Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Donostia 2016k euskal presoen artelanak zentsuratu ditu

Publizitatea

Kultura

Donostia 2016k euskal presoen artelanak zentsuratu ditu

'Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak' erakusketan jarri behar zituzten. Komisarioak haserre agertu dira erabakiarekin, eta zatar papera jarri dute obrek egon behar zuten tokian
Zentsuratutako lanen ordez zatar papera jarri dute komisarioek.
Zentsuratutako lanen ordez zatar papera jarri dute komisarioek. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2016-11-18 / Mikel Lizarralde

Marrazki bilduma bat, margolan bat eta bideo-film bat. Donostia 2016k antolatuta, atzo Koldo Mitxelena kulturunean zabaldu zuten Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketan egon behar zuten hiru artelan zentsuratu ditu kultur hiriburutzak. Euskal preso politiko eta preso ohiek egindako obrak dira hirurak, eta, Donostia 2016ko arduradunek aitortu dutenez, ez dute inorentzat mingarria izan daitekeen edukirik. Egileen izenak ez dituzte jakinarazi, baina Pablo Berastegi kultur hiriburutzako zuzendari nagusiak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak atzoko aurkezpenean iradoki zutenez, izen horiek berek eragin dute obren zentsura. Itxaso: «Terrorismoaren biktimen sentsibilitatea mindu dezaketen autoreen lana erakutsiz, zauriak sendatzeaz, memoria eta terrorismoaren biktimei errespetua izateaz hitz egiten dugunean egiten ari garen bidearen kontra joan gintezkeela pentsatu dugu».

Nolanahi ere, zentsuraren berri ez zuten Berastegik eta Itxasok eman, erakusketako komisarioek baizik. Aitor Izagirre, Marion Cruza eta Pablo Marte arduratu dira giltzapean —espetxean, zentro psikiatrikoetan edota adingabeentzako zentroetan— dauden pertsonen artelanak bildu nahi dituen erakusketa prestatzeaz, eta Martek berak irakurritako agiri baten bitartez jakinarazi zuten obra batzuk kentzera derrigortu dituztela. «Donostia 2016 fundazioak erakusketako edukiaren parte ziren material batzuk zentsuratu ditu. Ekintza onartezina izateaz gain eta praktika egokien edozein kode profesionalen kontra egoteaz gain, erakusketaren beraren helburua ahuldu egiten du, oinarrizko diskurtsoa ezinbestean mugatzen baitu».

Era berean, Martek adierazi du zentsura pairatu duten obrek ez diotela inori minik edo kalterik egiten: «Ez gatoz bat zentsurarako arrazoi moduan erabili dituzten argudioekin».

Zentsuratu dituzten egileen artelanak ezin dira ikusi Koldo Mitxelenako erakusketan, baina haien arrastoa, ordea, antzeman daiteke. Izan ere, komisarioek erabaki dute zatar papera jartzea obra horiek egon behar zuten lekuan.

«Balioak, tentsioan»

«Terrorismoaren biktimekiko errespetua» aipatu zuen Berastegik, berriz, obra batzuk zentsuratzeko arrazoi moduan. «Donostia 2016n badakigu egoera konplexu batzuetan balio batzuk tentsioan jartzen direla, baita kontraesanean eta gatazkan ere. Kasu honetan, aurrez aurre izan ditugu komisarioek lan egiteko behar duten askatasuna eta terrorismoaren biktimekiko errespetua, eta zalantza horretan biktimen sentsibilitatea aurretik jartzea erabaki dugu».

Donostia 2016ren gai nagusia elkarbizitza dela ekarri zuen gogora, berriz, Itxasok, eta preso politiko eta preso ohi batzuen lanak erakustea «Donostia 2016ren asmoen kontra» egon litekeela ere adierazi zuen.

Donostian zabaldu duten erakusketaren gorputz nagusia (Lekurik gabe, denborarik gabe) Sensibili Alle Foglie Italiako kooperatibak ekoitzi du, eta 70 bat egile italiarren lanak biltzen ditu. Giltzapekoak izenburupean gehitu dizkiote erakusketari Euskal Herrian eta Espainian egindako lanak. Baita komisarioek aukeratu baina erakusketatik kanpo gelditutako lanak ere.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Lizarralde Mikel Lizarralde

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak