Irudimenari tiraka

Elite politikoaren ustelkeria kontuak xehatzen ditu, besteak beste, Bachtyar Ali Hego Kurdistango idazleak 'Ghazalnus w Baghakani Khayal' nobelan.

Bachtyar Ali idazlea. BERRIA.
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bachtyar Aliren (Sulaimaniya, Hego Kurdistan, 1960) Ghazalnus w Baghakani Khayal nobelaren (2008, Ghazalnus eta irudimenaren lorategiak) pasarte batean, Ghazalnus poetarekin eztabaidan ari da Irudimenaren Baroia. Azken horrek politikaren onurarako erabili beharreko tresna gisa ikusten du poesia. «Politikariak askatasunaz mintzo dira lehenik, eta, jarraian, poetek haren aldeko kantuak abesten dituzte», esaten dio poetari. Maitasuna eta gai mistikoak hizpide izan ohi dituen forma poetikoari izena zor dion Ghazalnusek, ordea, erantzuten dio arteak politikaren morrontzatik aske egon behar duela. Artistaren rola «giza arimaren ingeniari» izatea dela dioen esaera estalinistari buelta emanez, poetak «beren erbestearen arkitektoak» direla uste du, eta poetaren lana «erbestean egotea eta handik bizitzari begiratzea» dela.

Hego Kurdistan edo Kurdistan irakiarra esaten zaion lurraldean giroturik dago Ghazalnus w Baghakani Khayal, Sadam Husseinen erregimen ordurako ahulduaren kontrako altxamendua jazo zenetik AEBek eta Britania Handiak Irak gaineko hegaldi debekua ezarri zuten arteko epean, hots, 1991tik 2006ra. Tarte horretan, mende beteko bazterkeria, barne zatiketak eta genozidioa gainditu eta lurralde autonomoa antolatzeko aukera izan zuten Irakeko kurduek. Askatasunarekin batera, ordea, haren alde borrokan aritu ziren, eta, gaur egun, elite politikoa osatzen duten horiek, ekonomiaren kontrola bere gain hartu, ustelkeria kasuetan murgildu, eta joera geroz eta autoritarioagoak azaltzen hasi dira.

Elite horretako kide da Irudimenaren Baroia ezizeneko politikaria, negozio usteletan sartua. Tokiko agintarien interesak aintzat hartuta, ametsezko hiria delako egitasmoa garatzen du; barruti eder bat, «paradisu txiki bat» eraikitzea da helburua, non eta hirigunean. Agintari kurduek plan arranditsuei dieten zaletasunari eginiko erreferentzia satirikoa da hau, noski. Nahiago dute diru publikoa segurtasun handiko bizitegi guneak eta luxuzko hotelak eraikitzen xahutu, oinarrizko arazo politiko eta sozialei heldu baino. Proiektua ez da bere kabuz diseinatuko, ordea. Horretarako, intelektualen laguntza behar du baroiak, artistena eta poetena, hain justu. Entzun dujatorri eta jarduera anitzeko lagun talde bat bildu dela Ghazalnusen inguruan, altxamendu osteko hilketa argitugabeen gaineko istorioak —haien artean bi maitalerena— jaso eta Hildakoen liburua osatzeko. Zinez da heterogeneoa Ghazalnus poeta buru duen taldea. Haien artean daude Bahman Nasser, diruari eta larderiari sekula men egingo ez liokeen intelektuala; Hassan-I Tofan, bakezale bihurturiko pexmerga ohia —Saddamen erregimenaren kontrako gerrilla kurduan aritutakoa—; Trifa Yabahri, irudimen handiko emakume bat, tratu txarretatik eta indarkeriatik ihes egin ostean emakumeentzako aterpetxe batean gainerako munduko alfonbrarik handiena osatzen ari dena, bizilagunekin batera; eta Majid-I Gul Solay Hollywoodeko film-zale gazte porrokatua, jaioterritik inoiz atera ez arren irudizko bidaietan murgilduta bizi dena eta Alegiazko Magellaes goitizenez ere ezaguna, ume itsuen talde bat alegiazko itsas bidaia batean eramango duena. Esku artean duten egitasmoa arriskutsua da, inondik ere; elite politikoak intelektualei dien mesfidantza ez da oinarririk gabekoa. Hala ere, Ghazalnus eta enparauak ametsezko hirirako errekrutatuz gero, harri batez bi kolpe emango lituzke baroiak: barruti berrirako diseinua lortzeaz gain, poetaren eta haren jarraitzaileen historia bilketa zapuztuko luke.

Intelektualak vs politikariak

Garai eta toki jakin batean giroturik egon arren, denbora eta espazio aldetik mugagabea den gai bati heltzen dio Ghazalnus w Baghakani Khayal nobelak: irudimenaren ahalmenari, hots, literaturak eta oro har arteak politikaren eta politikarien gehiegikeriaren aurrean joka dezaketen rolari. Ghazalnusen aburuz, intelektualen eta politikarien arteko gatazkaren oinarrian irudimenaren gaineko ikuspuntu ezberdintasuna dago. Haren ustez, irudimenaren bitartez lor dezake gizakiak jakitea zer den egia. Ametsezko hiria egitasmoaren inguruan, baroiari esaten dio: «Gizakiei ez zaie irudimena eman zikinkeria, ezbeharrak eta suntsipena edertu dezaten. Irudimenaren lorategiak ederrak dira egia estaltzeko apaingarri ez direlako». Haren aurkariak, baroiak, ordea, uste du irudimenak edertasuna sortzeko balio duela, eta gizakiei beren sufrimendua ahazten laguntzeko.

Horrela jarrita, eman dezake elitearen jarrera zurruna dela eta iraultzatik ezin dela espero ezer onik. Aliren nobelak, ordea, ez du erabat baztertzen aldaketarako aukera. Hassan-I Tofanek jasaten duen aldaketa esanguratsua da alde horretatik. 1991ko altxamenduaren ostean sei urtez mundutik at bizi izan zen Pizo amari arrosa ura egiten lagundu beste zereginik ez zuela. Ama hil ostean, borondatezko itxialdia amaitu zuen, eta, horrekin batera, iraganean izan zen pertsona, gerrillaria (Hassan-I Tofan, Hassan Ekaitza), atzean utzi zuen; hortik aurrera, Hassan-I Pizo izan zen. Bere nortasun aldaketa honela azaltzen digu: «Nire esperientzia mugatuan oinarrituta, banekien epe bat eraitsi eta suntsitzen duten horiek ezin dutela berri bat eraiki. Armak bat-batean lore bihurtu ezin daitezkeen bezala, gizakiak hil dituen hori ezin da lorezain bilakatu egun batetik bestera. Bakardadean igarotako sei urte behar izan nituen historiatik kanpo geratzeko». ??
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.