Tosutik Euskal Herri osora, autogestioa eta sedizioa bizkortu

2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ibarbengoko aparkalekua eraikitzearen aurka burutzen ari diren ekimenen oihartzunak heltzen ari zaizkigu Getxotik. Tosuko kanpaldiari eusten diotenek, behargabeko azpiegitura proiektuei aurre egiteko askegune txiki batek lortu ditzakeen antolaketa eta indar harremana uzten dizkigute agerian.

Gasteizko Errekaleor auzoan argindar mozketaren ondorioz instalatu dituzten eguzki plakak erresistentzia eta eraikuntza eredu beraren laginak dira. Praktikan jartzen dituzte horizontaltasun, burujabetza, irudimen eta elkarzaintza ametsak, nabari utzirik ere lurrarekiko atxikimendua eta jendarte libreago baten eraikitzeko mezuak.

Saiakera hauek ez dira bakarrik. Herri borroketan, uste baino gehiago gara iraulketak sakonki gauzatu nahi ditugun dinamikak. Esparru batek bereziki markatu du azken urte hauetan ildoa: hego Euskal Herriko mugimendu feminista. Koloretsua da, anitza eta zeharkakoa, betikoa eta aitzindaria, bertakoa eta unibertsala, transgresiboa eta erreformista, baketsua eta bortitza. Gutxietsia zena lehen lerrora ekarri dute, erasoen tamainari finki erantzunik eta aldakuntzarako proposamen euskarriak martxan jarriz.

Ez al gara gai, feminismoak bezala, beste arloetan bultzada eraginkorrak emateko?

Tosu eta Errekaleorrera itzuliz, nolatan ez gara Euskal Herri osoan babes planak aurreikusteko adostu? Zer itxoiten ari gara agintariei denen izenean erantzun argiak bidaltzeko? Orokorkiago etxebizitza eskubidea, lur kudeaketa zuzena, bizitza komunitarioen funtsa gehiago sozializatzeko? Beste galdera hauek datozkigu segidan: nola eta norekin egin, zein tresna erabili, zer lortzeko?

Estrategia egokituen diseinatzea korapilatsu suertatzen zaigu maiz, kapitalismoaren garapenak, desobedientzien kriminalizazioak edo egoera soziopolitiko mugikorrak eman oztopoengatik. Euskal Herrian gaur, konfrontazio zuzenak apaldu dira, militantzia moldeak eta aldarrikapen nagusiak birmoldatu, eta politikoen arteko aliantzak edo instituzioetan parte hartzea ez dira beti erraz uztartzen gure utopiekin. Bestalde, bazterrean aritzeak garbiago egiten gaituela uste dugu batzuetan, eta badugu tendentzia gure ezintasuna kanpoko faktoreei leporatzeko.

Alta, norberaren ahultasunak aukera bihurtzean datza kausitzearen gakoetarik bat. Lurbeltza zain daukagu aktibazio gotorren loratzeko, norabide aproposen finkatzeko zain, bateragarritasunean.

Hasteko, mugimendu baten abiatzeko baldintzak sortzeko ausardiaz jokatu behar dugu, gu bezala ari ez denari begirunez, aniztasunean, arazoei jokalekua emanez. Bestetik, tokian tokiko borrokei lurralde oso baten izaera ematen badiegu, horrela elkarrekin bide egitea jariakorrago izanen zaigu, jende eta baliabide kopuru handiarekin kontatuz. Epe luzera jarriz gero, etapaz etapa antolatzeko kondizioak gogoetatuko ditugu.

Ez dago bide orri bakarra edo programa politiko trinkoa erabakitzerik. Bizipenak eta korronteak nahastea da ideia, konbergentzian, autonomian, taktiken dibertsitatean. Batzen gaituenari lehentasuna eman eta garden jokatu, ikuspuntuen arteko joera dikotomikoak alboratu, bakoitzaren eta guztien onuran. Gure herrietako mugidak, intsumitu eta auzolanen soka luzeetan oinarrituz, munduko beste altxamenduen ispiluetan: Katalunian independentziaren alde ireki dituzten arraila izugarriekin, ZAD, Grezia, Val de Susa edo herri Maputxeekin loturan.

Jende, talde eta sare batzuk egitasmo hauen inguruan biltzen hasiak gara. Gauzak ahal den eta txukunen egin nahi genituzke, inklusiboki, ezkerreko herrigintzak etorkizun oparo eta zabala ukan dezan. Toki guztietan autogestioari eta sedizioari hegalak jartzeko, lurra eta askatasunaren alde.

Asmo oso hauekin joanen gara, berriz ere Tosuren alde, datorren azaroaren 11n Getxoko manifestaldira, baturik bloke azkarra bilakatuko garela sinetsirik.

Datorren azaroaren 18an, Tosun bertan, goizeko 10:00etan asanblada irekia eginen dugu, askeguneen babesaz eta nahi dugun ibilmoldeaz mintzatzeko.

Zurekin kontatzen dugu!

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATU DUTE:

IƱaki Garmendia (Oiartzun), Hartzea Lopez (Baiona), Josetxo Lucas (Altsasu), Maddi Sarasua (Itsasu), Irati Tobar (Portugalete), Kattin Xilibolost (Uhartehiri).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.