«Distentsioaren bidea» goretsi du Urkulluk Torrarekin bildu ondoren

Bi gobernuburuek bilera izan dute, eta agerian gelditu dira haien arteko desadostasun sakonak. Kataluniako presidenteak «irtenbide politikoak» eskatu ditu «politikoa den arazo baterako»

Iñigo Urkullu eta Quim Torra, bileraren osteko agerraldian, atzo, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
gotzon hermosilla
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak bilera izan dute estreinakoz, eta, berriro ere, agerian gelditu dira bi gobernuen artean dauden desadostasun sakonak, burujabetzaren aitorpena lortzeko moduei dagokienez, batez ere. Torrak «irtenbide politikoak» eskatu ditu «politikoa den arazo baterako»; Urkulluk, berriz, «distentsioaren» onurak aletu ditu Torraren aurrean, eta «elkarrizketa politiko eta instituzionala» goraipatu du.

Ez da inongo sekretua bi gobernuek oso estrategia desberdinak dituztela nazio aitorpenari eta, aitorpen hori eskuratzeko bidean, Espainiako erakundeekin izan beharreko harremanei dagokienez. Lau urte igaro dira Kataluniako presidente bat azkenengo aldiz Ajuria Enean hartu zutenetik: 2014ko abenduan izan zen, eta orduan Artur Mas zen presidente. Baina geroztik gauza asko gertatu dira, Jaurlaritzatik ez dituzte begi onez ikusi prozesu subiranistaren barruan Kataluniako Gobernuak, Carles Puigdemont presidente izanik, hartu- tako hainbat erabaki, eta desberdintasun horiek are agerikoagoak izan ziren 2017ko urriaren 1eko galdeketaren ostean.

Urkulluk adeitsu hartu du Torra, eta, elkar agurtu ondoren, argazkilari eta telebista kameren aurrean agertu dira, lasaitasun itxura emanda. Geroago bilera egin dute: esan dutenez, «Espainiako Estatuaren lurralde egiturari buruzko eztabaida», Espainiako konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioak Kataluniari ekarri zizkion ondorioak, eta egungo egoera politikoaren ezaugarri nagusiak izan dituzte hizpide. Bileraren osteko agerraldian, berriz, bataren eta bestearen mezuak oso desberdinak izan dira.

Urkulluk «distentsioaren» eta «legezko bideen» alde egin du, eta erantsi du egun badagoela horretarako aukera bat, PP Espainiako Gobernutik egotzi eta Espainiako Kongresuan gehiengo berria eratu ostean. «Gehiengo horrek ekar diezaioke irtenbide politiko bat egoerari, baldin eta akordiorako borondatea badago», esan du.

EAJk, CiUk eta BNGk 1998an sinatutako Bartzelonako Akordioa gogora ekarri du Urkulluk, eta esan du han adierazitakoak indarrean daudela hogei urte geroago ere, batez ere, Espainiako Estatuaren «nazio aniztasuna» aitortzeari dagozkionak. Galdeketa «legezko eta adostuak» egiteko aukeraren alde egin du.

Torra ere elkarrizketaren alde agertu da, baina ohartarazi du haien helburua «independentzia» dela oraindik ere, eta elkarrizketari dagokionez Pedro Sanchezen gobernuaren jarrera ez dela desberdintzen Rajoyrenak zeukan jarreratik. «Bilera bat nahi dugu Espainiako Gobernuarekin, gobernutik gobernura, Kataluniako gizarteak mahai gainean jarritako gaiei heltzeko», esan du, baina gogoratu du proposamen hori egin ziola Sanchezi azken aldiz elkartu zirenean eta «hilabeteak» daramatzala erantzun baten zain.

Kataluniako presidenteak adierazi duenez, jakitun da bere herrialdearen eta Euskal Herriaren «erritmoak» ez direla «berdin-berdinak». Hala ere, eta erritmoak erritmo, ez du dudarik egin bi nazioen azken helmuga «askatasuna» dena.

Kataluniako presoak ere hizpide izan dituzte bi gobernuburuek. Torrak gonbidapena egin dio Urkulluri presoak bisitatzeko, baita horrek gonbidapena onartu ere, joan den abuztuan Oriol Junqueras bisitatzen egon zela gogorarazteaz batera. «Elkartasuna» adierazi die «preso dauden ordezkari politiko, instituzional eta sozial guztiei», eta haiek guztiak askatzeko eskatu du: «Behin-behineko espetxeratzeak ez du inolako zentzurik, ez gizatasunaren ikuspegitik, ezta politikoki ere», adierazi du.

Eskumenez, akordiorik ez

Urkulluk «elkarrizketa politiko eta instituzionala» goraipatu baino apur bat lehenago iritsi da albistea: Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkariek bilera egin dute, eskualdatzeko gelditzen diren eskumenen inguruan, eta batzarra akordiorik gabe bukatu da.

Ustez «errazenak» eta desadostasunik txikienak biltzen dituzten eskumenak aztertu ditu bi aldeek osatutako batzorde teknikoak: Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo arteko trenbideen kudeaketa eta AP-1 autobidearen Arabako zatia, hain zuzen. Ez dute akordiorik lortu, nahiz eta, Espainiako Gobernuaren iritziz, «mamian» ados egon eta zerbitzuen kontuan «alde batzuk» besterik ez izan.

Prozesurako giltzarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.