Torres izan zen. Klase handiko jokalaria izanik, gol ikusgarria sartu zuen 58. minutuan, geldikako jokaldi bati amaiera zoragarria emanez. Dotore jaitsi zuen baloia zelai gainera, eta ezkerrez zehatz asko astindu. Oso deigarria izan zen golaren ondoren ikusitakoa: Torres aulkira joan zen, gola Enrique Martinekin ospatzera. Atzoko garaipenak puska baterako arnasa eta lana emango dio entrenatzaile nafarrari, kili-kolo omen zebilelako zuzendaritzaren begietatik begiratuta.

Gauzak bere onera itzuliko dira Osasunan, bai. Eibar ez zelako gai izan ezer sortzeko berdinketa lortzeko. Partida osoan bezala aritu zen, ezinean, lekuz kanpo, eta Osasunak berea egin zuen, eroso.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna