Albistea entzun

Kristo eta Frankenstein, Bagdaden

Irakeko literaturan, historikoki, poesia izan da nagusi. Azkenaldian, ordea, narratiba sendotzen ari da, Hassan Blasimen ipuin liburu bati eta Ahmed Saadawiren nobela bati emandako sariek erakusten duenez.
Hassan Blasim, <em>The Iraqi Christ</em> ipuin liburuaren egilea.</em>
Hassan Blasim, The Iraqi Christ ipuin liburuaren egilea. Z / EZEZAGUNA

Ion Olano Carlos -

2014ko ekainak 1

Bernardo Atxagak iltzatu zigun esaldia gogoan, Mikel Laboaren ahotsez: «Qué barbaridad, Bagdad». Kantuak Orduan izena du, baina orain ere esan daiteke; zeren, oraindik ere basakeriak badirau Iraken, egunez egun, une oro. Horren lekuko dira eguneroko berriak —berritik deus gutxi duten horiek— eta albiste izatera heltzen ez diren eguneroko gertakariak. Hassan Blasim idazleak honela adierazi du, berriki, The Independent hedabideari eskainitako elkarrizketan: «Iraken zera esan ohi dugu, irakiar bakoitzak badituela gutxienez beldurrezko bost kontakizun on, eta 30 milioi lagun inguru bizi dira Iraken».

Blasim erbestean bizi da, 2000. urtean jaioterritik ihes egin behar izan zuenetik. Lau urte eman zituen legez kanpo ibilian, harik eta Finlandian bizileku hartu zuen arte. Zinemagilea da ikasketaz, eta horretan jardun izan du hainbat urtez. Esate baterako, erbestera joan aurretik, Bagdad utzi eta Kurdistango Sulaimaniya hirira jo zuen —ofizialki, Irak—, ezizen kurdu baten jabe egin, eta handik Saddam Husseinen kontrako filmak egiten jarraitzeko. Kazetari eta gidoilari lanak ere egin izan ditu, zinema eta antzerkirako. Hain zuzen, hark idatzitako The Nightmares of Carlos Fuentes ipuinean oinarrituta, antzezlan bat taularatuko dute heldu den uztailaren amaieran, AEBetan.

Baina beste lan batek ezagutarazi du nazioartean Hassan Blasim; hain justu, joan den astean iragarri zuten The Iraqi Christ ipuin liburuak (Kristo irakiarra) eskuratu duela IFFP saria (Independent Foreign Fiction Prize). Ez da nolanahiko lorpena; izan ere, duela 24 urte sortu zutenetik, idazle arabiar batek irabazten duen lehen aldia da. Gainera, Blasimen liburua oraindik ez dute argitara eman jatorrizko hizkuntzan, zentsuraren artaziak tarteko. Hori gutxi balitz bezala, kritikari arabiarrek haren lanari eginiko iruzkin hotzepelak gainditu behar izan ditu.

Bost idazleren gainetik saritu du epaimahaiak: atzean geratu dira Yoko Ogawa eta Hiromi Kawakami japoniarrak, Hubert Mingarelli frantziarra, Karl Ove Knausgard norvegiarra eta Birgit Vanderbeke alemaniarra. Azken horren Das Muschelessen lan sonatua euskaraz irakur dezakegu, Ainhoa Irazustabarrenaren itzulpenean: Muskuiluak afaltzeko (Pasazaite, 2012). Kontua da, finalista ospetsuak izanagatik, idazle erdi ezezagun batek eskuratu duela saria. Jonathan Wright itzultzaileak ingeleseratu du testua, eta horri esker hartu dute aintzat Blasimen erretratu gordina: Irakeko «infernu surrealista». Hamalau istoriok osatzen dute liburua, erreportaje, kontakizun, autobiografia eta elementu fantastikoak nahastuz.

