ZEIN DA ZURE ALTERNATIBA?

2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun

«Barneratu egin behar dugu gutxirekin pozik bizi gaitezkeela»

YOLANDA JUBETO Ekonomialaria

«Egunerokoan jendearekin proiektuak partekatzea. Talde gisa, uste dut Euskal Herrian izugarrizko indarra daukagula eta bakarrik falta zaigula sinestea. Badakigu gakoak zeintzuk diren. Hamaika proiektu alternatibo daude martxan, eta josi egin behar ditugu. Nire alternatiba ez dago etorkizunean, orainaldian dago.

»Beldurra galdu behar dugu. Oso hauskorrak gara, eta sistema kapitalista patriarkalak bere alde dauka hori. Zatitzen gaituenean, oso ahul sentitzen gara. Jendea etsai gisa ikusten dugu, beti lehian. Alternatiba da kontzientzia aldaketa; pentsatu behar dugu hau ez dela bakarrik sistema ekonomiko bat; sistema kultural sozial bat da hau, eta gure esku dago buelta ematea. Barneratu egin behar dugu gutxirekin pozik bizi gaitezkeela. Zer da bizitza ona? Galdera hori egin behar diogu egunero geure buruari. Lehentasunak zeintzuk diren argi izan».

«Keinu bakoitzarekin, sistema erreproduzitu edo aldatu egiten duzu»

DAVID FERNANDEZ CUPeko parlamentari ohia

«Mundu kapitalistari eman beharreko alternatiba; mundu absurdo, bidegabe eta desorekatua baita. Tentsio sozial ikaragarriak daude, desberdintasun jasanezinekin, eta ekologiaren suntsipena nabarmena da. Gure alternatiba alternatibez eraikita dago. Pluralean. Eraikitzen ari da, eta milaka mikroesperientzia demokratiko dira etorkizuna aldatzen ari direnak.

»Nire etxean ez da Santander edo Kutxabank sartzen; banku etikoak sartzen dira. Ez Endesa, ez Iberdrola; nire etxean kooperatiba bat sartzen da. Ez da Mercadona sartzen; auzo kontsumorako kooperatibak sartzen dira, landa eta hiria lotzen dutenak gure baserritarren defentsan. Milaka gauza zehatz. Jogurt bat ere izan daiteke. Keinu bakoitzean, sistema erreproduzitu ala aldatu egiten duzu. Horrek eguneroko bizitzari eragiten dio. Eta nire alternatiba eguneroko bizitza da. Egiten duguna gara».

«Arteak pertsonak alda ditzakeenez, gizartea bera ere aldatzeko gai da»

IRANTZU LEKUE Artista

«Ekimen sozialak artearekin lotzea da nire alternatiba. Artearen bitartez, arlo guztiak elkartuz, jendartearengana iritsi behar dugu. Gainera, arteak pertsonak alda ditzakeenez, gizartea bera ere aldatzeko gai da. Halere, prozedura luzea da, eta ekimen asko egin behar dira hori gauzatu ahal izateko. Euskal Herrian egiten dira ekimenak, baina ez nahi adina. Ez dira asko. Gehiago egin beharko liratekeela uste dut. Artistok, adibidez, ekimen sozialetan gehiago parte hartu beharko genuke, eta aldatu nahi dugun hori aldarrikatu. Azkenean, gizartearen eskubideak defendatzeko guztiok batu behar dugu.

»Picassoren Gernika margolanak ere gerraren aurkako mezua zabaltzea lortu du. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuek Iraken aurkako erasoa publikoki zabaldu zutenean, Coling Powellek Gernika koadroaren kopia bat ezkutatzeko agindu zuen».

«Hirigintza geldoa behar dugu, eta euskarazkoa izan beharko du»

UNAI FERNANDEZ DE BETOÑO Arkitektoa

«Hirigintza geldoagoa proposatuko nuke. Hirigintza lasaiagoa, arreta gizakiarengan jartzen duena. Horrek esan nahi du orain arte indarrean egon den eredu garatzaile eta espekulatzailea guztiz aldatu beharko litzatekeela. Behar dugun hirigintza geldoago hori euskaraz egin beharko genuke Euskal Herrian. Ikuspegi integralagoa eman behar zaio hirigintza planari; garrantzi handiagoa eman kontu sozialei, eta ez horrenbeste ekonomiari. Eta kontu sozial horren barnean, adibidez, parte hartzeari indar handiagoa eman behar zaio. Genero berdintasunari indar handiagoa eman behar zaio. Baita euskararen garapenari ere.

»Erabakitzen bada Urola kostan 200 etxebizitza gehiago eraikitzea, aztertu egin beharko litzateke ikuspegi soziolinguistikotik zer kostu eragin dezakeen Aian edo Zarautzen. Zarautzen, agian, kalte gutxiago eragingo luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.