Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Hezkuntzako lista bakarra «legezko eta bideragarri» jo du Solanak

Publizitatea

Gizartea

Hezkuntzako lista bakarra «legezko eta bideragarri» jo du Solanak

Oposizioa eginda, nahiago duten hizkuntza profila hautatu ahal izanen dute irakaslegaiek
Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, aurreko agerraldi batean.
Argazkia: JESUS DIGES / EFE

2017-11-15 / Ion Orzaiz

Azterketa bakarra, merituen araberako baremazioa eta hizkuntza eskubideak bermatzea. Hiru ardatz horien inguruan egituratu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak LEP lan eskaintza publikoetan kontratazio zerrenda bateratu bat osatzeko proposamena. Maria Solana kontseilariak eman zituen argibideak, atzo, Nafarroako Legebiltzarrean eginiko agerraldian.

Solanaren arabera, txosten guztiak bat datoz: «Hezkuntza Departamentuko kontratazioetan zerrenda bateratua ezartzea legezkoa da, egungo araudi bera erabilita aplika daiteke, eta teknikoki ere bideragarria da». Are: kontseilariak jakinarazi duenez, departamentuak prest du jada planteamendu juridiko eta teknikoa, eta 2018ko oposizioen xehetasunak argitzea bakarrik faltako litzateke prozedura berria martxan jartzeko. «Deialdiaren nondik norakoak, lanpostu kopurua eta beste hainbat ezaugarri argitzen ditugunean, kontu teknikoak finduko ditugu».

Hori guztia zehazteke dagoen arren, zerrenda bateratuaren ildo nagusiak aurreratu zituen Solanak atzoko agerraldian. Haren esanetan, oposizio eta azterketa berbera eginen dute hautagai euskaldun nahiz erdaldunek, «orain arte egiten ez zena».

Behin fase hori amaituta, nahiago duten hizkuntza hautatzeko aukera emanen zaie. «Hautaketa prozesuaren ikuspegitik, horrek esan nahi du tramite edo urrats bat gehitu beharko genukeela, irakaslegaien puntuazioa eman ostean eta praktiketako fasera pasatuko direnen zerrenda argitaratu aurretik. Une horretan, azterketa gainditu duten hautagaiei epe labur bat emanen litzaieke, nahiago duten hizkuntza publikoki adieraz dezaten».

PSNko talde parlamentarioak eskatua zuen Solanaren agerraldia. Alderdi horren izenean, zerrenda bakarra ezartzea «bidegabekeria galanta» izanen dela azpimarratu du Carlos Gimeno legebiltzarkideak: «Nafarroako errealitate soziolinguistikoa berezia da, eta gisa horretako kontratazio zerrenda batek erakartze efektu neurrigabea izanen du inguruko erkidegoetan. Ehunka irakaslegai euskaldun etorriko dira EAEtik Nafarroara, eta konpetentzia basatia ekarriko du horrek bertoko hautagaientzat». Horrez gainera, lista bateratua ezarriz gero, irakasle erdaldun elebakarrek «funtzio publikoan sartzeko duten eskubidea» urratuko dela uste du PSNko parlamentariak.

«Datu partzialak eta kontrastatu gabeak» ematea eta «arduragabekeriaz jokatzea» leporatu dio Solanak Gimenori.

Arartekoa ere, alde

Hezkuntzako lan deialdi publikoetan zerrenda bakarra ezartzeko aukera «onargarria» dela ebatzi du Arartekoak txosten batean. Hori ere hizpide izan zuten atzo talde parlamentarioek. Solanak azpimarratu zuen Arartekoaren ebazpenak arrazoia ematen diela. PSN, berriz, haserre azaldu zen: «Gobernuak esaten diona egin du Arartekoak. Kargua bermatua izanen du datozen urteetan».

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak