Azalberrituta ekingo dio Eibarrek Lehen Mailako bere seigarren sasoiari

Urtero bezala, Eibarrek aldaketa ugari izango ditu denboraldi honetan. Helburua, ordea, berbera izango da: mailari eustea

Eibarreko jokalariak Mendilibarren aginduak entzuten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Askorentzat mirari bat izan zen duela bost urte Eibar Espainiako Lehen Mailara igo izana. Bi urte behar izan zituen Bigarren B Mailatik maila nagusira igotzeko. Abiadura handiko trena hartu zuen, eta azken geltokian jaitsi zen. Geltoki iragankor bat izango zela pentsatzen zuten askok, baina eibartarrek erakutsi dute gelditzeko iritsi zela. Mailari neurria hartu diote, eta bertan egonkortzea lortu dute, nahiz eta denboraldi berri bakoitzean eustea duten helburu. Eibarrek seigarren sasoia izango du Lehen Mailan, eta bosgarrena Jose Luis Mendilibarren zuzendaritzapean.

Eibarren proiektuak badu burua: Fran Garagarza kirol zuzendaria. Aldaketa ugari egoten dira urtero Eibarren, fitxaketa nahiz irteera sorta. Bada, Garagarza merkatuko aztia da. Aurrekontu apala du lanerako, baina bikain inbertitzen ditu bere tresnak. Bigarren Mailan jarri ohi du fokua, eta taldearentzat ezinbestekoak izan diren izar asko fitxatu ditu bertatik.

Ez dira aldatu gauzak aurten. Lehen egunetik hasi ziren lanean, eta, denboraldi-aurreari ekiterako, Eibarrek ia osatua zuen taldea. Indartu beharrekotzat jotzen zituen postuak ondo beteta ditu jada. Takashi Inui itzuli da. Betisek fitxatu aurretik, hiru urte egin zituen Eibarren, 2015etik 2018ra, eta maila bikaina eman zuen. Azken sasoi erdia Alavesen utzita egin zuen, eta Eibarrek fitxatu du orain, hiru denboralditarako. Bestalde, iragan sasoian Bigarren Mailan jokatu zuten sei jokalari fitxatu ditu: Edu Exposito eta Quique Gonzalez (Deportivo), Roberto Olabe (Extremadura), Roberto Correa (Cadiz), Esteban Burgos (Alcorcon) eta Alvaro Tejero (Albacete). Ruben Lobato (Oviedo Vetusta) eta Asier Benito (Athletic B), berriz, Espainiako Bigarren B Mailatik ekarri ditu.

Taldea indartzeko asmoarekin egindako fitxaketak dira, baina hutsune nabarmenak izango ditu datorren denboraldian. Joan Jordanek eta Ruben Peñak taldea utzi dute. Sevillak fitxatu du erdilaria, eta Vila-realek eskuin hegaleko atzelaria. Jokalari garrantzitsuak ziren taldearentzat, eta ez da erraza izango haiek utzitako zuloa estaltzea. Orain, Eibarrek taldea argaltzea du helburu. Jose Antonio Martinez bigarren urtez jarraian utzita arituko da Granadan; Olabe, Albaceten ariko da, eta Asier Benito, Ponferradinan. Lobato, Jordi Calavera eta Nano Mesarentzat ere talde bila dabil kluba. Azken biak utzita egon ziren aurreko denboraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.