Munstro garaikidea

Iragan apirilaren 29an iragarri zuten Ahmed Saadawiren Frankenstein Bagdaden eleberriak irabazi duela Arabiar Fikzioaren Nazioarteko Saria. Mary Shelleyren klasikoari keinu eginez, munstroa egungo Iraken kokatu, eta istorio indartsua kontatzen du Saadawik: atentatuetan hildakoen gorpu zatiak bildu eta elkarrekin itsasten ditu Hadi al-Attag gizonak. Halako batean, munstroa piztu egiten da —arabieraz xesma, euskaraz zein-da-bere-izena—, eta mendekua hasten du, heriotza horiek eragin dituztenen kontra. Alabaina, mendekua gauzatu ahala, zenbait herritar errugabe ere hiltzen ditu munstroak.

Bagdaden bizi da Saadawi: «Saiatzen ari naiz irakiar esperientziaren zati guztiak biltzen», adierazi zion The New York Times-eko Tim Arango kazetariari. «Badira hainbat mezu. Horietako bat honako hau da: gerra eta indarkeria giro honetan, inor ez da errugabea». Idazlearen adiskide asko hil dira urteotan; beste askok herrialdea utzi dute. Hala eta guztiz ere, Saadawik Iraken gelditzea erabaki du: «Gertatu zaidan gauzarik garrantzitsuena zera da, oraindik bizirik nagoela».

Badirudi Saadawiren lanak eta jaso duen sariak izan duela eraginik haren herrikideen artean. Hala eman du aditzera Ibrahim Abdul Jabbar idazleak: «Itxaropena eman digu Irak bizi dela oraindik, eta gure esku dagoela aldaketa, hala nahi badugu». Sariari esker, ingelesera itzuliko dute eleberria, eta egileak 50.000 dolar jasoko ditu. Dena den, Saadawik argitu du urteotan pilatutako zorrak kitatzeko baliatuko duela dirua; izan ere, ezkondua eta lau seme-alabaren aita izanagatik, sekula ez dio bere ametsak lantzeari utzi: fikzioa idatzi, komikiak marraztu eta dokumentalak ekoitzi. Honelaxe aitor du Saadawik: «Ez naiz abila diru kontuetan».

Blasimen antzera, Irakeko distopia erakusten du Saadawik: infernua lur gainean. Egilearen ustez, fikzioak aiseago azaltzen du egungo Iraken den giroa, dela jendearen konfiantza falta, dela legerik eta segurtasunik eza, dela beldurraren gorakada. Errealismoa gordinegia izan ez dadin, halere, elementu magikoak txertatzen ditu idazleak. «Fantasiak halako atsegin ukitu bat gehitzen dio lanari, baita haren krudeltasuna apaldu ere». Saadawik espero du sariak balio izatea idazle berriak akuilatzeko. Berak, badaezpada ere, sartu die estreinako eztenkada: «Idazmahaia eta zigarreta pakete bat, ez duzue besterik behar».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Imanol Iribarren eta Peio Irigoien taldeko kideak. ©Gorka Rubio / Foku

Euskal kantuak latin jazzera eraman ditu Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak

Mikel Lizarralde

'Iri barrenetik' diskoa argitaratu du Imanol Iribarren pianista eta tronboi jolea buru duen zortzikoteak.

Ana Laura Alaezen bideo pieza. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Igarotzea, Ana Laura Alaezen pieza berriaren ardatz

Amaia Igartua Aristondo

‘Queer eramaileak: doblea eta errepikapena’ ondu du artista bilbotarrak, Multibertso bekari esker. Bilboko Arte Ederren Museoan ikusi ahal izango da irailaren 5era bitartean.

Oihana Iguaran bertsolaria, atzo eguerdian, Donostiako Miramar jauregiko balkoi batean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Kultur sortzailea izan ezik

Gorka Arrese

Pandemia garaian antzerkian, musikan, artean eta bertsotan jasandako kontuez jardun dute EHUko uda ikastaroetan. Fuchs, Furyak, Gantzarain, Iguaran eta Astiz mintzatu dira

Rebordinos, Ugalde eta Millar, zinemaldiaren aurtengo edizioko kartel ofizialarekin. ©Maialen Andres / Foku

Donostiako Zinemaldiak ez du sexuaren araberako bereizketarik egingo interpretazio sarietan

Andoni Imaz

Aurtengo jaialditik aurrera ez ditu emakumezko eta gizonezko aktore onenentzako Zilarreko Maskorrak emango, eta, horien ordez, interpretazio nagusirik onena eta taldeko interpretaziorik onena sarituko ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.