Literatura

Hildakoen joko bat

James Joyceren eta Samuel Becketten gerizpean geratu da Flann O'Brien idazlearen izena, baina kontuan hartzekoa da 'The Third Policeman' nobela jostariaren kalitatea.

Brian O'Nolan zuen sortze izena, baina Flann O'Brien ezizenaz sinatu zituen bere testuak, eta irlandar idazle garrantzitsuenen artean aipatzen dute egun. BERRIA.
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Katolikoek gurtzen duten Hirutasun Santua Irlandako literaturara egokitu beharko balitz, Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren tokia James Joycek, Samuel Beckettek eta Flann O'Brienek beteko zuten, behin Edna O'Brien idazleak esan zuenez. Hiru idazleen lanek hainbat gauza dituzte elkarrekin, esperimentaziorako joerarekin hasi eta horren ondorioz hirurek beren lanak argitaratzeko izandako zailtasunekin amaituta. Hala ere, ingelesezko literaturaren kanonaren parte diren heinean, Joyceren eta Becketten obra ezagunagoa da nazioartean; O'Brienek —Brian O'Nolan benetako izenez— (Strabane, Irlanda, 1911-Dublin, 1966), beste bi herrikideek ez bezala, ingelesez zein irlanderaz idatzi zuen; hortaz, tokikoagotzat—hots, irlandar idazletzat— jo izan dute, Joyce eta Becketten unibertsaltasunaren aldean. Alabaina, O'Brienen The Third Policeman lan enblematikoa lehendabiziko aldiz argitaratu zutela 50 urte bete diren honetan, gero eta kritikari gehiago bat datoz beste O'Brienek proposaturiko panteoiarekin. Hasiera moduan, behintzat.

The Third Policeman (1968, Hirugarren polizia) obra estimatua da gaur egun, idazkera absurdo komikoaren maisulantzat hartzen den aldetik, baina ez du ibilbide samurra izan. O'Brienek 1939an idatzi zuen, At Swim-Two-Birds (Igeri-Bi Txori-n) bukatu eta berehala, eta ordura arte idatzitako lanik borobilena zela uste zuen.

Saltxitxa formako mundua

Nobela hasieratik bertatik da probokatzailea: izenik gabeko narratzaile batek Phillip Mathers izeneko agure bat hiltzen du pala batekin landa errepide batean bere gaizkide John Divneyk bizikleta puzgailu batekin gogor jo ostean. Jarraian, narratzaileak berak gertaera horren testuingurua azaltzen digu. Haurra zela, guraso biak galdu zituen, eta, ondorioz, barnetegi batera bidali zuten. Han zela, haren bizitzan aztarna sakona utziko duten bi gertakari izan ziren: hanketako bat galdu, eta egurrezko ordezkoa jarri zioten —ez du esaten nola gertatu zen zehazki—, eta liluratuta geratu zen De Selby (fikziozko) filosofo eta zientzialariaren obrarekin. Azken horren arabera, lurrak saltxitxa baten forma du, eta gauaren fenomenoa industria kutsadura modukoa da. Nobelan, De Selbyren gaineko liburuen erreferentziak ematen zaizkigu oin oharretan, denak ere fikziozkoak; gerora David Foster Wallacek bere lanetan imitatuko zuen keinu hori. Ikasketak amaituta, narratzailea jaiotetxera bueltatzen da, De Selbyren gaineko behin betiko azterketa kritikoa idazteko asmoarekin. Familiaren baserriarekin zein tabernarekin zerikusia duen oro Divneyren esku uzten du, hura egin baitzen guztiaren kargu barnetegian igarotako urteetan. 30 urte betetzen dituenerako, amaituta dauka De Selbyren gaineko lana, baina argitaratzeko dirua falta zaio. Divneyk aipatzen dio Mathers aberatsa dela —edo, behintzat, «patata bazkari pakete batek» adina balio duela— eta liburua argitaratzeko adina izango dutela hura akabatuz gero. Hilketaren ostean, baina, Divneyk iruzur egingo dio.

Hortik aurrerakoak bitxikeriaz beterik daude. Narratzaileak poliziarengana jotzen du dirua berreskuratzeko, baina Pluck sarjentua eta MacCruiskeen agentea zein polizia-etxea bera dimentsio alternatibo batean daude, narratzaileak jaioterri duen Irlandako landa eremuaz ez oso bestelakoa, baina bestelako lege metafisiko batzuek arautua. Mathersen hilketaren harira, narratzailea urkatzera kondenatzen dute, baina bizikleta batean ihes egitea lortzen du. Jarraian, Mathersen antz ikaragarria duen Fox delako batekin topo egiten du, eta hark dirua ezkutaturik dagoen tokira zuzentzen du, baina, horren ordez, bere egoera metafisikoaren gaineko egia aurkituko du.

Infernu moduko bat

William Saroyan idazle armeniar-estatubatuarrari bidalitako gutun batean, O'Brienek honela azaldu zituen The Third Policeman nobelaren nondik norakoak: «Liburuaren amaierara heltzen denerako, nire heroi edo pertsonaia nagusia (morroi gaiztoa eta hiltzailea) liburu osoan hilda egon dela eta gertatu zaizkion gauza bitxi guztiak norbait hiltzearen ordainetan egokitu zaion infernu modukoaren parte direla ohartzen da bat… Iruditzen zait nahiko berria dela hasieratik hilda dagoen gizonaren ideia. Hildakoen —eta madarikatuen— munduaren gainean idazten duzunean, non arau eta legeetako bakar bat ere —ezta grabitatearen legea bera ere— ezin den ontzat jo, aukera handiak daude lotsagabekeriarako eta jostaketarako». Strabanekoak nobelaren lorpenen artean aipatzen zituen horiek, ordea, argitaletxeak izutu egin zituzten, eta, hainbat ezezko jaso ostean, idazleak tiradera batean gorde zuen eskuizkribua. Hari buruz galdetzen zionari galdu egin zuela esaten zion. O'Brien hil eta urte betera argitaratu zuten nobela lehen aldiz, haren alargunari esker.

De Valeraren Irlandan, dela politikan, kulturan, erlijioan, zer balore lehenesten ziren kontuan hartuta, aise uler daiteke The Third Policeman-ek izandako arrakastarik eza. Nobelak ez du asmorik moralista izateko, ezta serioa izateko ere; aitzitik, jostalaria eta irristakorra da, hizkuntzarekin berarekin hasita.

Zalantzan jartzen du ingelesaren handitasuna (unibertsaltasuna), haren egituraren zein hiztegiaren kontura barre eginda. Hala jokatzen du obsesio bilaka daitezkeen beste gai batzuekin ere; esaterako, segurtasunarekin. The Third Policeman-en, krimenik egotekotan, obsesioaren aukera da krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.