Erorialdiaren aurretik

Indian jaioa da Intizar Husainen 'Basti' nobelako protagonista, eta Pakistanera joko du 1947ko banaketa dela eta. Haren bidez azaltzen du idazleak eskualdearen historia.

Emakume bat Lahoreko merkatua erabat hondatuta irudikatzen duen instalazio bati begira, Zatiketaren Museoan, Amritsarren (Punjab, India), iragan abuztuan. 1947an Britainia Handitik askatu osteko Indiaren zatiketa eta biztanleen migrazioa erakusten ditu museoak. RAMINDER PAL SINGH / EFE.
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Kokalekua, etxe taldea edo handituz doan metropolia adierazi nahi du basti hitzak urdueraz. Irakurleari ez zaio azaltzen zehazki Pakistango zein hiritan dagoen Intizar Husainen (Dibai, India, 1923-Lahore, Pakistan, 2016) Basti (1979) eleberria, baina litekeena da hura Lahore izatea. 1971ko azken hilabeteetan garatzen da istorioa, Dhakaren —garai hartan, Ekialdeko Pakistanen; gaur egun, Bangladeshko hiriburua— erorialdia jazo aurreko eta osteko epean zehazki. Protagonista, Zakir izeneko historia irakasle gazte bat, jatorriz Uttar Pradesh (India) ekialdeko herri txiki batekoa da. Indiaren banaketa urtean, hots, 1947an, Pakistanera jo zuen gurasoekin batera, atzean haurtzaro zoriontsua ez ezik bere lehengusina eta lehen amodio Sabirah ere utzita. Azken horrek ez du India inoiz utziko, ezta musulmana izateagatik bere bizitza arriskuan dagoenean ere. Geratzen zaizkion senideek Ekialdeko Pakistanera emigratzen dutenean ere, bertan geratzea erabakitzen du. Sabirahren ongizateak kezkatzen badu ere, lehengusina deitzeko zein haren bila joateko adorerik ez du Zakirrek. Ez bata eta ez bestea ez da inorekin ezkonduko.

Lehen begiratuan, eman dezake Zakirren bizitzako gertaera nagusietara mugatzen dela Basti. Britainia Handiaren menpeko Indian igarotzen du haurtzaroa; gaztaroak eta helduaroko lehen urteek banaketa osteko Ekialdeko eta Mendebaldeko Pakistan dituzte kokaleku; eta adin ertaineko gizona da Pakistango Errepublika Islamikoa eta Bangladesh sortzen direnerako. Nobelak hizpide duen garai historikoa askozaz ere zabalagoa da, ordea. Hain zuzen, Hego Asiako musulmanen kulturaren eta historiaren mila urte eta erdi inguru azaltzen ditu istorioan tartekaturiko atzera begirakoen bidez.

Zakirren izenak, azken batean, gogoratzen duen horrek esan nahi du. Bere bizitza aurreko garai eta kokalekuetara loturik dago, inguratzen dituen errealitatea eta sufrimendua bezala. Hala ulertzen du orainaldia. Oroitzea, izan ere, interpretazio ariketa bat da. Nola egiten den ariketa hori, justizia ala bidegabekeria ekarriko du.

Historia irakasle izanik, Zakirrek ondo ezagutzen du, akaso ondoegi, azpikontinente horretako musulmanen historia. Britainiarrek enperadore musulmana erbestera bidali zuten Indiaren jabe egin zirenean. Hinduen eta musulmanen arteko tirabirak aspaldikoak ziren, eta horretaz baliatu ziren britainiarrak Indian beren aginteari eusteko. Lehen Independentzia Gerran —britainiarrek oraindik ere 1857ko matxinada gisa ezagutzen duten gertaera—, nazionalista musulmanen kemena ahultzearren, txerri gantzarekin koipetu zituzten fusil balak soldadu britainiarrek. 1857ko gertaeren ostean, aginte koloniala gogortu egin zen. Liteekena baita behin altxatu dena berriro ere altxatzea. Gerra osteko urtea beltza izan zen indiar ororentzat, indiar musulmanentzat bereziki. Gutxiengo bat izanik, ordea, musulmanek hinduen laguntza beharrezkoa zuten aginte kolonialari aurre egin ahal izateko. Alde horretatik, nazionalismoak zubi lanak egin zituen bi komunitateen artean, helburu politiko komun baten alde. Bi aldeen arteko konfiantzarik eza sakona zen, ordea, eta britainiarrak ondo profitatu ziren horretaz. Independentzia negoziazioen barruan lurraldearen zatiketaren aukera babestu zuten indiar buruzagiek. Gandhik berak ez zuen sinesten bi komunitateak elkarrekin bizi zitezkeenik.

Galeraren neurria

Bestela gogoratzen du Zakirrek banaketa aurreko India. Bhagat-ji merkatari hinduaren zein aitaren —akademiko musulmana bera— konpainian igarotako urteak dira. Munduaren sorrerari buruzko istorioak kontatzen dizkiote. Batek esaten dio dortoka baten gainean dagoen elefante baten buruaren gainean dagoela lurra. Besteak dio ezetz, arrain baten gainean dagoen behi baten adarrean dagoela lurra. Istorioak liburuxka batean jasotzen ditu Zakirrek, eta haien artean kontraesanik ez du aurkitzen; aitzitik, munduaz duen ikuspegia zabaldu egiten dute. Gerora, gurasoekin batera Pakistanerako bidea hartzen duenean, hazi zen mundu erlijio-anitza atzean utzita, galera zenbaterainokoa den gogoraraziko dio koadernoak.

Xiita den aldetik, Indiaz harantzago islamaren gune nagusietan musulmanen historiak izan duen garapenaren berri ere badu Zakirrek, batik bat historia horrek nagusitasun politikoa eskuratzeko musulmanen artean eragin dituen barne gatazkena. Hain zuzen, Zakirren ustez, Umayyadarren azpilanek amaigabeko desadostasun, gatazka eta gorroto kateari bide egin zioten gure garaiko 661. urtean. Katea hautsi baino gehiago, katebegika haziz joan da mendeetan, musulmanen arteko desadostasuna handituta eta aniztasunari ateak itxita.

Galerak galera, Pakistan nazio berriari aukeraz eta eskuzabaltasunez beteriko lekua irizten dio Zakirrek. Erorialdiak, beraz, Eden berri baten etorrera eragiten du. Bigarren banaketa gertatzen denean, ordea, galera behin betikoa iruditzen zaio. Nobela amaieran, India eta Pakistan arteko gerra pizten denean, eguneroko bat idazteari ekiten dio Zakirrek. Bertan, orainaldiko gertaerak historiarekin eta mitoekin uztartzen ditu, adierazi nahian mendeen zaman pilaturiko istorioen bidez bakarrik ulertu eta adieraz daitekeela inguratzen duen errealitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.