Elgetako krimen frankisten aurkako kereila artxibatu dute

Datorren astean deklaratu behar zuten zazpi biktimak auzitegian. Krimenak ofizioz ikertzeko agindu zuen epailea ordezkatu dute
2004an, 1936ko gerrako zortzi gudariren gorpuzkiak atera zituzten lurretik Elgetan.
2004an, 1936ko gerrako zortzi gudariren gorpuzkiak atera zituzten lurretik Elgetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Samara Velte -

2018ko urtarrilak 9
Gutxi iraun du Elgetako (Gipuzkoa) herritarren eta memoria historikoaren aldeko ekintzaileen ilusioak: abenduan epaile batek onartutako salaketa bertan behera utzi zuen atzo beste batek. Elgetako Udalak berak ipini zuen kereila, urrian, herrian 1936 eta 1980 artean gertatutako hamalau krimen salatzeko. Garai hartan Bergarako (Gipuzkoa) auzitegian arduran zegoen Maider Imaz epaileak genozidio eta gizateriaren aurkako delitu zantzuak ikusi zituen gertakariotan, eta haiek ofizioz ikertzeko agindua eman zuen. Erabakia historikotzat jo zuten memoria historikoaren aldeko elkarteek, ordura arte beste herrietan jarritako salaketa guztiek porrot egin baitzuten.

Imazek, ordea, ordezko epaile gisa ziharduen Bergarako auzitegian, eta orain beste epaile bat jarri dute haren lekuan. Hark berehala artxibatu du krimen frankisten ikerketa, delituak iraungita daudela argudiatuta. Frankismoko Krimenen Aurkako Kereilen Euskal Plataformak gogor salatu du Espainiako Gobernuak «esku politikoa» sartu duela auzian: «Ez dakigu jarri duten epailea titularra den edo hura ere ordezkoa den, baina betikoa da: gobernuaren eskua sumatzen da hemen», adierazi du Josu Ibargutxi plataformako bozeramaileak. Aitortu du, dena den, erabakia ez dela ustekabekoa izan: orain arte, hainbat udal ahalegindu dira euren herrian gertatutako krimenak argitzen, eta saialdi guztiek egin dute huts auzitegira heldu bezain pronto. Epaile gehienek 1977ko Amnistia Legeari eutsi izan diote salaketak baliogabetzat jotzeko; Imaz izan zen lehenbizikoa genozidio zantzuak antzeman eta aurretiazko ikerketa abiatu zuena. Nazioarteko legearen arabera, gizateriaren aurkako krimenek eta genozidiozko delituek ez dute preskribatzen, eta tokiko amnistia legeek ez diete eragiten.

Elgetako Udalaren abokatuak helegitea ipini dio Bergarako epailearen erabakiari. Orain, goragoko instantzietarako bidea hasiko du kereilak, Gipuzkoako Probintzia Auzitegitik hasita. «Lehenbizi, Donostiatik argudiatu beharko dute, eta, gero, Konstituzionalera joango da», azaldu du Ibargutxik: «Horrela, Estrasburgora heldu arte. Azken batean, hori ere bada guk nahi duguna». Hego Euskal Herriko eta Espainiako auzitegietan ezetsitako kereila guztiak Europako Giza Eskubideen Auzitegian pilatzea, alegia. «Zurrunbilo sozial bat sortu nahi dugu», adierazi zion Ibargutxik egunkari honi duela bi aste.

Biktimak auzitegian

Denera, frankistek 1936ko Gerran eta ondorengo hamarkadetako diktaduran egindako hamalau krimen salatu zituen Elgetako Udalak; besteak beste, bortxaketak, hilketak, baita Francisco Franco diktadorea hil osteko talde paramilitarrek egindako atentatuak ere. Gertakarioi buruzko informazioa lortze aldera, zazpi lekuko deklaratzera deitu zituen Imaz epaileak: datorren astean ziren auzitegian agertzen hastekoak, urtarrilaren 17an, baina orain bertan behera geratu da deialdi hori ere, eta ez dute lekukotza emateko aukerarik izango. Gehienak adinekoak dira, erasootan hildakoen eta zauritutakoen senideak. Biktimek euren istorioa epailearen aurrean kontatzeko beharra nabarmendu izan du frankismoko krimenen aurkako plataformak, jasandako kaltearen aitortza gisa. Izan ere, oraingoz, biktimek ez dute horretarako aukerarik izan Euskal Herriko justizia erakundeetan. Auzia ikertzen ari den epaile bakarra Maria Servini argentinarra da: Espainiako Gobernuak eta auzitegiek jarritako trabak gorabehera, hainbat biktima elkarrizketatu ditu azken hiruzpalau urteotan. Ibargutxik egunkari honi iragarri dionez, plataformak hiruhileko honetan ekarri asmo du Servini Euskal Herrira.

Zailtasunak zailtasun, udalei eta bestelako erakunde publikoei salaketak jartzen jarraitzeko eskatu die plataformak. Asko hasi dira jada —besteak beste, Iruñea eta Gasteiz—, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere iragarrita dauka mila kasu biltzen dituen salaketa bat. Elkarte memorialistek badakite Espainiako justizia sisteman laguntza baino oztopo gehiago izango dituztela, baina Europan daukate esperantza. «Uholde bat eramango dugu, eta, han ikusten badute estatu osotik ari garela justizia erreklamatzen, agerian geratuko da Nazio Batuen Erakundearen giza eskubideen batzordeak duela urte asko esan zuena», adierazi zuen Ibargutxik duela bi asteko elkarrizketa hartan: «Espainian ez dela justiziarik egiten, eta frankismoa konpondu gabeko arazoa dela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna