RIO16. IPANEMAKO MUTILA

Rodrigo ez da isilduko

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Rodrigo kazetaria da. Brasildarra, eta kostata irakurriko du zutabe hau. Rodrigo heroi bat da. Heroi txiki bat, injustizia txikien aurrean beste aldera begiratu beharrean altxatu egiten dena. Rodrigo goiko argazkiko tipoaren atzean dago ilara luze batean. 200 metro izango dira, kazetariak denak. Rodrigok beste kazetari bat ikusi du ilara errespetatu ez eta atetik hamabost metrora jartzen. Horrek sutu egin du, eta oihuka hasi da: «E, honek txanda pasa egin digu! Txanda pasa! Begira ezazue, lotsatu egingo nintzateke ni banintz». Kazetari guztiak begira ditu, eta inork ez dio lagundu. Zertarako? Bakarrik dago.

Garrasika jarraitu du, halere, bere kideak lasaitzeko esan dion arren. Kazetari seinalatuak presa duela esan dio, eta Rodrigok, besteek ere badutela. Salaketak eragina izan du, eta atzera jo du besteak. 40 minutu beharko ditu sartzeko. «Zu bezalako morroiengatik da herrialde hau desastre bat!», oihukatu dio. Rodrigo da Brasil duinaren eredu. Brasildar askorekin hitz egin, eta ustelkeria aipatzen dute. Bero sapari edo euriari buruz bezala mintzo dira, baina eragotzi ez daitekeen zerbait bezala. Ilarako beste kazetariek injustiziaren aurrean izan duten jarrera bera.

Brasilen Rodrigo asko daude herrialdea aldatu nahi dutenak. Nire usterako, gehiago behar dira, baina ezta milioika ere, Brasilek ez lukeelako beste muturrera ere jo behar. Oraindik, halere, urrun dago erdikoa. Gauza batzuetan desastre samarra izateak xarma du, baina oinarrizko eremuetan zorroztasunak pikarokeriaren eta errazkeriaren gainetik behar du.

Zutabea irakurri dut goitik behera hutsak zuzentzeko, eta Mendebaldeko kirats paternalista dario. Baita itsutasuna ere, Brasilera joan gabe Euskal Herrian ere ez al ditugu ba Rodrigo gehiago behar?

P. D.: Zorionak, Desi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.