ETB Nafarroan ikus dadin bi irtenbide proposatuko dizkiote Madrili

U.U. -

2016ko ekainak 9
Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuari irrati-maiztasun espektroa zabaltzeko eskatuko dio, ETB lurreko telebista digitalaren bidez foru erkidegoan ikus dadin. Hala onartu zuen atzoko bilkuran Uxue Barkos presidente duen gobernuak. Hori gauzatzeko, bi irtenbide proposatu dizkio gobernuak Madrili: autonomia erkidegoko seinalea duen bigarren multiplex bat ematea edo Nafarroari emandako autonomia erkidegoko multiplex digitalean sei kanal jartzea.

Nafarroak autonomia mailako multiplex bat du. Definizio estandarreko lau programek eta tokiko bost multiplek okupatzen dute dagoeneko —tokikoen artean Tafallakoa eta Iruñekoa daude beteta gaur egun—. Multiplexetan dauden operadore guztiak ekimen pribatukoak dira —lehiaketa bidez lortu zituzten lizentziak—. Egoera horrek, Nafarroako Gobernuaren arabera, «ezinezkoa bihurtzen du ia» EITBren zerbitzuak Nafarroa guztian zabaltzea.

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollok adierazi du dagoen multiplexean sei kanal jartzea irtenbide merkeagoa dela. «Gainera, kateek orain baino gutxiago ordaindu beharko lukete, multiplexa partekatuko luketelako». Ohartarazi du ez dagoela datarik erantzuna jasotzeko, hauteskundeak tartean direlako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna