Gutunik ez Kaxmirtik

Kaxmirren 1990eko gertaeren ondorioz herritarrek jasan zuten inkomunikazioa du gogoetagai Agha Shahid Aliren 'The Country Without a Post Office' liburuak.

Kaxmirko gatazkak konpondu gabe jarraitzen du oraindik ere. Irudian, Srinagarreko kaleetan dendak itxita, joan den abuztuan deitutako mobilizazioetako egun batez. FAROOQ KHAN / EFE.
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ekialdeko Venezia izenez da ezagun Srinagar, Indiaren agintepean dagoen Jammu eta Kaxmir estatuko hiririk handiena —eta udan estatu bereko hiriburua—, hura zeharkatzen duen ubide sistema konplexuagatik. Arteriek giza gorputzean nola, hala egiten dute ubideek Srinagarren: hiriko atal zein gizabanako guztien arteko lotura eta komunikazioa bermatu. 1990ean, ordea, familien, lagunen eta ezagunen arteko komunikazio bide oro eten egin zuen Indiako Gobernuak, Srinagarren hasi eta Kaxmirko lautada osora zabaldu zuen operazioan. Posta bulegoek beraiek ateak itxi egin behar izan zituzten kaleak hartu zituen indarkeriagatik. Zazpi hilabetez gutun bat bera ere ez zen banatu herrialde osoan. Aitaren lagun bati entzuna dio Agha Shahid Alik (Delhi, India, 1949-Amherst, Massachusetts, AEB, 2001), gatazkak iraun zuen denboran, orduak igaro zituela etxeko leihotik kaleaz bestaldeko posta bulegoan pilatzen zihoazen gutunei begira. Egun batean, bulegora sartzeko adorea bildu, eta multzoetako baten gainean zegoen gutun bat jaso zuen. Hura sorpresa hartu zuena lagunak, Aliren aitak berari zuzendutako gutun bat zela ikustean.

Aliren The Country Without a Post Office (1997, Posta bulegorik gabeko herria) bildumari izena ematen dion poeman, Kaxmirren muturreko inkomunikazio egoerari aurre egin behar izan ziotenen tokian jartzen du narratzaileak bere burua. Zer izan behar duen egun batetik bestera, inolako abisurik gabe, inguruan ez dituzun horiekin komunikatzeko gai ez izatea. Zer sentsazio, zer sentipen eragingo lituzkeen ohikoa dena bat-batean ezohiko bihurtzea. Poemari hasiera ematen dion lerrotik —«Une batean zure berri galdu nuen»— ezin da gauza handirik ondorioztatu, batak bestearen berri galtzearen arrazoia argi ez dagoelako. Narratzailea «berririk iritsi ezin den hiri» horretatik oinez abiatu eta ikusten duenaren berri ematen hasi ahala —telefono lineak moztuta; auzokoak elkarri galdezka, albistez egarri—, ordea, ezinegona nagusitu egiten da. Posta bulegora heldu, eta «ehunka olanazko poltsa, banatu gabeko posta oro./ Halabeharrez behera begiratu eta han, lurrean, zuri zuzendutako gutun hau ikusi nuen».

Itxialdiaren eraginez ohitura bitxia nagusitu da jendearen artean. Patriketan, paper zati batean, «helbidea idatzita daramate», gutunak ezean, «beren gorpua behintzat etxera heldu dadin».

1947an Indiaren zatiketa gertatu zenez geroztik, Kaxmir lautadaren kontrolaren gainean borrokan dabiltza tokiko matxinoak eta India zein Pakistango gobernuak. 1990ean matxinoak Indiaren kontra altxatu ziren, eta armada gogor jazarri zitzaien. Ehunka hildako, etxe erreketa eta bortxaketa masiboak eragin zituen gertaerak. Suntsipenaren eszenaz beteta dago The Country Without a Post Office: XV. mendeko sufi santutegi baten suntsipena; Norvegiako txangozale gazte baten hilketa; Srinagar barrutiko negozio guneen erreketa; familiak sakabanatuta; berririk eza.

Kaxmirren nortasuna finkatzeko batzuen eta besteen saioak burugabeak egiten zaizkio narratzaileari. Lurraldearen izena idazteko modu ezberdinei erreparatuta (Kashmir, Kaschmir, Cahsmere, Qashmir, Cashmir...), agerian uzten du hamaika migrazio, konkista eta fede aldaketaren ondorio den eremuaren ondare aberastasuna eta, aldi berean, zehaztugabetasuna, baita hura denboran finkatzeko ahaleginen hutsaltasuna salatu ere. Kaxmirren historia osatzen duten geruzak elkarren osagarri dira, baina hausturak eta desadostasunak ere eragiten dituzte.

Egun, disonantziaren geografia da Kaxmir; geruza bat mugitu behar da hurrengoa azalarazi ahal izateko.

Haurtzaroko Kaxmir

Bestela gogoratzen du poetak haurtzaroko jaioterria, nahiz eta badakien indarkeria egon bazegoela orduan ere, bere haur begiek inoiz erregistratu ez bazuten ere. Hala ere, orduko Kaxmir bilatzen tematu egiten da kale batetik bestera dabilela. Bidean topatzen dituen etxeak, ordea, hutsik daude. «Hutsik? Hainbatek alde egin zutelako, ihes egin zuten/ eta errefuxiatu bilakatu ziren han, lautadan,/ non azken ihintza desiratu behar duten/ mendiak kristalezko bihurtzeko. Haien bitartez ikusiko gaituzte;/ etxeak lurperatzen ikusiko gaituzte/ horma huts balira bezala desegiten dituen sutik babesteko./ Soldaduek piztu zuten, sugarrak zorroztu zituzten,/ gure mundua bat-batean errez/ urrez, ondoren errautsez, dekoratutako matxe papera bailitzan./ Muezzina hil zenean, hiriari Deia oro lapurtu zioten./ Sutarako orbelaren antzera etxeak/ eskobatu zituzten. Orain gauero gure etxeak/ lurperatzen ditugu; haienak, hutsik utzitakoak./ Leialak gara. Ateetan lore-koroak zintzilikatzen ditugu./ Are leialago, gauero sua horma bat da/ eta gainera datorkigula iluntasunera begiratzen dugu».

Suntsipenaren erdian, posta bulegoan pilaturiko gutunetara doakio poetari gogoa. Sekula bidaliko edo jasoko ez diren gutun horietan itxaropen keinuren bat aurkitu nahi du, berari zuzendutako hitzen bat. «Preso batek maiteari idatzitako gutunak topatu ditut;/ batean dio: 'Baliteke hitz hauek zugana inoiz ez iristea'./ Beste batean: 'Azala ihintzean desegiten da zuk ukitzerakoan'./ Eta nik erantzun nahi diot:/ Betirako bizi nahi dut. Zer esan dezaket bestela?/ Euria ari du hau idazten ari naizela. Bihotz ero, izan zaitez adoretsu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.