'Altsasuko auzia' zentzugabekeria dela salatu dute 214 abokatuk

Auzipetuei behin-behineko kartzela zigorra ezartzea «neurrigabetzat» jo dute. Manifestua Euskal Herriko erakundeei aurkeztuko diete

IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak Altsasuko auzian izandako jarrera kritikatu eta Altsasuri babesa emateko batu dira Euskal Herriko 200dik gora abokatu, unibertsitateko irakasle eta jurista. Altsasuko zortzi gazteak auzipetzeko prozesua «neurriz kanpokoa» dela salatu zuten atzo agiriaren sinatzaileek, eta gaineratu dute Altsasun gertatutakoa terrorismo gisa epaitzea «zentzugabekeria» dela. Era berean, esan dute «neurrigabea» dela zortzi auzipetuetako hiru espetxean mantentzea.

Maika Mender, Sonia Ontoria eta Iñaki Lasagabaster sinatzaileek irakurri zuten Iruñeko Katakraken zortzi puntuko manifestua. Gainera, sinatzaileen artean daude, besteak beste, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoa, Iñaki Goirizelaia EHUko errektore izandakoa, Iñaki Lasagabaster EHUko katedraduna, Arantza Urkaregi EHUko irakaslea, Eduardo Santos Ahal Dugu-ko diputatua, Josu Chueca historialaria, Maribel Urzainki abokatua, Iñigo Iruin abokatua eta Joseba Azkarraga Sareko eleduna.

Non epaituko zain

Lasagabasterrek azaldu duenez, elkartasun kanpaina ezagutaraztea erabaki dute oraindik erabakitzeko dagoelako epaiketa Madrilen edo Iruñean egingo den. Azaroan, Maria Paz Benito Iruñeko Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiko magistratua inhibitu egin zen Espainiako Auzitegi Nazionalaren mesedetan. Altsasuko gazteen defentsak helegitea jarri zuen, baina errekurtsoa aurkezterik ez zuela erantzun zuen Benitok. Iragan astean lurralde auzitegiak behartu egin zituen epailea eta Nafarroako Auzitegi Nagusia inhibizioaren zergatiak ematera eta funtsean auzia terrorismotzat jo litekeen argudiatzera.

Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiarekin eta bidearekin «erabat desados» daudela azaldu dute agiriaren sinatzaileek. 2015eko erreformaz geroztik, Zigor Kodearen 573. artikuluak delitu bat terrorismotzat jotzeko irizpide berriak ezarri ditu, eta, sinatzaileen arabera, Altsasuko gertaerek ez dute irizpide horiekin bat egiten. Horrez gain, auzipetze autoaren egiazkotasuna ere kolokan jarri dute, euren ustez autoa zantzuetan baino susmoetan oinarritzen delako: «Autoa irakurrita, agerikoa da gertakariak terrorismo gisa epaitzeko erabaki horrek ez dituela errespetatzen zigor arloko prozesuetan parte hartzen duten funtzionario eta autoritateek bete behar dituzten objektibotasun eta inpartzialtasun printzipioak».

Gainera, autoak ez du jasotzen Altsasun 2016ko urriaren 15ean gertatutakoa tabernako liskar bat izateko aukera. Lasagabasterrek esan du ulergaitza dela horrelako gertakari bat terrorismo gisa epaitzea: «Horrelako gertakari bat terrorismoarekin harremanetan jartzeko, giza adimena era neurrigabean behartu edo bortxatu behar da».

Zigor prozesuaren nondik norakoak kontuan hartuta, agiriaren sinatzaileek uste dute auzi honen izapidetzea zuzenbide estatu baten kontrakoa dela, eta horren kontrako «desadostasun kritiko argia» agertzera behartuta daude: «Jarrera bortitz errefusagarriei ezin zaie erantzun erabat neurrigabeak diren erabakiekin». Giza eskubideak urratzen dituzten neurri horiek izaki, auzian parte hartu duten erakunde judizialak «deslegitimatuta» daudela uste dute, justiziaren ospe galera ekarri dutelako.

Prozesua eta autoa kritikatzeaz gainera, auziak ukitu dituen pertsona guztiei, auzipetuei, familiei, Altsasuko herritarrei eta Altsasuko Udalari, euren babesa azaldu diete manifestuan. Sinadurak biltzen jarraituko dute, eta Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Euskal Herriko hainbat erakunderekin harremanetan jarriko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.