Kalte-ordaina ukatu die Auzitegi Nazionalak berak ETArekin lotutako biktimei

Atzera bota ditu Joxan Lasaren eta Josu Muguruzaren familien eskaerak.Loturak frogatzeko sententziarik ez dela behar arrazoitu dute epaileek

Lasa eta Zabalari 2013an egindako omenaldia, Tolosan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2015eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Indarkeriazko delituak egiten dituen erakunde bateko kide» diren biktimei kalte-ordainik ez ematea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hala, berretsi egin du Espainiako Barne Ministerioak gerra zikinaren 40tik gora biktimekin agertutako jarrera:«terrorismoaren biktimatzat» aitortuta ere, ez die onartu kalte-ordaina jasotzeko eskubidea. Atzo kaleratu zituen Auzitegi Nazionalak hiru kasutako sententziak: Joxan Lasaren eta Josu Muguruzaren senideen helegiteak atzera bota ditu, eta Angel Etxanizen familiarena onartu.

«Terrorismoaren biktimei» kalte-ordainak emateko azken diru saila ateratzearekin batera, Biktimen Legea aldatu zuen Espainiako Gobernuak, 2012an. Hainbat baldintza sartu zituen,Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmenari helduta, garai hartan Barne Ministeriotik azaldu zuten bezala, «ETAren inguruko» biktimei dirurik ez emateko.

Joxan Lasaren kasuan —Joxi Zabalarekin batera, 1983an bahitu, torturatu eta hil zuen GALek—, epaileek frogatutzat jo dute ETAko kide zela. Espainiako Poliziak egindako txostenetan oinarritu da horretarako; besteak beste, garai hartan atxilotutakoen inkomunikazio aldiko testigantzak erabilita. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko epaileek azaldu dutenez, nahikoa dute «ikerketako datu objektiboekin»; kidetza frogatzen duen epairik ez dute behar.

ETAko kidetzat jo dute Josu Muguruza ere —1989an hil zuten tiroz, Madrilgo Alcala hotelean, HBren izenean diputatu akta hartu ondoren—. Haren «eginbehar eta funtzioak» bere gain hartzen zituela diote epaileek, iazko txosten batean Espainiako Estatuaren abokatuak esan bezala.

Jaurlaritza eta Sortu, aurka

Angel Etxanizen senideei, aldiz, onartu egin diete helegitea. 1980an hil zuten Etxaniz, BVE eta Triple A taldeei egotzitako atentatuan. Guardia Zibilak ETAko kidetzat jo zuen hasierako txostenetan, baina gero ez zuten halakorik aipatu. HBko, KASeko eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide eta Egin egunkariko sortzaileetakoa zela oroitarazi dute epaileek. ETArekin ez lotzeko arrazoietako bat izan da, garai hartan, HB eta KAS oraindik ez zeudela legez kanporatuta.

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando ebazpen horien aurka azaldu zen, senideak «modu injustuan» zigortzen dituztela iritzita. Iaz, kasu horien inguruko txosten bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuaren jarrera «konstituzionaltasun ikuspuntutik zalantzazkoa» zela eta «prebarikazio administratibotik gertu» zegoela salatu zuten.

Sortuk ere «oso larritzat» jo du erabakia, eta salatu du «estatu-terrorismoaren biktimak isilarazi» nahi dituztela: «Sententziek justifikatu egiten dute pertsona bat epaiz kanpo betearazi ahal izatea, subjektiboki delituzko jarduerekin zerikusirik badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.