Manchester Cityk erabakita utzi du Basilearen aurkako kanporaketa (0-4)

Juventus eta Tottenhamen artekoa, aldiz, oso irekita dago (2-2). Italiarrak 2-0 aurreratu dira hamar minutuan, baina ofizioa falta izan zaie
Manchester Cityko jokalariak gol bat ospatzen, atzoko partidan.
Manchester Cityko jokalariak gol bat ospatzen, atzoko partidan. G. K. / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko otsailak 14
Manchester City da Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako sailkaturiko lehen taldea. Ez da matematikoa, baina atzo Basilean (Suitza) 0-4 irabazi ondoren, itzuliko partidan hondamendia beharko luke aurrera ez egiteko. Juventus eta Tottenhamen arteko kanporaketa, aldiz, oso irekita dago (2-2). Italiarrak 2-0 aurreratu ziren etxean, baina ez zuten ohiko ofiziorik erakutsi, eta ingelesek merezita berdindu zuten joaneko partida. Itzulikoak martxoaren 7an jokatuko dira

City kanporaketa ahalik eta bizkorren erabakitzeko asmoz zelairatu zen Suitzan, eta ondo bete zuen plana. Hiru gol sartu zituen lehen 23 minutuetan: bana Gundoganek, Silvak eta Aguerok. Hortxe bukatu zen kanporaketa, are gehiago Gundoganek 0-4koa sartu zuenean (53. min.). Bigarren zatian Basileak lotsaren gola sartzeko aukerak izan zituen.

Turingo partida askoz entretenigarriagoa izan zen. Juventusek lehen bederatzi minutuetan sartu zituen bi golak, biak Higuainek. Aurrenekoa, jokoz kanpo, bigarren minutuan; eta bigarrena penaltiz. 2-0ekoarekin Juventus atzean sartu zen, eta Tottenhami utzi zion baloia. Eraso bizi batean Kanek 2-1ekoa sartu zuen (35. min.), eta atsedenaldiaren aurretik, 46. minutuan, Higuainek penalti bat huts egin zuen.

Bigarren zatiaren hasieran Juventusek bi aukera ona izan zituen Bernardeschiren oinetan, baina ez zuen asmatu. Bai ordea Eriksenek 71. minutuan binakoa sartzeko. Tottenhamek jarrera txalogarria izan zuen partida osoan, emaitza ona lortzea posible zela sinetsita. Juventusek Londresen gol bat sartu beharko du gutxienez, aurrera egiteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna