Muga gehiago kalamu taldeei

Irizpidea aldaturik, osasun publikoaren aurkako delitua egotzi die Espainiako Auzitegi Gorenak Bizkaiko Ebers kalamu elkarteko bost kideri. Epaiaren zain daude bostak.

Antsoaingo kalamu elkarte bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Irizpidea aldatu du Espainiako Auzitegi Gorenak: Bizkaiko Ebers kalamu elkarteko bost arduradun zigortu ditu, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. Joan den astean hartu zuen erabakia. Gorenak aintzat hartu du fiskaltzak Bizkaiko Auzitegiaren epaiari jarritako helegitea, auzitegi hark elkarteko kideak absolbitu egin baitzituen. Bizkaiko Auzitegiak Gorenaren doktrina bat hartu zuen kontuan epai hartan: autokontsumoaren doktrina. Auzitegi Gorenak, ordea, irizpidea aldatu du: argudiatu du marihuana elkarteen egiturak eta funtzionamenduak ez dutela bat egiten autokontsumo partekatuaren doktrinarekin.

Espainiako Auzitegi Gorenak elkarteko bost zuzendariak zigortzeko erabakia hartu badu ere, epaia oraindik ez dago idatzita. «Sententzia hau martxoan espero zen; uztailean gaude, eta epaia idatzi gabe dago oraindik. Argi dago kalamuaren inguruko eztabaida Auzitegi Gorenera iritsi dela». Hala baieztatu du Martin Barriuso kalamuaren erabiltzaileen elkarteko presidente ohiak: «Oraingoz sektore atzerakoienak irabazi badu ere, hau ez da amaitu; oraindik hainbat erabaki har daitezke: probintzia auzitegiak, Auzitegi Konstituzionala eta Estrasburgo ere hor daude». Ramon Morcillo Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoaren buruak Espainiako Estatuko «botereen banaketa falta» kritikatu du, Auzitegi Gorenak gobernuaren tesiei «men» egiten dielakoan.

Espainiako Auzitegi Gorenak, kalamu elkartearen jarduna osasun publikoaren aurkako delitutzat jo badu ere, uko egin die akusazioaren beste bi eskaerei: elkartea legez kanpokotzat eta talde kriminaltzat jotzeari. Horrek kontraesanak sor ditzake, Barriusoren esanetan: «Ebersen estatutuetan, argi eta garbi esaten da elkartean marihuana landatzen dela. Estatutuetan agertzen dena legezkoa bada, nola izan daiteke delitu estatutu horiek garatzea?».

Epaia oraindik eman ez denez, kalamu elkarteetako bi erabiltzaileak tentuz mintzatu diraekar ditzakeen ondorioez: «Zenbait jendek aurrera jarraituko du, egiten duguna zilegi dela uste duelako; beste elkarte batzuk atzera botako dituen arren», uste du Morcillok. Barriusok, berriz, ez du uste «epe laburrean» ondoriorik jasan beharko dutenik: «Elkarte kanabiko bat sortzea legala den bitartean, ezin dira guztiak bat-batean itxi; Poliziak elkartez elkarte joan beharko du bakoitzean azterketa sakon bat egitera, eta horrek denbora eta diru asko eskatzen du». Baina biak irmo azaldu dira auzitegiaren erabaki «atzerakoiaren» inguruan, «borrokarekin jarraitzeko prest», kalamu elkarteen eskubideen alde.

Legearen linboan

Kalamu elkarteek ez dute araudi zehatzik. Azken urteetan elkarte horiek erregulatzeko araudi baten alde ahaleginak izan diren arren, ez dute aurrera egiterik lortu. Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoak proposatu zuen lege aitzindari bat, eta parlamentuak onartu, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen maiatzean, eskumenak urratzen zituelakoan.

Barriusok egoera horrek dakarren arazoa azpimarratu du: «Legea garbia ez denez, ez dakigu noiz ari garen legearen barruan, eta noiz ez. Marra gorria non dagoen jakin nahi dugu, oraingoan bezala ustekabean ez harrapatzeko».

Uztailaren 1ean indarrean sartu zen Herritarren Segurtasunerako Legeak —mozal legea izenarekin da ezaguna— marihuanaren jabetzari egiten dio erreferentzia: legez kanpokotzat jotzen du kaletik ikus daitezkeen tokietan kalamu landareak edukitzea, nahiz eta autokontsumorako izan. Beraz, ekintza bera jendaurretik ezkutatuz eginez gero, ez luke isunik; bistan eginez gero, ordea, bai.

Morcilloren ustez, PP «haizeari ateak jarri nahian» dabil. «Alferrik, ordea». Herritarrak azken urteetan «beldurra galduz» eta «espazio publikoak okupatuz» joan direla uste du: «Estatua horren beldur da, baina galdua du bataila: iritzi publikoa gure alde dago». Mozal legea salatu du: «Balkoian kalamua edukitzea legez kanpokoa dela zioen tesi judizialik ere ez zegoen, eta, hala ere, horretan tematu dira».

Bi kontsumitzaileak bat datoz: Espainiako Gobernuak marihuana elkarteak «kriminalizatzea» nahi duela eta «behin eta berriz» errealitateari eta herriari «bizkarra ematen» ari direla uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.