Ander Okamika. Triatleta

«Oso lasterketa ona egitea litzateke lehen hiruren artean sailkatzea»

NEREA BEDIALAUNETA ALKORTA.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ander Okamika (Lekeitio, Bizkaia, 1993) lehendabiziko aldiz ariko da Zarauzko Triatloian. Alabaina, daraman bolada onak faboritoen artean kokatu du lekeitiarra, eta podiumean sartzea «oso lasterketa ona» egitea litzatekeela aitortu du. Halere, emaitzaz harago, gustura legoke bere lana ondo eginez gero.

Sasoi onean iritsi al zara Zarauzko Triatloira?

Egia esan, nahiko ondo iritsi naizela uste dut. Hilabete lehiatugabe egon naiz, ekaineko lasterketei begira entrenatzeko. Sasoi onean heldu naizela uste dut.

Zure helburu nagusietako bat al da?

Ekainean amaituko dugu denboraldiaren lehen zatia, eta Zarauzko Triatloia eta hiru aste barru Espainiako Distantzia Luzeko Triatloi Txapelketa dugu Salamancan (Espainia). Bi horiek dira lehen zati honetako helburu nagusiak.

Lehen postuetarako lehia handia aurreikusten al duzu?

Bai. Dagoen mailarengatik, batez ere. Eneko Llanos hor dago, faborito nagusi modura. Beraz gain, kanpoko jendea ere badator, eta Euskal Herriko triatleta onenak ere irteera lerroan egongo dira. Maila handia egongo da.

Nolako lana eginda geratuko zinateke gustura?

Lehenik eta behin, nire lasterketa ondo egin nahi dut; nire zenbakiak atera. Gero, postuari begira jarrita, niretzat oso lasterketa ona egitea lehen hiru postuetan sailkatzea litzateke. Lehen esan dudan moduan, oso zaila egongo da, baina nik ez dut aukera hori baztertzen.

Zer berezitasun ditu lasterketa honek?

Lehen aldia dut bertan, baina aurreko egunetan ibili naiz zirkuitua ikusten. Igeriko zatiak ez du misterio askorik. Getariatik irten eta Zarautzera joatea da. Halere, buiarik ez dago, eta erreferentziak hartzerik ez da egongo. Gero, ea zer itsaso dugun; niri berdin zait, Lekeition itsasoan igeri egitera ohituta nagoelako. Olatuek-eta ez naute asko ikaratzen. Bizikletan, berriz, lehen 60 kilometroak nahi lauak dira, Meagas kenduta. Azken 25 kilometroetan motelduko da abiadura.

Itsasoaren baldintzek aurkariei eragin diezaiekete?

Baliteke. Ez dut ikusi itsasoaren iragarpena, baina pentsatzen dut ohituta ez daudenei kalte egin ahal diezaiekeela itsasoa apur bat mugitzeak, erreferentzia faltarengatik.

Gaur zortzi Lekeitioko triatloia jokatuko da. Han ariko zara?

Bai. Zarautz eta Salamanca prestatu ditut, baina Lekeition izanda, nahiz eta helburutzat ez eduki, parte hartuko dut, eta saiatuko naiz hor ere ahalik eta lanik onena egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.