Eusko Jaurlaritza gertuago nahi du Uemak Urkijoren «erasoen» harira

Udal aktak euskaraz igortzea legezkoa dela esanez txosten bat egin die gobernuak, baina gehiago egitea nahi dute udalerri euskaldunek
Uemako ordezkariak, Urkijok hartutako neurriak gaitzesteko egindako agerraldi batean.
Uemako ordezkariak, Urkijok hartutako neurriak gaitzesteko egindako agerraldi batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2014ko abenduak 17
«Espero genuen emaitzarik ez du izan bilerak». Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Maren Belastegik ez zuen nahiko lukeen adinako babes neurririk entzun atzo Eusko Jaurlaritzaren partetik. Batzarra egin zuen Hakoba herri aginteen arteko koordinazio batzordeak, eta bertan hizpide izan zituzten Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok azken bi urteetan udalerri euskaldunen kontra hartu dituen neurriak. Berriki, esaterako, Gipuzkoako sei udalen aurka egin du, Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondokoaren aurka, udal erabakiei buruzko aktak euskaraz igortzea egotzita. Jaurlaritzak agindua zien udalerri euskaldunei txosten juridiko bat, aktak euskaraz egin eta igortzea legezkoa dela aitortuz, eta atzo aurkeztu zien. Baina horrekin bakarrik «erasoei» aurre egiteko aski baliabide ez dutela nabarmendu zuen Belastegik. «Ados, aurkeztu digute txostena, baina orain nork defendatuko du hori?».

Urkijok abiatutako neurrien kontra estrategia zabalagoa behar dela dio Uemak. Izan ere, 81 errekerimendu igorri dizkie jada Espainiako Gobernuko ordezkariak hizkuntzarekin lotutako erabakiengatik, eta ez dira soilik aktak euskaraz bidaltzeagatik. «Ito-ito eginda gaude», azaldu du Belastegik. Udalerri asko oso txikiak direla oroitarazi du, eta aski baliabide ekonomikorik ez dutela aurrez aurre dituzten auzibideei erantzuteko. Mankomunitateak, egoera horrekin kezkatuta, eskatu izan dio Jaurlaritzari epaitegietan agertzeko Uemaren alde, baina horrelakorik ez duela egingo argi esan zieten atzo gobernuko ordezkariek. Beste aukera bat udalak diruz laguntzea litzatekeela esan dute udalerri euskaldunek, abokatuak ordaintzea, baina horren gaineko erantzunik ez die eman oraindik gobernuak. Aztertzekotan eta erantzuna ematekotan geratu dira.

Beste ekinaldi legegile bat

Udal lege berri bat izango du aurki Jaurlaritzak, eta testu horretan, hizkuntzari dagokion atalean, adierazi diete espresuki jasoko dela aktak euskaraz bidal daitezkeela. Lege aldetik, horrez gain, euskarazko jarduna bermatzeko urrats gehiago egin beharko liratekeela uste dute, hala ere, Ueman. Beste ekinaldi legegile bat nahi dute abian, euskararen normalizazioa eragozteko neurri klase oro saihestuko duena. «Parlamentuan gehiengoa badute, urrats hori egin nahi badute», oroitarazi du Belastegik. «Izan ere, jada esan dezakegu Espainiako estatuakhasi duen erasoa ez dela euskal erakundeok hartutako unean uneko erabaki batzuen aurkakoa: euskararen ofizialtasunaren aurkakoa da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna