Miguel Zugazak zuzenduko du Bilboko Arte Ederren Museoa

Javier Viar egungo zuzendariak erretiroa hartuko du aurki. Pradoko zuzendaria da egun Zugaza

Ander Perez Argote
2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Miguel Zugaza Madrilgo Prado Museoko zuzendaria da egun, baina Bilboko Arte Ederren Museoa zuzenduko du 2017ko udaberritik aurrera. Javier Viar oraingo zuzendariak 70 urte beteko ditu aurki, eta datorren urtean hartuko du erretiroa, atzo azaldu zuenez. Haren lekua beteko du Zugazak, eta, hala, bigarren aldiz gidatuko du Bilboko museoa, 1996. eta 2001. urteen artean ere hango zuzendari izan baitzen.

2002an hartu zuen Zugazak (Durango, Bizkaia, 1964) Madrilgo Prado museoaren gidaritza, Bilboko etapa osatu ostean. Aurretik, Madrilgo Reina Sofia museoko kontserbazio saileko zuzendariordea izan zen. Orain, «betetzat» eman ditu Prado museoan ezarritako helburuak, eta begi onez hartu du Bilboko museoko ardura, Madrilen «hartutako esperientzia» han eskaintzeko asmoz. Pradon egondako urteetan museoa modernizatu izana aitortu dio aditu askok.

Hamabost urtez Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izan ostean, orain urtebete jakinarazi zion Viarrek museoko patronatuari erretiroa hartzeko asmoa, eta ordezkoa bilatzeko prozesua hasi zuen erakundeak. Atzo jakinarazi zuten hautatuaren izena.

Bilboko museoan emandako denboran «erronka asko eta egoera zailak» pasatu izan dituela azaldu zuen atzo Viarrek, eta, halere, pozik mintzatu zen egungo egoeraren inguruan: «Ezin da hobea izan». Era berean, Zugazaren ahala eta esperientzia nabarmendu zituen: «On egingo dio Bilboko Arte Ederren Museoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.