Literatura

Itzal arteko bizitzak

AEBetan itzaletan bizi diren dokumenturik gabeko milioika lagunen egoera azaltzen du Jose Angel N.-k bere lan autobiografikoan, eta gogoetarako deia egiten.
Mexikoren eta AEBen arteko harresia, Tijuana eta San Diego hiriak banatzen dituena. Bi herrialdeen arteko mugaren herena dago hesitua.
Mexikoren eta AEBen arteko harresia, Tijuana eta San Diego hiriak banatzen dituena. Bi herrialdeen arteko mugaren herena dago hesitua. ALEJANDRO ZEPEDA / EFE

Estibalitz Ezkerra -

2018ko otsailak 11
Itzal arteko nire bizitza duela hamazazpi urte inguru hasi zen. Apirileko gau sargoria zen Tijuanan, emigrantea zein turista oparotasun agorrezineko eta desira neurrigabeko promesekin tentatzen duen muga uhandre horretan. Gau hartan, armada askotariko baten, armada anonimo baten kide bihurtu nintzen. Gauaren amaigabeko sakonerak inguratuta eta koiote iheskor batek gidatuta, aurrera egin genuen, kontrako zamak gauero berdindutako hegaletan behera poliki joanda, gure aurretik abiaturiko beste milioika itzalen legez. Amets amerikarrerako legezko aukera ukatuta, hura lortzeko zein modu egokiago, Amerikan gauez barneratzea baino?».

Illegal: Reflections of an Undocumented Immigrant (2014, Legez kanpo: dokumenturik gabeko etorkin baten gogoetak) lan autobiografikoan, Jose Angel N.-k esaten digu ez zela muga zeharkatzen lehena izan. Aitzitik, familian aurrekari dezente zituen bestaldera joateko ordua heldu zitzaionean. Guadalajara jaioterrian pobreziari aurre egiteko aukera handirik egon ez, eta, oso arriskutsua izanagatik ere —mugan poliziak harrapa zaitzake, koioteak iruzur egin diezazuke, edo, kasurik okerrenean, basamortuan deshidratatuta ala suge baten hozkadaren ondorioz hil zaitezke—, etxean goseak akabatzen egotea baino aukera hobea zen; oraindik ere bada, askorentzat. Artean nerabe bat zen, baina bera zen ama alargunduaren sostengu ekonomiko bakarra. Chicagon bazituen ahaide batzuk, eta haiengana jo zuen muga igarotzeko bigarren saioan, lehena gaizki atera eta deportatu egin baitzuten.

Paradoxaz beteak dira lehen urteak. Berehala topatzen du lana jatetxe batean: sektore horrek dokumenturik gabekoei esker egiten du aurrera. Gauero platerak garbitzen irabazitakoarekin, aukera du ingelesa ikasi, batxilergoa bukatu eta filosofian lizentzia lortzeko. Ez zuen uste horrelakorik posible zenik, baina, matrikula eta urteroko tasak ordaintzeko gai den bitartean, bere egoera ez da arazo eskola gehienetan. Chicagoko senideek, ordea, ezin dute ulertu ikasteko duen grina, zergatik ez zaion nahikoa haien bizimodua, Mexikon bertan izango zuten bera (lana, garagardoak lagunekin, futbola ikusi telebistan). Chicagora heldu berritan, ohartu zen ingelesa menperatu behar duela gutxienez, AEBtako gizartean aurrera egin nahi izanez gero. Egun batean, lehengusuetako bat erosketak egitera lagundu zuen. Ez zuen argi zertarako zeramaten alaba txikia, baina dendara heltzerakoan argi geratu zitzaion: lehengusuak zapata pare bat erosi nahi zuen, baina, ez zenez ingelesez hitz egiteko gai, alabatxoak itzultzaile lanak egin behar izan zituen haren eta dendariaren artean.

Ikasketen kontuak amildegi bat zabaltzen du haren eta senideen artean. Bien bitartean, ikusezina da estatubatuar arruntarentzat.

Halako batean, aukera sortzen zaio enpresa batean itzultzaile gisa lan egiteko. Egun batean, lankideak oporretan egingo dituzten bidaiak gogo handiz eztabaidatzen ari direla, isilik geratzea beste erremediorik ez du. Inork xehetasun horretaz ohartu eta oporretako planen inguruan galdetuz gero, tentuz aztertu behar du esan beharrekoa. Zer pentsatuko lukete esango balie dokumenturik ez duela, eta, AEBetan jarraitu nahi izanez gero, ezin duela bidaiatu? Orain arte izan dioten errespetuz eta begikotasunez tratatuko ote lukete, egia jakingo balute? Mexikora joango dela erantzuten die, familia ikustera. Guadalajara ondo ezagutzen du, behintzat. Oporretatik bueltan, erraz asmatuko du zer egin duen. Eta horrela urtero, gezur berari tiraka, bere egoeraren ikusezintasunean hondoratuz. «Bizitzaren kornukopia sorpresaz beterik dago: haren eskuzabaltasunak orduko lanpostua eskaini zidan, baina haren axolagabetasunak batetik bestera ibiltzeko askatasuna lapurtu zidan».

«Dokumenturik gabekoen egoera larria ez da irudipen bat: distantzia da, klandestinitatea, kriminalizazioa, kalteberatasuna, beldurra, mugimendu falta, bazterkeria, ziurgabetasuna, umiliazioa». AEBek, ordea, ez dituzte batere gogoko ezintasunarekin edo tristeziarekin zerikusia duten istorioak, eta kontra egiten diote halako ideiek han oihartzunik izateari. «Horrek azaltzen du alderdi bateko zein besteko politikariek immigrazioaren gaiaren gainean darabilten ohiko klixea: Ameriketako Estatu Batuak legeen herrialdea da, baina nazio gupidatsua ere bada». Ez du aukerarik izango Mexikoko familia bisitatzeko, baina haiekin hitz egiteko aukera du, AEBetan asmaturiko Skype-ri esker. Horra gupida.

Obamaren promesak

Lege berri batekin, gobernuak indargabetu egiten dio dokumentuak lortzeko eskaria, eta, ondorioz, lana utzi behar du. Emaztea estatubatuarra da, eta lehen haurraz haurdun dago; hipoteka ere ordaintzeke dute.

Barack Obamaren bigarren agintaldiaren erdialdera argitaratu zen Illegal. Herrialdeko milaka dokumenturik gabekok pozik eta itxaropentsu jaso zuten AEBetako lehen presidente afrikar-amerikarraren hautaketa. Hala ere, liburuan azaltzen den bezala, hauteskunde kanpainan promesa ugari egin bai, baina, AEBetan jaio ez ziren etorkinen egoera hobetu beharrean, zenbait arlotan —deportazioan, esaterako— aurreko presidenteek baino jarrera gogorragoa izan zuen. Hala ere, Illegal ez da Obamaren presidentziari espresuki zuzenduriko kritika edo ez du helburu hori, behintzat. Testuinguru ekonomiko eta politikoak itzaletan bizitzera kondenaturiko milioika lagunen egoera azaldu nahi du, eta gogoeta egiteko deia luzatu. Dokumenturik ez dute izango, baina horrek ez ditu kriminal egiten.