RIO16. IPANEMAKO MUTILA

Zer Kristo?

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Ba omen da Rio de Janeiron postal guztietan agertzen den kristoren estatua handi bat. Diotenez, beso zabalik omen dago, eta hirira begira, eta bertakoek makina bat txiste egiten dituzte. «Eta hau guztia, Kristo une oro begira dugula. Pentsa ez balego...». Omen dagoela diot nik,ez baitut ikusi. Bene-benetan diot, ezta urrundik ere! Hura begiz ikus daitezkeen inguruak ez ditut zapaldu oraindik, eta, gerturatu naizen aldi bakarrean, ilundu-lainotuta zegoen.

Goiko argazkian agertzen den horrek bere bizitzako azken hiru hilabeteetan gehien entzun dituen esaldiak hauek izan dira: «Brasilera lanera? Bai, bai, lanera...», «Esango duk bai eskriman hagoela, eta egongo haiz nonbait dantzan», eta «kontuz caipirinha-rekin». Bada, ez dut dastatu oraindik. Hamar egun dagoeneko Rion, eta ez dut musikarik entzun zuzenean, ezta dantza saiorik ikusi edo inprobisatu ere. Ia ez dut hondartza hondarrik pilatu, ez dut bainujantzi minuskulorik ikusi, ezta rodizio goxorik probatu ere. A, eta bederatzi egun eguzkitako kreman plisti-plasta igaro ondoren, herenegun, euri zaparradaren azpian, ia hotza eta guzti pasatu nuen.

Egin barre irakurle, deitu koitadu, baina hala da. Nire egun gehienak olinpiar gunean eta Deodoroko kirol eremuan pasatu ditut. Imajinatu Deodoro: base militar batean eta hilerri baten alboan dagoen kirol eremua, eta, alboan, indarkeriagatik hildako gehien pilatu dituzten faveletako bi. Onena, han ikusi nuen kapibara, hogei kilo inguruko arratoi belarjale bat. Mmmmm, txundigarria... Horregatik, irakurle, eta kazetaritzaren izenean, laster Rioren beste aldea ikertzeari ekin beharko diot. Ea nolakoa den hondartza inguruko Rio hori. Ez iezadazu eskertu, nire lana da, zer kristo! Zuengatik, dena. «Tu, tu, tu, tu, ru, tu...». Musika diozu? Zer musika?... Bihar arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.