ETA. 1958-2018. Peio Fagan. Euskal militantea

«F1 hegazkina pasarazi zuten Bidarteko zuzendaritza non zen jakiteko»

Faganek dio berak Dassault aeronautika enpresan saltzen zuen teknologia erabilita «harrapatu» zutela ETAren zuzendaritza. Urtebete geroago atxilotu zuten ETAren arma lantegi handiena etxean izateagatik.

Eneko Etxegarai Urain.
Bidart
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Bidarten (Lapurdi) ETAren kontra egindako polizia operazioei lotuta ageri da Peio Faganen izena (Paris, 1938). Bi zentzutan, berak ongi azaltzen duenez. 1992koari buruz, ETAren zuzendaritza atxilotu zutenekoari buruz, eman ditu xehetasun batzuk: «Libiarrei saldu nien azken kamera infragorriarekin harrapatu zuten Bidarteko zuzendaritza. Bazekiten zonalde honetan zela nonbait, baina ez zuten aurkitzen. F1 hegazkina pasarazi zuten jakiteko». Beste operazioan, 1993koan, Fagan bera izan zen atxilotua. 38 tonako bi kamioi behar izan zituzten etxe azpian zuen Uzi metrailadore lantegia husteko: «Lau langile ginen, bi komanda numeriko, tornu bat, gela bat altzairuen tratamendurako, tiro frogak egiteko gela bat, lau logela, bainugelak. Zulo biziki ederra zen». Kantitate handiak produzitu zituztela dio Faganek: «Prokuradoreak erran zidan: 'Fagan jauna, goresmenak eman behar zaizkizu, obra ederrak dira'».

Bizi bakarra anizten duten horietakoa da Fagan. Gipuzkoatik 36ko gerrari ihesi iritsi zen, amaren tripakietan. Parisen, «seguruenik», EAJren ospitale batean sortu zen, 1938an, eta 1993an itzuli zen hara, preso; ETAren arma lantegi handiena etxean izateagatik.

«Hobe isilik» oroit du aitona. Gerratik ihesi joan zen, Mercedes Aristizabal Rekarte amaren sabelean, osabak gerran zituelarik: «Bata 19 urterekin, bestea 15ekin, beleak hiltzera joan ziren Francoren kontra. Horrek markatzen du». «Markatua», 1978an, Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala-ren heriotzak, matxinatzeko «mamia» piztu zion arte. «Nire arrazoiak familiakoak ziren, kulturalak, arbolak txertatzen, ogia egiten irakatsi zidan aitonarenak». Gogoan du Kepa Ordoki, Gernika batailoiko komandantea ezagutu zuela osabak, Alemanen tankeak, eta gudarien ehorzketak: «Hendaian izaten zen, Irun parean lurperatua izateko».

Racing Club futbol taldean aritu zen Parisen, zauritu arte. Paueko futbol kluba sortu zuen, Lapurdira sartu, eta Miarritzeko errugbi taldean aritu zen. Ingeniari lanetan aritu zen gero, Miarritzeko Dassault aeronautika enpresan: «Paradoxa bat da, baina Espainiari izenpearazi izan dizkiot kontratuak».

Dassaultentzat eta ETArentzat egiten zuen lanak bereizi dituela dio: «Defentsa sekretua nuen alde batetik, defentsa sekretua bestetik». 1993an atxilotu zutenean, ongi atxikitako sekretua zen arma lantegiarena, eta Dassaulten poliziaren informazio zerbitzuek ingeniariei sekretu militarra nola gorde emandako formakuntzek beren eragina izan zuten. «Jendea zur eta lur gelditu zen, erakundea bera ere bai; Argala komandoarekin gertatu zen bezala, inork ez zekien Txomin Iturbek talde hori muntatu zuela».

1987an, Aljeriako negoziazioen aktore nagusia izan zen Iturbe. Gogoan du Faganek: «Gizon bat ezagutu dut, besteak ez bezalakoa... beti badugu bata bestearen kontrako pilota partida bat jokatzeko... beste bizi batean agian». Eta ez da ezagutu zuen «historiko» bakarra: «Etxean hartu nuen lehen iheslaria GALen atzaparretatik ihesi joan zen; hiru hilabetez atxiki nuen». Oroit du Ipar Euskal Herriko ikastoletan bertsolaritza irakasten ibilitakoa zela: «Lau hitz partekatuko genituen, begiratzen genion elkarri, eta elkar ulertzen genuen; aski zen». Haren etxea harrera leku bihurtu zen: «Erakundean lan egin nuen orduan».

«Nik erresistentzia armatua egin dut, ez naiz beste leku batera joan, eta ez didate eskatu, segur aski ezezkoa emango nuen; Euskal Herrian borrokatu nahi nuen». Euskal Herri subiranoa zuen nahikeria: «Mina sortu dugu, sakonki dolu dut. Irlandar batek zioen bezala: egitera behartu nauzuenaz damutzen naiz». Haren ustetan, ETAren «ekarpena» ez da berehala baloratuko, «baina nahi edo nahi ez, historia dakar».

Faganen iritziz, Espainiako estatuak «mendeku gosearekin» jarraitzen duen bitartean gatazka ez da konpondua, eta torturaren azterketa txostena du adibidetzat: «Zapaltzaileak zapalkuntzarik existitzen ez dela dio, baina halako txosten batek sutzen du; menperatuarentzat bere menperatu kondizioaren froga da».

Hegoaldeko ezjakintasuna

Gatazka behar bezala konpondu ezean frustrazioa eragingo duela deritzo, eta, euskaldunak matxinada batetik bestera doazen galdetuta, honela dio: «Iritsi garen lekura iritsi bagara, erresistentzia gaitasun handia dugulako iritsi gara». Elkar sostengatu behar duten komunitateez osaturiko Euskal Herria dela dio: «Kokoteraino nago Hegoaldekoek nola gainetik begiratzen diguten; ezjakintasun handia dago. Hemen zen gune zentrala, hemendik abiatzen zen. Babes osoa zen engaiatu zirenen partetik; oraindik hor daude, eta ez dira baitezpada armak itzultzen argazkietan direnak. Hori baino askoz sakonagoa da; errespetua eskatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.